Artelanak osatu ditu Adarra mendia gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 24a, 10:31

Aitor Ruiz de Egino Hernaniko eskulturgileak 19 eskultura eta 56 kuadro -tamaina txikikoak zein handikoak- jarri ditu ikusgai Basteroko erakusketa gelan.
Adarra eta Onddi mendietako parajeetan inspirazioa aurkitu eta gero, aluminio galdatua lantzen du Ruiz de Eguinok, batik bat. Erakusketa otsailaren 28a bitarte egongo da irekita.

Aurkeztuko al zeniguke zeure burua, lehenengo eta behin?
Aitor Ruiz de Egino: Nik, berez, enpresaritza ikasi nuen, eta hori da nire ogibidea. Orain sei bat urte, ordea, sormenaren munduan murgiltzea erabaki nuen. Ez nintzen hutsetik hasi, baina. Txiki-txikitatik eduki dut marrazkiak egiteko joera, eta bestalde, orain hogei bat urte Hernaniko kultur etxean zeramikarekin hasitako bidea berreskuratu egin nuen.
Azken urteotan, garatzen joan naiz artearekiko zaletasuna eta sena. Basteron jarri dudan erakusketan, prozesu pertsonal honen azken emaitzak ikus daitezke.

Erakusketara hurbiltzen denak, zer ikusi ahal izango du, beraz?
A.R.: Printzipioz, aluminioaren materiala oinarri duten artelanak izango dira. Eskulturetan ez dago ez harririk, ezta ere brontzerik. Bestalde, kuadroak aluminiozko xaflan egin ditut; bertako txatarreroak gordetzen dit materiala. Sormen prozesu guztia, Hernaniko Zikuñaga auzoko tailerrean burutu dut.

Zer du apartekoa aluminioak?
A.R.: Sormen lanean hasi nintzenean, harria eta burnia jorratzen nituen. Polita da material horien lanketa prozesua, baina traba ugari planteatzen dizkizute ikuspegi praktikotik; batez ere pisu handia dutelako. Egin kontu, aluminioan ez baizik eta burnian landutako banituzke nire artelanak, hiru aldiz gehiago pisatuko lukete. Alde batetik bestera mugitzea errazten dizu aluminioak.
Bestalde, aluminioaren eta neure artean amodio istorio bat ere badagoela esango nuke. Egundoko jokoa ematen didan materiala baita!

Itxura batean, koherentzia batean sartzen diren formak sumatzen zaizkie bai eskulturuei, baita kuadroei ere…
A.R.: Eboluzio pertsonal baten emaitza direla esango nuke. Hasiera batean, piezak txikiagoak, astunagoak egiten nituen. Denboraren poderioz, baina, teknika lantzen joan naiz, estilo propioa garatzen, eta batez ere, sormena aske uzten ikasi dut. Horrela, hutsuneak, eta pertsonen eta naturako elementuen (gailurrak, zuhaitzak, betizuak….) formak errepresentatzen saiatzen naiz. Formak badu bere garrantzia, baina hala ere, pertsonen gorputz-atalen (buruak, besoak, hankak…) eta naturako zenbait elementuen artean gertatzen den uztarketa da niretzat funtsezkoa; formak, uztarketa horren menpe jartzen ditut.

Adarra eta Onddi mendiek inspiratzen zaituztela aitortu izan duzu maiz…
A.R.: Gipuzkoa nahiko ondo ezagutzen dut, eta esan dezaket herri bakoitzak bere espazio fisiko propioa, berezia daukala. Batzuk itsasoarekin lotzen dira. Nire tailerra Hernanin kokatzen da, eta han nagoela, ezinbestean, Onddi eta Adarrako gailurretara joaten zaizkit begiak.
Gogoan dut 23 urterekin nola joan nintzen Australiara; Hernaniko lagun bati bisita egin nion, eta hark zera galdetu zidan leihoa irekita: “ez al diozu berezitasunik ikusten 50 metro dituen hor aurreko mendixka horri? Bada, Adarra mendiaren tankera daukala”, erantzun zidan berak. Mutu geratu nintzen, baina zer pentsatua eman zidala itzuli nintzen etxera. Egia esan, nork bere paisaje naturala dauka inguruan eta horrek nortasuna eta sormena markatzen dio. Ia modu inkontzientean bada ere.

Nondik dator erakusketak daraman Tururu! izenburua?
A.R.: Etxeko haurrarekin beti ibiltzen naiz ganberro samar. Hitzekin asmaketak egiten ditugu jolasean. Gogokoa dut ironia, eta joera hori eramaten saiatzen naiz nire artelanetara. Arte ederrak ikasketak ikasi gabekoa naiz, eta sormena modu transgresorean eta ez ortodoxoan ulertzen dut.   

Zer esango zenioke irakurleari, erakusketara bertara dadin?
A.R.: Egia esan, Basteron jarri izan diren erakusketa ugarik planteamendu abanguardista eduki dutela iruditzen zait. Nire estiloa lokalagoa dela esango nuke. Hemengo natura eta hemengo industriaren uztarketaren islada izan nahi duen obra da proposatzen dudana. Harridura sor dezakete agian eskulturek eta margolanek, baina arretaz begiratuz gero gauza interesgarriak topa ditzake edonork bertan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!