“Orain arte, Udaleko kideok zirriborro bat lantzen genuen eta zirriborro hori oinarri hartuta, herri-bilera ezberdinak egiten genituen guztien artean behin betiko aurrekontuak finkatuz joateko. 2014ko aurrekontuek, ordea, abiapuntu ezberdina izango dute. Bando bidez, galdetegi bat banatu dugu Adunako etxe guztietara, herritarren ideiak, nahiak eta premiak bildu ahal izateko. Udaletxeko bulegoetan edota iradokizunetarako buzoian utzi ahal izango dute herritarrek galdetegi hori. Modu horretan, aurrekontuen lehen zirriborroan bertan herritarren nahi eta behar horiek jasotzeko modua izango dugu”.
Otsaila amaieran
Lehen pauso hori emanda, urteroko bideari eutsi eta herri bilera ezberdinak egingo dira. Hala azaldu du Josuk: “Urtarrila amaieran lehen bilera bat deituko dugu prestatutako zirriborroa herritarrei aurkezteko. Euren ekarpenak jaso eta aurrekontuen zirriborroan gehitzeko modua ote dugun aztertzeko tartea hartuko dugu ondoren. Otsaila hasieran beste herri-bilera bat egingo dugu behin betiko aurrekontuak herritarrei aurkezteko. Azkenik, 2014ko aurrekontuak otsaila amaierako Udal plenuan onartzea da gure asmoa”.