“Potologuak antzezlana Villabonako Gurea antzokian estreinatu behar zen urtarrilaren 31n. Nagore Aranburuk, Egoitz Lasak eta Mikel Pagadik antzeztutako obrak bi emanaldi izango zituen egun berean, eta bertan izan behar zuen Euskal Herri osoko estreinaldia. Tamalez, Txintxeta antzerki taldeak aste honetan iragarri duenez, ezin izango dira Villabonako emanaldiak egin, antzerki taldeak berak izan dituen zenbait arazo direla medio. Villabonako Udaleko kultura sailak barkamena eskatu nahi die antzerkizale guztiei, berarekin zerikusirik ez duten arazo hauengatik, eta iragarri nahi du, era berean, ahaleginak egingo dituela antzezlan hori martxoan programatzeko”.