Eskualdeko alkateek otsailaren 15ean Tolosan “Osasun eskubidea, publikoa eta kalitatezkoa” lemapean egingo den manifestaziora joateko deia luzatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 30a, 11:21

Tolosaldea eremua bezala ezagutzen den eskualdeko alkateek agerraldia egin zuten atzo Andoainen, Osasun zerbitzu publikoaren alde. Tartean ziren Andoain, Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Larraulgo alkateak. Manifestazioaren aurretik bi hizaldi antolatuko dituzte eskualdean, otsailaren 4an Villabonan eta 12an Andoainen.

Alkateen agerraldia:

“2011ko azaroan Inviza (Asunción klinikaren jabea) eta Osasun sailaren artean hitzarmen bat sinatu zuten Tolosalderako. Honen arabera, espezialitate guztiak anbulatorioetatik Klinikara pasako lirateke eta eskualdeko erreferentziazko ospitale bakarra Asunción Klinika izango litzateke, Donostia ospitalera zuzenean joateko aukera galduz. Hau da, konzertazio egoera batetik (elkarlan publiko/pribatua), pribatizazio osorako pausua emango litzateke.

Hori horrela, Osasun eskualdea osatzen dugun 31 udalek mozio bat onartu dugu, honako eskakizunak eginez: hitzarmen aurreko egoerara bueltatzea (espezialdidadeak anbulatorioetara ekarriz eta bi erreferentzizko ospitale izatera itzuliz: Asunción eta Donosita ospitalea), eta Asunción publiko bihurtzeko bidean jarriko duen mahai bat osatzea.

Askotan entzun ohi dugu, pribatuak publikoa osagarritzen duela. Tolosaldeko kasuan hau esatea gezur hutsa da, hitzarmenean planteatzen dena pribatuak zerbitzu publikoa ordeztea baita. Eta noski, argi geratzen da hitzarmenaren helburuak pribatizazioa eta Invizaren irabazi ekonomikoak direla eta ez ahal den zerbitzu onena eskaintzea.

Osasun saila Tolosaldeko herritar guztien ahotsa gutxiesten ari dela uste dugu. Gure herritarron osasun arreta kalitatezkoa izango bada, zerbitzu publiko bat ezinbestekoa dela sinesten dugu eta berau lortzeko bidean jarraituko dugu. Gure herritarren osasuna ez delako negozioa eta instituzioen lana kalitatezko zerbitzuak bermatzea delako.

Gure arduraz jabetuta, alkateok gure kezka plazaratu genuen egoera honekin Tolosaldeko osasun arreta okerragoa izango zela pentsatzeko zantzuak bagenituelako. Gaur egun, jakina da 2011ko azarotik hona, osasun arretak nabarmen egin duela okerrera. Espezialista titulu gabekoak tituludun lanak egiten, itxaron zerrenda luzeagoak, Donostia ospitalerako erreferentzialtasuna galtzea, mediku jubilatuak lanean etab luze bat dira horren adibide.

Are gehiago, osasun zerbitzuaren kalitateak jaitsiera handiagoa izan ez badu, Asunción Klinikako langileen ardura eta erantzukizunagatik izan dela esango genuke, beren profesionaltasunarekin, Inviza enpresaren baliabide falta (pertsonalean eta lan baldintzetan murrizketak) eta irabazi asmoaren kalteak leundu dituztelako.

Hau guztiagatik, eskualdeko alkateok otsailaren 15ean eguerdiko 12etan Tolosako Triangulon “Osasun eskubidea, publikoa eta kalitatezkoa” lemapean egingo den manifestaziora joateko deia egin nahi diegu herritarroi. Gainera, azken aldian gai honen inguruan dauden mezu kontrajarriak argitzeko, hainbat hitzaldi informatibo antolatu ditugu Tolosaldeako lau herritan, gai honen inguruan eskura ditugun datuak eta informazioa emango delarik.

Otsailak 4: Villabonako Subijana etxean. 19:00tan.

Otsailak 12: Andoaingo Urigain kultur etxean. 19:00tan.

Idatzi hau izenpetzen dugun alkateok honako Udalerrien ordezkari gara:

Andoain, Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna, Larraul, Anoeta, Orexa, Tolosa, Ibarra, Hernialde, Berastegi, Alegi, Bidania-Goiatz, Alkiza, Beizama, Altzo, Amezketa, Berrobi, Elduain, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu, Lizartza, Orendain, Anoeta, Belauntza, Baliarrain eta Albiztur”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!