Asmazank, andoaindar ekintzaileen emaitza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 23a, 15:17

Krisi ekonomiko ilunaren baitan egonagatik, ekintzaileak eta ausartak direla erakutsi dute Beñat Altuna eta Aritz Rekalde andoaindarrek, Asmazank marka abian jarriz.

Iazko udaberri-uda artean Asmazank marka sortu eta, haur nahiz helduei zuzenduta, hainbat produktu kalean dute dagoeneko: sudaderak, kamisetak nahiz bestelako osagarriak. Beñat langabezian eta Aritz oporretan zeudela aprobetxatuz, bidaia egin zuten iaz elkarrekin bizikleta hartuta. “Txirrindularitza gustuko dugu eta lehen ere bizikletan ibiltzeko mailotak diseinatu izan genituen gure kontura. Bidaia horretan, ordea, mailotez gain, marka berria sortu eta gure diseinuekin gerritik gorako jantziak kaleratzea bururatu zitzaigun”. Pentsatu eta egin. Maiatzean euren asmoa garatzen hasi zirenetik lanean jardun dute etengabe, “ideia bururatu, martxan jarri eta geroztik Asmazank ekimenean buru-belarri lanean ari gara, geratu gabe”. Lehenik  eta behin izena eta logotipoa erabaki zituzten, “beste hainbat izenen artean Asmazank  aukeratu genuen. Neska nahiz mutil, gure publiko osoa bere baitan hartzen duelako izen egokia iruditu zitzaigun eta jendearen arreta piztu zuen gainera”, azaldu dute elkarrizketatuek. Asmazank izena osorik edota izenaren indargunea den NK marka erabiltzen dituzte sudadera nahiz kamisetak izenpetzeko. Badute leloa ere: `Pausoz pauso, ametsak errotuz’. Gainera, orain artean beste bi diseinu ere landu dituzte kamisetetan, motor eta kamera banaren irudiekin.

Norbanako nahiz taldeentzat
Oro har, norbanakoentzako jantziak diseinatzen dituzten arren, taldeei zuzenduta ere aritzen dira lanean. Orain artean, besteak beste, musika talde edota pilota eskolarekin egin dute lan. Ekimeneko sortzaileak zabalik daude, beraz, talde mailan irits dakizkiekeen proposamenetara; izan kuadrila, izan txaranga… “Kasu horietan bilera egiten dugu taldekideekin. Haien ideiak ezagutu eta gure proposamenak gehitu ondoren jartzen dugu martxan adostutakoa”. Euren eskaintzen artean, bizikletan ibiltzeko mailotek harrera beroa izan dute eta, ondorioz, negurako aukera berria eskaintzea erabaki dute, “lehen kulot motzak soilik genituen, baina bezeroek negurako luzeak ere eskatzen zizkigutenez, aurrekoez gain, barrutik polarrezkoak diren kulot bero-beroak ere eskaintzen ditugu orain”.
Oso-osorik, bi lagunen artean bideratzen dute Asmazank etxearen ekoizpen lana. “Guk egiten ditugu diseinuak, guk aukeratzen dugu materiala: kolorea, kalitatea… Makinako lana kenduta, bion artean egiten dugu ekoizpen lan guztia. Hori bai, beste hainbat marka ezagunekin lan egiten duen koordinatzaileak laguntzen gaitu. Sudaderetako bordatuak, berriz, Andoaingo Keinu dendan egiten dizkigute. Herritarrak izanik, elkarlana bultzatzen ahalegintzen gara”, azaldu dute.

Herritarrei eskerrak
Euren produktuak eskuratzeko bide ezberdinak dituzte: Andoaingo Kale Nagusia 12an duten denda (astegunetan 17:00-20:00 / larunbatetan 10:00-13:30), www.asmazank.com webgunea eta beste hainbat denda ezagun, “gure produktuak Andoainen bakarrik eskaintzea hankamotz geratzea iruditzen zitzaigunez, Tolosako Aralar eta Hernaniko Ibai Mendi dendetan ere eskuratzeko aukera zabaldu genuen. Etorkizunera begira, Gipuzkoako beste hainbat herri nagusitan nahiz Bizkaian sartzea gustatuko litzaiguke”.
Krisi egoerari aurre eginez jarri zuten martxan ekimena, “ezin da saiatu gabe geratu, aurrera egin behar da. Egunetik egunera lan gehiago daukagu eta momentuz gustura gaude. Gabonetan, esaterako, ondo erantzun du jendeak. Kanpoko denda handietara joan beharrean, herrian bertan erosteko aukera egin du askok eta eskertzekoa da hori, oraindik guztiz ezaguna ez den marka delako gurea”. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiete dendako nagusi nahiz herritarrei, denda zabaldutakoan eskainitako babesagatik, “argi genuen herri giroa piztuz, Kale Nagusian zabaldu nahi genuela denda. Instituzioek ekimen berriak bultzatzeko laguntzak eskainiko dituztela dioten arren, burokratikoki trabak besterik ez dituzte jartzen. Gure kasuan, herritarren aldetik jaso dugu instituzioetatik jaso ez dugun laguntza”, gehitu dute. Asmazank marka berria ezagutarazten jende ezaguna inplikatu delako ere pozik agertu dira: “kirolari ugarik edo hainbat bertsolarik bat egin dute Asmazank ekimenarekin. Goenkale telesailean ere agertu da gure arropa… Produktua gizarteratzeko jende ezagunaren atxikimendua oso garrantzitsua denez, aurrerantzean ere bide hori urratzen jarraitzeko asmoa dugu”.
2014 urterako diseinuak prestatuta dituzte dagoeneko eta udako eskaintzen artean, mauka motzeko edota tirazko kamiseten artean, berrikuntza modura, poloak ere tartekatu nahi dituzte aurtengoan. Bi lerro zehaztu dituzte; “iazko aukera mantendu nahi dugu batetik, hainbat diseinu berri tartekatuta. Eskaintza zabalagoa ere egin nahi dugu bestetik, oihal mota nahiz koloreei dagokienez jauzi eginez”.

Bezeroentzako eskaintza
Pare bat eskaintza erakargarri dute Asmazank etxeko kideek bezeroei begira, “batetik, Gabonen ondoren, %30 eta %20 arteko beherapena egingo dugu gure produktuetan udako eskaintza berria iritsi bitartean eta, bestalde, Asmazank dendan erosketa egiten duten bezeroei, merkealditik kanpo erabiltzeko %10eko beherapen txartela ematen diegu, hurrengo erosketan erabil dezaten”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!