Ana Carrere: "Iberdrolako arduradunei bilera egitea eskatuko diogu, eta baita Andoaingo azpiegitura aztertzea ere"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 26a, 11:50

Ana Carrere alkateak larunbat arratsaldeko itzalaldiaren inguruko adierazpenak eskaini dizkio Aiurriri. Datu harrigarriak eta argigarriak eskaini ditu, “Andoaingo 2.200 abonatu Iberdrolaren matxura pairatu zuten arratsaldetik gauerdira arte. Horietatik 600 abonatuk, arratsaldeko 18:30etatik gauerdira arte, argirik gabe izan ziren”.

Kronologia, jarraian:  |  Matxuraren arrazoiak:

Kronologia:

18:15
Larunbat arratsaldean, 18:15ak aldera, Aduna-Andoain mugan dagoen Iberdrolako transformagailu bat urez bete eta lehertu egin zen. Horren ondorioz argindarra joan zen herriaren zati handi batean: Zumea plaza eta kalea, Etxeberrieta, Karrika, Olagain. Denera 2.200 abonatu kaltetu ziren.

Udaltzainek bozrgorailu bidez adierazi zutenez, argindarra ez zen 20:30ak arte itzuliko.

 

19:30
Argindarra berriro martxan jarri zuten, baina Olagain aldeko 600 abonatuk argindarrik gabe jarraitzen zuten. Iberdrolako teknikariak matxuraren bila zebiltzala, aurkitu ezinik zebiltzan. Andoain osoan argindarra kentzea erabaki zuten, matxura non dagoen errazago topatze aldera. Argindarra kendu eta piztu eragiketa horretan Olagaingo azpiestazioan matxura berria sortu zen.

 

20:30
Argindarra berrezarri zen argirik gabe zeuden 1.600 abonatuengana. Gainerako 600 abonatuek, Olagain aldekoek, argirik gabe jarraitu zuten.

 

00:00
Iberdrolakoek martxurak konpondu eta argia berrezarri zuten herrigune osoan.

 

Matxuraren arrazoiak
Euriteek eragina izan zuten Adunan Iberdrolak duen argindar gunean, zehazki, Andoain aldera argindarra ematen duen transformagailuan. Duela hilabete eta erdi, ordea, beste itzalaldi luzea izan zen. Hori dela eta pentsa daiteke Iberdrolak Andoainen duen azpiegitura zaharkitua dela.

Udalak bilera eskatu du Iberdrolarekin
Ana Carrere alkateak adierazi zuenez Iberdrolak uneoro informazioa helarazi zion Udalari. Andoaingo alkateak, ordea, argibideak eskatuko dituela adierazi dio Aiurriri: “Bilera eskatuko diogu azken aldiko matxuren arrazoia zein izan den argitzeko. Eta bide batez Andoainera argindarra dakarren azpiegitura osoaren errebisioa egitea eskatuko dugu. Andoaingo 2.200 abonatu argindarrik gabe geratu ziren, horietatik 600 arratsaldetik gauerdira arte”.

Duela hilabete eta erdi ere, ia bi orduz luzatu zen matxura bat izan zen Andoaingo herrigunean. Matxura gehiegi hain denbora tarte txikian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!