Parte hartze batzordea, pentsaera ezberdineko herritarrak biltzea helburu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 23a, 14:41

Villabonako Udalak parte hartze batzordea sortu du, herritarrekin landu nahi den parte hartze proiektu arautzailea bideratzeko. Horretarako, urtarrilaren 28an izango da lehen bilera Subijana etxean. Gaiaren inguruan, Udal gobernua osatzen duten hiru alderdietako kideek hartu dute hitza. Galder Azkue (EH Bildu), Nagore Puyadena (EAJ-PNV) eta Maria Luisa Arijak (PSE-EE).

Zehaztuko al duzue zein diren parte hartze batzordearen helburuak?
Galder: Parte hartze batzordea behar jakin bati erantzun nahian sortu dugu. Hasieratik batzorde berezia izango zela aipatu genuen: ez zela erregularki bilduko, proiektu bereziei erantzuteko baizik. Gure aldetik behintzat, parte hartzearen erregulazioan edo herritarrek parte hartzeko duten eskubidearen bermean hutsunea ikusten genuen.  Bi helburu nagusi lituzke: Parte hartzearen ordenantza alderdi politiko ezberdinen artean osatzea batetik, eta parte hartzeko kulturan sakontzen jarraitzea bigarren. Ea Amasa-Villabonako sentsibilitate ezberdineko multzorik anitz eta errepresentatiboena bertaratzea lortzen dugun. Eta fruitua, denon ordenantza izatea.
Nagore: Parte hartze batzordea osatzeko abiapuntua momentu zail batean sortu zen; herriaren islada modu ez erregulatuan gertatzen ari zenean, hain zuzen. Gure iritziz, herritarrek ordenantza eduki edo ez har dezakete parte. Hala ere, momentu honetan, herriak berak parte hartze ordenantza bat izango duela jakitea eskatzen du egoerak eta ordenantza horren baitan pausoak ematen dituen herritar orok erantzuna jasoko duela, ezingo zaiola parte hartze hori ukatu. Agian orain arte gertatu baita halakorik. Hala ere, Galderrek esan bezala, guri ere batzorde honetan alderdi politiko guztiek parte hartu eta aurrera bultzatu behar dugula iruditzen zaigu, eta horretarako sentsibilitate ezberdineko herritar guztiak bileretara gerturatu eta parte hartzera animatzen ditugu.
Maria Luisa: Batzordea berandu samar iritsi dela uste dut, lehenxeago osa zitekeela; hainbat arazo saihestuko genukeen hartara. Aurrerantzean, ordenantzak parte hartzea hobetuko duela iruditzen zait. Izan ere, parte hartzea festetan edota azken aurrekontuak osatzerakoan, herritarren artean banatutako galdeketaren bidez gauzatu baita soil-soilik orain artean. Parte hartzeko aukerak herritar guztiengana iritsi behar du; denen sentsibilitateak biltzea oso garrantzitsua da, gai zehatz baten inguruan ados nahiz ados ez daudenen iritziak jakiteko. Dudarik gabe, parte hartu ahal izateko tresna egokiak eskaini behar dizkiegu herritarrei eta seguru gaude bide horretan aurrera egin behar dugula. Herriak funtzionatu egin behar du eta, hori horrela izan dadin, guztiok elkarrekin egin behar dugu lan.

Eman duzuen lehen pausoa aholkularitza EMUN enpresari esleitzea izan da. Zertan lagunduko dizuete aipatu enpresako kideek?
N.: Herritar nahiz elkarte eta talde ezberdinekin burutuko diren bileren dinamizazioa nahiz herritar eta udaletxeko hiru alderdi politiko ezberdinetako ordezkarien arteko koordinazio lana bideratuko du EMUNek.
M L: Beste udaletxeetan egindako lanen berri emanez, proposamenak ere ekarriko dituzte. Dudarik gabe, lagungarri izango zaigu gainerako herrietako datu horiek jakitea.
G.: Emun etxeko kideei dinamizazio lana dagokie batik bat. Azken finean, ordenantza parte hartzailea da eta Udalak ez du bitartekorik bileretan bilduko den jende multzoa koordinatu eta hortik zukua ateratzeko. Aurrerantzean ere, udaletxean sortu den parte hartze batzordeak biltzen jarraituko du eta batzorde hori izango da prozesu guztia gidatuko duena. EMUN, berriz, bileretan aireratzen diren iritzi eta posizionamenduak sintetizatu eta biltzeaz arduratuko da. Bestalde, eurei eskatu diegu ordenantzaren erredakzioa egitea ere eta herritarrekin bilerak egin ostean, testu bateratua osatuko dute. Behin testu hori osatutakoan, parte hartze batzordeak onartuko balu, plenura eraman eta bertan adostuko litzateke. Ordenantza edukita, batzordeak jarraipena egin ahal izateko metodoak ere proposatuko ditu EMUNek.

Oro har, nola baloratu dira orain artean beste herrietako antzeko esperientziak?
N.: EMUNeko ordezkariak, zailena jendea bileretara erakartzea dela azaldu digu. Jendea gerturatzea lortzen badugu, lanaren zati handi eta garrantzitsuenetakoa egina izango dugula. Lehen bilera urtarrilaren 28an egingo denez, ez dakigu oraindik zer nolako erantzun izango duen ekimenak.
M L.: Guretzat garrantzitsua da parte hartze batzordeek beste herri batzuetan zein harrera beroa izan duten ikustea. Jakin badakit Albacete edo Irunen, esaterako, ekimenak oso ondo funtzionatu duela, baita beste hainbat herri txikiagotan ere.
G.: Parte hartzea oso kulturala da eta ohitura horiek ez dira egun batetik bestera aldatzen. Egia da, eta horretan ados nago Nagore eta Maria Luisarekin, hondakinen gatazkak jendeak bere egunerokoan erabaki nahia erakutsi duela. Beraz, hor bada parte hartzeko gaia, bideratzen asmatu behar dena. Gatazka sortuta gai hori atera dela ikusi denez, orain, ahal den heinean, gatazkarik gabe parte hartzea litzateke ideala.
Esan bezala, parte hartzea kulturala denez, denbora behar da kultura hori errotu eta jendeari bere esfortzuak benetan merezi duela sinestarazteko. Alegia, saiatzen bada, gauzak alda ditzakeela erakusteko.
M L.: Nik uste ekimenak poliki hasi behar duela. Eufori eta indar handiegiarekin hasiz gero, asoziazionismo alor guztietan gertatzen den bezala, indar gutxirekin amaitzeko arriskua bailuke. Herritarrei transmititu eta mantentzea egokituko zaigun indarrarekin hasi behar dugu eta jende askori politika ulertzeko modua aldatu beharko lioke horrek: ez baita politikaria soldata kobratzen duena soilik, politika egiten duena baizik. Hori ezin da ahaztu. Nire ustez, politikariez gutxiago kexatu eta hobeto nola ordezka ditzakegun adi egon beharko lukete herritarrek. Ezinbestekoa da herritarrak politikariak laguntzeko prest egotea.

Herriko eragileekin harremanetan al zaudete? Zer egin behar du bileretan parte hartu nahi duenak?
N.: Udaletxe mailan, herriko elkarte-eragile ezberdinen zerrenda osatu eta gutun bidez, harremanetan jarri ginen haiekin. Hala ere, argi utzi nahi dugu elkarteren baten baitan ez dagoen edozein herritarrek, zuzenean eta pertsonalki ere parte har dezakeela bileretan.
G.: Elkarte-eragile nahiz herritarrek bileretan parte hartu ahal izateko, Udaleko komunikazio arduradunarekin harremanetan jarri eta izena eman beharko dute. Izena ematen dutenei ez zaie lan handiegirik eskatuko, urtarrila eta otsailean zehar burutuko diren hiru bileretan parte hartzeko konpromisoa, horixe besterik ez.

Nola bideratuko dira Subijana etxeko bilerak?
M L.: Biltzen den jende kopuruaren eta aztertu beharreko gaien arabera, era batera edo bestera dinamizatuko dira bilerak. Egoeraren arabera, talde txiki edo handiagotan banatuta antolatuko dira. Orduan eta iritzi ezberdineko jende gehiago etorri, orduan eta adierazgarriagoak izango dira emaitzak. Ea bileretara etortzen diren herritarrak ados egotea baino, gustura egotea lortzen dugun.
N.: Hasierako bilera hauetan ordenantzaren erredakzioa bideratuko da gai nagusi modura. Behin ordenantza eduki ondorenean planteatuko dira gai ezberdinak.
M L.: Bileretara gerturatzen direnek, politikariok gizartea ordezkatzen dugun arren, herritarrongandik gertuago egon ahal izateko, gizarteari laguntza eskatzen diogula jakin dezaten nahiko genuke. Hiru alderdi politiko konkretutako ordezkariak biltzen gara parte hartze batzordean, baina guk ez ditugu ideologia guztiak ordezkatzen. Pentsamendu eta sentimendu ezberdineko herritarrak batzeko aukera emango du ekimen honek, denon iritzi eta ideiak plazaratzekoa. Anima daitezela, beraz.
G.: Jendea erakartze aldera, ohiko bilerak izango ez direla azaldu nahi dugu; metodo berritzaileekin egingo dira. Dinamikoak, arinak, edonork parte hartzeko modukoak. Ez dezala inork gerturatzeko beldurrik izan. Bilerak Subijana etxean egingo dira, herritarrak bertan goxoago senti daitezen. Izan ere, jakin bai baitakigu, udaletxera gerturatzeak herritar askori errespetua ematen diola.

Bileren berri
  • Egunak: Urtarrilak 28. Otsailak 11 eta 25. Astearteak.
  • Ordua: 19:00.
  • Lekua: Subijana etxea.
  • Izen-ematea: komunikazioa@villabona.net.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!