Julen Urruzola, Antton Pebet txapelketako garaile

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 23a, 14:51

Hogeita hiru urteko pilotari asteasuarra maila bikainean dabil azken hilabete hauetan. Villabonako Antton Pebet txapelketako garaile izan zen Xabier Santxorekin batera.

Aurtengo Antton Pebet txapelketan parte hartzeko dei egin ziotenean, ezezkoa eman beharra izan zuen Julen Urruzola gazteak: “Urbieta herrikidea eta bioi, bikote gisa aritzeko dei egin ziguten, baina Getxon antolatutako pilota txapelketako finala jokatu behar nuen Villabonakoa hasten zen egun berean. Pena ematen zidan Getxokoa ez jokatzea, eta Antton Pebet txapelketari uko egin beharrean ikusi nuen nire burua”. Txapelketa martxan zela, ordea, parte hartzeko bigarren aukera etorri zitzaion Juleni: “Bikoteka jokatzen dugunean Xabier Santxorekin aritzen naiz normalean. Santxo beste pilotari batekin ari zen Antton Pebet txapelketan, baina hark ere utzi egin behar izan zuen, eta ni sartu nintzen ordezko gisa. Final-laurdenetan sartu ginen lehian Santxo eta biok”.

Herrikidearen aurka
Urmeneta eta Nublaren aurka jokatu zuten lehen partida: “Oso partida gogorra izan zen hura. Atzetik hasi ginen eta halaxe eman genuen partidaren zati handi bat. Azkenean, hala ere, irabaztea lortu genuen. Final-laurdenetan, Urbieta eta Iturriagaren aurka aritzea egokitu zitzaigun. Berez Urbietarekin bikotea osatuta aritu behar nuen txapelketan eta azkenean, elkarren kontra aritzea egokitu zitzaigun”.
Final-laurdenetakoa ere ez zen partida erraza izan. Hala azaldu du Julenek: “Bagenekien oso zaila izango zela. Urbieta oso maila onean ari da jokatzen eta Iturriagak ere txapela bat baino gehiago lortu du azken boladan. Haien aurka irabazteko, dena ondo egin beharra genuen. Ondo jokatzeaz gain, zorte pixka bat ere behar izaten da pilotan eta partida hartan, gure alde izan genuen. Uste baino errazago irabazi genuen”.

Final handia
Urtarrilaren 4an jokatu zuten txapelketako finala. “Hamar eta hiru aurreratu ginen. Bazirudien garaipen erosoa lortuko genuela, baina ez zen horrela izan. Hamaika eta hamar jarri ginen, atzetik. Urduritasuna gailendu zen pilotari guztiongan. Tantoak txandaka-txandaka egiten genituen bi bikoteek eta markagailuan ez zen alde handirik. Azkenean, 22 eta 20 irabaztea lortu genuen, eta oso gustura”. Pozik dago Julen txapelketan egindakoarekin: “Orokorrean oso txapelketa ona izan dela iruditzen zait. Emaitza estuak izan dira partida askotan eta ikusle kopurua ere polita izan da. Oso giro ona sortu da pilotalekuan eta hori asko eskertzen dugu pilotariok”.

Etxekoen babesa
Jarraitzaile finak ditu Julenek etxean. “Gurasoak partida gehienak ikustera etortzen dira. Amak sufritu egiten du partidak ikusten, baina hala ere, ez du hutsik egiten. Pilotarekiko zaletasun handia dago familian. Antton Pebet txapelketako finalean, gainera, beste familia arteko asko etorri zen; lehengusu, osaba-izeba, aitona… Poz handia hartu zuen aitonak gure garaipena ikusita eta horrek ere asko poztu ninduen”, azpimarratu du.

Usurbilgo taldean
Xabier Santxorekin jokatzen ditu partida gehienak. “Elkar ondo ezagutzen dugu dagoeneko. Hori ere abantaila handia izan zen Antton Pebet txapelketa jokatzeko garaian, lasaitasuna ematen dizulako. Biok Usurbilgo Pegazpe taldean ari gara eta oso maiz jokatzen dugu elkarrekin. Talde polita dugu Usurbilen; Santxo, Urbieta, Gorrotxategi, Errasti, Altuna, Quina... Entranemandu saioak ere gure artean antolatzen ditugu”.

Herriartekoa
Antton Pebeten ohorezkoa amaituta, beste hainbat txapelketatan murgiduta dabil orain Julen. “Euskadiko txapelketan ari gara, Llodiokoan ere final-erdietan iritsi gara, Elgoibarko festetan jokatuko dugu laster eta Malerrekako txapelketa ere hastear da. Denboraldiari begira jarrita, bestalde, ez dugu baztertzen Asteasu Herriarteko txapelketara itzultzea. Taldea badugu, eta gogoa ere bai”.
Ume-umetan hasi zen Julen Urruzola pilotan jolasten. Anaia entrenamenduetara joaten zenean, Julen pilotalekuaren atzealdean aritzen zen, bere kasara pilotan jolasten. “Gerora, aitak izugarri lagundu dit aurrera egiten. Asteasun eta Alkizan aritu nintzen eta orain, Usurbilen. Oso gustura ari naiz pilotan; ez dut inora iristeko aparteko presiorik eta gustura nabilen bitartean, aurrera jarraituko dut”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!