Udaleko gizarte zerbitzuen eta kultura lansailek elkarrekin hirugarren urtez jarraian “emakumeen itzalpeko lana argitara ateratzeko ekitaldia” antolatu dute. Martxoaren 8an herrian barrena egiten den kalejiran emakumezkoak gogoan izango dituzte, oro har; kalejira horren lekukoa urtero nabarmendutako pertsona eta elkarteetako ordezkariek eramango dutelarik.
Aurten ere andoaindar guztiek proposamenak egiteko aukera izango dute. Proposamenak egin eta aurkezteko buzoiak jarriko dituzte Bastero kulturgunean, Allurralde kiroldegian eta Ataria herritarren arreta zerbitzu berrian. Proposamenak otsailaren 2a baino lehen egin behar dira.
Izena edo elkartea propostzearekin batera, zergatia edo arrazoiak zehaztea eskatu dute antolatzaileek. Behin proposamenak aurkeztuta Udalak herritarrekin, elkarteekin eta ordezkari politikoekin bilera bat deituko du jasotako proposamen guztiak aztertzeko, eta azken erabakia hartzeko. Bilera hori otsailaren 6rako deitu dute Urigainen, iluntzeko 19:00etan hasiko dena.
MARTXOAREN 8KO OSPAKIZUNAK
Martxoaren 8a izango da aste osoan zehar luzatuko den programazioaren abiapuntua. Aurreko asteburuan Inauteria ospatuko denez, aurtengo martxoaren 8aren inguruko jarduerak martxoaren 8tik 14ra burutuko dira.