Parte hartze proiektuaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 24a, 11:00

Atzo iluntzean, Udal ordezkariek eta herriko elkarte-eragile ezberdinek abian jarri den parte hartze proiektua aurkeztu zuten Gurea antzokian. Galder Azkue alkateak Udal gobernuak lehen egunetik kultura politiko berri bat bultzatu nahi izan duela adierazi zuen, "herritarrengan oinarritutakoa":

Galder Azkue alkateak, parte hartzeko aurre-pausoa informatzea dela gaineratu zuen, baina Amasa-Villabonan herritarren hitzak botere gehiago behar duela, “hargatik, lehen egunean hartutako kultura politiko horretan pauso bat gehiago emango da, parte hartzea arautuko duen ordenantza hau idatzita”. Proiektu hau herritarren hitzaren bermea izango dela ere jakinarazi zuen, “etorkizunean Udal gobernuan dagoena dagoela, euren partaidetzari eutsiko diona. Hori da Udal gobernu honek ziurtatu nahi duena, etorkizunean parte hartzeak baliabideak izango dituela”. Ordenantza tresna bat baino ez izanik, herritarrei dei egin zien ordenantza horri erabilpena emateko.

Parte hartze proiektuaren ordezkari gisa, Fleming ikastetxeko irakasleak ere hartu zuen hitza aurkezpenean, “parte hartzea, herritar anitzen iritzi eta egitasmoen bateratzea dela pentsatzen dugu, elkarrizketaren bidez gauzatzen dena. Denon hitza bermatzea izango du helburu, eta denon hitzetik jaiotzea nahi dugu”. Eragile sozial, politiko kultural nahiz alderdi politikoak elkartuz, Amasa-Villabonan sekula hain modu anitzean batu ez direnez, Amasa-Villabonari bere etorkizuna eraikitzeko baliagarri izango zaion proiektua gauzatzea espero dutela azaldu zuen, “aurrera begira, herritarrek estrategikoak diren gaietan euren hitza eta erabakia izan dezaten”.

Ordenantza idaztea helburu duten bileretan ondoko kideek hartuko dute parte:

Alderdiak: EH Bildu (sustatzailea), EAJ eta PSE-EE

Orain arteko bileretarako izena eman duten eragile eta elkarteak: Oinkari dantza taldea, Aritza kultur elkartea, Amasako Martina kultur elkartea, Harituz bertsozaleen elkargunea, Onddo gazte asanblada, Remi gogoan ekimena, Euskal Herrian Euskaraz, Bai Euskal Herriari, Jesusen Bihotza parrokia, Uxo Toki elkartea, Irrintzi elkartea, Behar Zana elkartea, Iratzar elkartea, Behar Zana pilota eskola, Billabona FKE, Aizkardi mendi elkartea, Arratzain irristaketa taldea, Izorra Hadi dultzainero taldea, Erniobea guraso elkartea, Fleming ikastetxea, Etxerat, Gure Esku Dago herri ekimena.

Hainbat herritar: Proiektua norbanakoentzat ere irekita dagoenez, herritarrek izena eman dezakete bileretarako: komunikazioa@villabona.net.

Aholkularitza: Denis Elortza aholkularia.

Bilerak

Urtarrilak 28, asteartea. 19:00etan Subijana etxean.

Otsailak 11, asteartea. 19:00etan Subijana etxean.

Otsailak 25, asteartea. 19:00etan Subijana etxean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!