Emakumeen artean kirolzaletasuna sustatuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 23a, 14:45

Urtarrilaren 10ean jarri ziren martxan emakumeei zuzendutako entrenamendu gidatuak. Aitziber Ibarbia kirolari zizurkildarrak hartu du taldearen ardura.

Berrogei emakume inguru animatu da “Neska, zatoz korrika” izeneko ekimenean parte hartzera. Pozik da Aitziber Ibarbia, jasotako erantzunarekin: “Ez genuen izen-ematerik egin, eta ez nekien zenbat jende gerturatuko zen lehendabiziko saiora. Ahoz aho, lagun eta ezagunen artean zabaldu nuen taldearen inguruko berri, baina ez nekien ekimenak zenbaterainoko erantzuna jasoko zuen. Hogeita hamarretik gora etorri ziren lehen saiora; sorpresa polita izan zen. Saioa bukatuta, gainera, gustura zeudela esan zuten, eta horrek aurrera egiteko indarra ematen du”.

Kirolzaletasunaren alde
Emakumeen kirolzaletasuna sustatu asmoz sortu da ekimen berria: “Ainhoa Larrea teknikariak aipatu zidan taldea sortzeko aukera. Beste zenbait herritan antzeko ekimenak sortzen joan dira eta Zizurkilen ere saiakera egitea erabaki genuen. Badirudi, horretarako gogoa izan arren, emakume askori kosta egiten zaiola korrika egiten hastea. Talde baten babesean errazagoa izaten da pauso hori ematea eta helburu horrekin antolatu genuen. Erantzuna ikusita, argi dago beharrezkoa zela eta jendeak oso gustura hartu duela”, azaldu du Aitziberrek.

Soinketa gela
Ostiral arratsaldetan, Pello Mari Otaño ikastetxeko azpialdean bildu eta ordubeteko saioak egiten dituzte: “Ikastetxeko soinketa gela ere gure eskura dugu eta horrek, ariketa ezberdinak egiteko aukera ematen digu. Negu aldean bereziki, babes handia emango digu soinketa gela erabiltzeko aukera horrek. Hasiera batean, ordubeteko saioak eginez ekin diogu ekimenari, baina denborak esango du tarte hori luzatzeko beharra sortzen den ala ez”.

Maila guztiak
Adin eta maila ezberdineko emakumeak gerturatu dira Aitziberren saioetara: “Hogeita hamar eta berrogei urte arteko jendea espero nuen gehienbat, baina denetarik gerturatu da. Hogei urte ingurukoak dira gazteenak eta berrogeita hamabost inguru izango ditu helduenak. Horietako batzuk dagoeneko badabiltza korrika, beste asko, ordea, ez. Maila ezberdintasun hori nola kudeatuko dudan ez dakit oraindik oso ondo. Saioak aurrera doazen heinean, taldeak berak erabakiko du nola antolatu; talde ezberdinetan banatuta, edo guztiok batera”.

Kirolarekin gozatu
Saioen helburua ez da lasterkari azkarrak prestatzea, “ezta gutxiagorik ere. Norbaitek hala nahi badu, nire laguntza eskainiko diot eta lasterketatan hobetuz joateko irizpideak emango dizkiot. Taldearen helburua, ordea, ez da hori. Astean ordubetez, taldean ondo pasa eta kirola egitea da helburu nagusia”.
Geroz eta emakume gehiago ikusten da lasterketa herrikoietan, “hala ere, oraindik asko falta zaigu kirolean berdintasuna lortzeko. Askotan guk jartzen dizkiogu mugak gure buruari; lotsa ematen digu lasterka egitera ateratzeak, eta etxeko ardurak ere gure gain hartzen ditugu. Ekimenean parte hartzen dutenek, asteroko ordubete hori oso ondo etortzen zaiela aipatu didate, ardura horiek guztiak alde batera utzi eta eurentzat tartea hartzeko”.
Ekaina arte luzatuko da “Neska, zatoz korrika” ekimena. Hala azaldu du Aitziberrek: “Ondorioak ateratzeko garaia iritsiko da ikasturte bukaerarekin batera. Taldeak egin duen ibilbidea aztertu eta etorkizunari begira jarriko gara taldeari zein forma eman erabakitzeko”.

Haurrekin ere bai
Ostiral arratsaldetan, saio bikoitza izaten du Aitziberrek: “Zizurkil Goian atletismo saioak ematen ditut lehendabizi, eta ondoren joaten naiz emakume taldearen saioetara. Kasualitatez, neskez osaturiko taldea da Zizurkil Goikoa ere. Oraindik oso gaztetxoak dira, baina eurengan kirola egiteko ohitura hori sortzea da nire helburua”.

Euskal selekzioa
Mendi lasterketetako euskal selekzioko kide da Aitziber Ibarbia zizurkildarra eta aurten, Espainiako Kopan lehiatuko da: “nire aurtengo helburu nagusia Zegama-Aizkorri maratoia izango da. Iaz egindakoarekin ez nintzen batere gustura geratu eta arantza hori kendu nahi dut. Horrez gain, Espainiako kopan arituko naiz”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!