Plaza berritzeko lanak amaitzear

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 23a, 14:44

Aste gutxi barru itxura guztiz berriarekin agertuko da Elbarrenako plaza. Koloreak bere tokia izango du plazaren sarrerako horman.

Etxebizitza berriak dagoeneko biztanlez betetzen ari dira eta epe laburrean amaituko dituzte urbanizazio lanak. Lan horien baitan sartuko da plazaren sarrerako horman egingo duten marrazki koloretsua. Udalak, herritarren parte hartzea eskatu zuen mosaikoaren gaia aukeratzeko garaian.
Joxe Mari Luengo alkatea eta Leire Zubeldia zinegotzia bildu ziren herritar talde batekin. Joxe Mari Luengok hartu zuen hitza: “Udaleko arkitektoarekin bilduta, plazan geratuko den horma horri kolorea emateko aukera aztertu genuen. Orio eta Usurbilen badaude antzeko adibideak eta haiek egin zituen artistarekin harremanetan jarri ginen”.

Mosaikorako ideiak
Carlos Zabala artistak eredu orokor bat prestatu zuen. “Carlosek, ez du herria ezagutzen eta egokia iruditu zitzaigun herritarrekin batera ideia ezberdinak landu eta Karlosi aurkeztea. Herria irudikatuko duen mosaikoa osatu nahi genuen eta horregatik egin genuen bilerarako deialdia”, azaldu zuen Joxe Marik. Urtarrilaren 15ean egin zuten bilera hori eta ideia ezberdin asko jarri zen mahai gainean.

Ezberdintasuna
Zizurkil Goia eta Behea irudikatzeko modu ezberdinak aztertu zituzten lehendabizi bilerara gerturatu zirenek eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna kontuan hartzeko deia ere zabaldu zuten. Baserri giroko irudiak, Urkamendi mendia, plazako etxe berriak..., ideia ezberdinak aipatu ziren bileran zehar, bi auzoetako giroak islatu nahian.

Berdintasuna
Azkenik, ordea, beste ideia bat gailendu zen guztien gainetik. Herriko bi auzoen arteko ezberdintasunak azpimarratu ordez, batzen dituen elementuak azpimarratzeko beharra: “Herriko jaiak, kalejira, festa giroa..., horiek batu egiten gaituzte eta egokiagoa da hori guztia irudikatzea. Asmoa horixe azalduko diogu Carlos Zabala artistari. Elementu ezberdinak aipatu dituzte herritarrek bileran; melokotoia, jaietako zapiak, erraldoiak, adin ezberdinetako herritarren irudiak, etab.”.

Kolorea
Kolorea eta alaitasuna emango dizkio mosaikoak plaza berriari. Hala azaldu zuen alkateak: “Kolore grisa gailendu da plazan eta mosaikoak, alaitasuna emango diolakoan gaude. Hirurehun metro inguruko luzera du hormak eta bertan jarriko den mosaikoak itxura berezia emango dio plazari”.

Teodosio, eraistear
Otsailaren 15erako amaituko dituzte plazako urbanizazio lan nagusiak. “Ordurako amaituko dute etxe berrien atzealdetik pasako den errepidea eta eliza inguruko gunea ere txukunduta egongo da. Hormako mosaikoa ere data horretarako prest egotea espero dugu. Ondoren, Teodosio etxea botako dute. Astebetean etxea bota eta eremua garbituko dutela kontuan hartuz, martxorako guztiz amaituta egongo dira plaza inguruko lanak”, azpimarratu zuen Joxe Mari Luengok.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!