Etxetek, beharra dutenei erantzun asmoz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 23a, 15:14

Duela urte eta erdi zabaldu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Etxetek zerbitzua Andoaingo Arantzibia plazan. Geroztik, bertan ari dira herritarrei begira lanean.

Hiru langile biltzen dira Andoaingo Arantzibia plazako Etxetek bulegoan: Josu Varela tekniko psikologikoa, Itziar Goya medikua eta Patxi Moraza administraria. Psikologo eta medikuaren artean, ezgaitasunen balorazioa egiten dute bertan. “Pertsonek fisikoki nahiz psikikoki dituzten zailtasunak gurea bezalako zentroetan neurtzen ditugu”, azaldu du Josu Varela psikologoak, “lehen minusbalia deitzen zitzaiona”, gehitu Itziar Goyak, egiten duten lana deskribatzerakoan. Argi bereizi dute eurek egiten duten lana ez dela ezintasun edo inkapazitate laborala neurtzea, “gure lana orokorragoa da: lanari nahiz eguneroko bizitzari lotutako ezintasuna neurtzen dugu hemen”.
Ezintasunak neurtzerakoan, hainbat pauso eman behar du artatzera etorri behar duenak: “Gizarte Zerbitzuen bidez edota, puntualki, Osasun Mentaleko Gizarte Zerbitzuen bidez ere bideratzen dituzte pertsonak gure bulegoetara. Hitzordurik gabe ezin da hona etorri. Aipatu Gizarte Zerbitzuek Foru Aldundira egiten dute eskaera eta datu horiek jasotakoan, geronek luzatzen dugu hitzordua”.

Laguntza ezberdinak
Gerturatutakoen ezintasuna neurtu eta gero, bakoitzaren egoeraren arabera, laguntza ezberdinak jaso ditzake pertsonak: aparkaleku txartelak, lan babestua, laguntza ekonomikoak… “Laguntza zuzena baino zeharkako laguntza jasotzen dute gerturatzen diren gehienek, baina kasuan kasu, laguntza zuzena jasotzea ere posible da: pensión no contributiva delakoa kobratzea, alegia, baldintza bereziak dituzten pertsonen kasuan”, azaldu dute.
Denetariko jendea etortzen da zentrora. Mediku eta psikologoaren hitzetan, krisi garaian bulegora gerturatzen den jende kopuruak gora egin du nabarmen. “Lana galdu duen jende ugari dago eta, normala denez, galera horrek psikologikoki espiral handian sartzea eragiten dio jende askori”.

Informeak beharrezko
Gipuzkoan zehar, bailaraka, zerbitzu bera eskaintzen duen bulego sarea zabala da: Legazpi, Irun, Eibar, Zarautz, Andoain eta Donostian, hain zuzen ere. Elkarrizketatuek zehaztu dutenez, “Donostiako bulegoa Foru Aldundiak berak bideratzen du zuzenean eta gainerako herrietako balorazio eta orientazio zentroak subkontrata enpresen bidez koordinatzen dira”. Zerbitzua herri ezberdinetan eskaintzea oso positibotzat jotzen dute Josu eta Itziarrek, “deszentralizazioarekin egin den apustua oso interesgarria izan da; modu horretan, epe eta denborei begira asko azkartu baita prozesua”. Astigarragatik Amezketa bitarteko herritarrei erantzuten diete Andoaingo Etxetek zerbitzuan, Beterri-Aiztondo nahiz Buruntzaldea eskualdeko biztanleak ere bere baitan hartuz. Gizarte eragileek edota hainbat kasutan medikuek bideratutako pazienteak soilik hartzen dituztela gogoratu dute elkarrizketatuek. “Hona ezin du, esaterako, bizkarrean mina duenak etorri, ondorioak balora ditzagun. Mina duenak medikutara joan behar du tratamendua jasotzera. Hemen minen ondorioak tratatzen dira”, jakinarazi du Itziarrek. Josuk, bestalde, euren balorazioa peritajean oinarritzen dela gehitu du, “gure balorazio teknikoa peritajea besterik ez da, informeetan oinarritzen baikara. Hitzordua duten pertsonekin bildu eta haiekin hitz egiten dugun arren, garrantzitsuena informeak ekartzea da. Balorazioa egiteko eskaera egiten duen pertsonak, bere txostenean informerik gehitzen ez badu, nekez iritsiko da gure bulegora. Prozesuaren lehenengo zatia Foru Aldundiak berak bideratzen du”.

Helbidea: Arantzibia plaza 2, behea.
Bulego ordutegia: Asteazken eta ostegunetan. 08:30-14:30.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!