Larraulgo Olga Villa eta Aitor Atxegak Gernikako talde baten bidez jaso zuten Kamerungo egoeraren berri. Afrikako herrialde hartako jendea ezagutu eta bertara joateko aukera ere izan zuten. Bide horretatik sortu zen eskualdean garatutako elkartasun ekimena. “Azken urteotan, harremana izan dugu Kamerungo jendearekin. Hartu-eman hori bereziki estua izan da hango ospitale batean eta unibertsitatean lan egiten duen Njiengwe izeneko sendagilearekin. Tropikoetan ematen den anemia mota batean aditua da sendagile hau eta bere bidez ezagutu genituen hango ospitaleetan dituzten behar larriak”.
Bailara osora zabalduta
Premia egoera hori ikusita, laguntza eskatzeko deia zabaldu zuten Aiztondo bailarara: “Gure lagun eta ezagunen artean Kamerungo egoeraren berri zabaldu genuen. Anemia mota horrek heriotza eragiten die gaixo askori, ez dutelako ospitalera garaiz iritsi eta beharrezko tratamendua jasotzeko modurik. Njiengwe sendagileak, anbulantzia baten premia zutela azpimarratu zigun eta kontu-korronte zenbaki bat zabaldu genuen helburu hori buruan hartuta”.
Bailarako jendeak erantzun polita eman zuen. Hala azaldu du Aitorrek: “Larraul, Aduna, Asteasu, Zizurkil, Alkiza..., herri askotako jendeak sartu zuen dirua kontu-korronte horretan, bai partikular moduan, baita talde gisa ere. Asteasuko Usarrabi kantu taldeak, esaterako, diru kopuru polita jarri zuen. Guztira, hiru mila euro batzea lortu genuen eta diru horrekin, anbulantzia lanak egingo dituen furgoneta zahar bat erosi genuen”.
Material ugari
Furgonetaz gain, beste hainbat material ere bidali dute Kamerunera: “Aiztondo bailarako jendeak gauza mordoa ekarri digu; jostailuak, arropa, bizikletak… Denetarik bidali dugu. Horrez gain, Galdakaoko ospitale batek hainbat tresna eman du; oheak, zirujiarako tresneria…, eta Gernikako klinika batek ere bere ekarpena egin du. Bestalde, Amorebietako Ekin kooperatibak eskainitako laguntza ere azpimarratu beharrekoa da. Gizarte ekintzetarako dirua jartzen du urtero kooperatiba horrek. Njiengwe sendagileak hitzaldi bat eman zuen bertan eta aurtengo diru-laguntza ekimen horretara bideratzea erabaki zuten. Haiek ordaindu dute furgoneta eta gainerako materiala garraiatzeko behar zen ontzia eta itsasontzia. Medikuntzan erabiltzen duten makina bat ere erosi dute hara bidaltzeko. Botikak eta liburuak lortzeko modua ere izan da”.
Larrauldar batek eskaintza berezia egin zion ekimenari: “Herriko ostatuko sukaldea berritu zutenean, sukalde zaharra herritarrei eskaini zien Udalak. Eskaera ezberdinak jaso zituen Udalak eta zozketa bidez erabaki zen sukalde hori nork eramango zuen. Denbora tarte bat igarota, Kamerunera eramateko eskaini ziguten sukalde hori”.
Itsasontziz
Dagoeneko Kamerunera bidean da Aiztondoko herritarren laguntzaz erositako furgoneta eta gainerako guztia. Oraindik ikuskizun dago bidalitako guztia behar duen tokira iritsiko ote den. Aitorrek azaldu duenez, “ustelkeria handia dago Kamerunen eta askotan, hemendik bidalitako materiala ez da behar duen tokira iristen aduanako langileek bereganatzen dutelako. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Komertziorako materiala ez denez, ondo iritsiko den esperantza dugu”.
Eskertza
Njiengwe sendagilearekin hitz egiteko aukera izan dute Olga eta Aitorrek azken asteotan: “Europako herrialdeetan barrena ibiltzen da hitzaldiak ematen eta behin baino gehiagotan etorri izan da Euskal Herrira. Horrez gain, internet bidez nahiko maiz hitz egiten dugu. Kamerungo gobernuak ez du gustuko, aldarrikapen ezberdinak plazaratzen dituelako eta trabak jartzen dizkiote; interneterako lotura moztu izan diote. Furgoneta bidean dela jakin duenean, eskerrak eman nahi izan dizkie laguntza eman duten guztiei”.
Furgoneta
“Mercedes markako furgoneta zahar bat eskatu ziguten eta horixe bidali dugun. Kamerun Alemaniaren kolonia izan zen garai batean, eta Mercedes etxeko auto eta pieza asko dute eskura, horregatik eskatu ziguten etxe horretakoa izatea. Itsasontziz bidali ahal izateko, paper kontu asko konpondu behar da aurrez, eta nahikoa lan izan dugu hori guztia antolatzen. Muskiz-tik atera berri da itsasontzia eta otsailaren 4an iritsiko da Kamerungo Douala hirira”.