Hiru hilabete pasatxo dira Santa Krutz ermitaren alboan luzatzen den errepidea itxi zutela. Tarte horretan, Kanposantu aldeko errepidea erabili behar izan da herrigunera iristeko. Lanak amaituta, laster erabiltzeko moduan izango da errepide berritua.
Irekiera ekitaldiak
Ekitaldi berezia antolatu dute lanak amaitzen dituztenerako. Hala azaldu du Josu Amilibia alkateak: “Bando bidez jakinaraziko zaie herritarrei zein data zehatzetan amaituko diren errepideko lanak. Lanei amaiera eman eta biharamunean, oinezko eta txirrindularientzat zabalduko dugu errepidea. Bide berritua lasaitasunean eta autoen joan-etorririk gabe ezagutzeko aukera emango digu horrek. Egun hori pasata, normaltasunez irekiko da errepidea”.
Urtarrilaren 30ean, ostegunarekin egingo dute inaugurazio ekitaldi ofiziala. “Foru Aldundiko ordezkariak etorriko dira errepide berriaren irekiera egitera”, azaldu du Josu Amilibiak. Azken hilabeteotan egindako lanei esker, Adunarako errepidea zabalagoa izango da aurrerantzean eta, horrenbestez, seguruagoa izango da bertan autoz ibiltzea. Oinezko eta txirrindularientzat egokitutako espaloia ere izango du, gainera. Orain arte, ez zegoen Adunako herrigunera oinez edo bizikletaz joan ahal izateko bide egokiturik eta aukera berriak, horretarako modua emango du.
Errepideko lanak aprobetxatuz, bestalde, zuntz optikoa sartzeko beharrezko azpiegitura ere jarri dute.