Eskualdeko hainbat talde Aiurrirekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 23a, 14:36

Aiurri hamaboskariak harpidedun berriak egiteko kanpaina abian jarri berri du.
Beterri-Aiztondo eskualdeko hainbat taldek atxikimendua adierazi dio aldizkariari, eskualdeko herritarrak aldizkaria irakurtzera animatuz.

Euskalduna mendigoizale taldea
ANDOAIN
Andoain eta inguruetan ezaguna da Euskalduna mendigoizale taldea. 1940ko hamarkadan sortuta, urte asko darama herritarrentzako mendi irteerak antolatzen. Hainbat taldekidek hartu dute hitza Aiurriren inguruan, “herriko albiste xeheak irakurri nahi izaten ditugu Aiurrin, non irakur dezakegu bestela halakorik? Albiste handiak beste hedabideetan ere irakur daitezke, baina herrikorik ez. Gure belaunaldiko jendeari euskaraz irakurtzea kosta egiten zaigun arren, Aiurri irakurri eta ulertzeko ez dugu arazorik izaten. Euskara ulerterrazean idatzita dago”. Luxio Aranburu, Koldo Albisua eta Inaxio Mendiluze.
“Hamaboskaritik, herriko eta inguruko gaiek erakartzen gaituzte bereziki. Gertuko aldizkaria iruditzen zaigu eta gustura jasotzen dugu”. Joxe Mari Igarategi, Nikolas Arruti eta Alejandro Gonzalez.

Ziotza pilota eskola
ZIZURKIL
2009 urtean sortu zuten Zizurkilgo Ziotza pilota eskola, herriko pilotari gazteei bertan jolasteko aukera emateko. Geroztik, indarra hartuz joan da taldea. Arantxa Bakero, pilota eskolako kideetako bat, Aiurri aldizkariaren inguruan aritu da: “Hamabostero-hamabostero Zizurkilgo zein eskualdeko albisteen berri izateko aukera ematen digu Aiurri aldizkariak eta hori oso aberasgarria da guztiontzat. Bestalde, Ziotzak antolatzen dituen ekimenen berri eskualdera zabaltzeko tresna ere bada. Ziotza pilota eskolaren sorreraren inguruko artikulua argitaratu zuen Aiurrik eta urtero ematen du Zizurkilgo pilota txapelketaren berri. Gure deiari erantzuten dio aldizkariak eta orain, guk erakutsi nahi diogu gure babesa”.  

Basopeta guraso elkartea
ADUNA
Herri eskolan ikasten duten haurren gurasoek babesa erakutsi diote Aiurri aldizkariari: “Herriko haur eta gazte gehienak atera izan dira noizbait Aiurrin. Taldeka, banaka, zaletasun bereziak dituztelako..., gehienek izan dute euren tartea. Basopeta guraso elkarteak bere atxikimendua azaldu nahi dio gure eskualdeko aldizkariari”.

Oinkari dantza taldea
AMASA-VILLABONA
Euskal dantza tradizional eta garaikideak landuz, herri, eskualde nahiz Euskal Herriko mugak gainditu ditu azken urteotan Oinkarik. “Dantza alorra gure eginkizun garrantzitsuena izan arren, herriarekiko harremana ezinbestekoa da Oinkari bezalako talde herrikoi batentzat. Komunikabideak dira horretarako gure tresna eta, noski, Aiurrik bikain betetzen digu paper hori. Gure deialdiak edota emanaldien iragarpenak zabaltzen laguntzen digu eta asko eskertzen dugu bere lana”.

DINA-7 kultur taldea
LARRAUL
Larraulgo Ekomuseoa kudeatzeko sortu zen DINA-7 kultur elkartea. Taldeko lau kidek hartu dute hitza: “Ekomuseoan antolatu diren ekintza guztien berri eman du Aiurrik, ekintza horien berri bailarara zabaltzeko oso tresna egokia da. Aldizkariari dei egin diogun bakoitzean erantzun digunez, guk ere modu berean erantzun nahi diogu”, azpimarratu dute. “Gure ekintzen berri emateko ez ezik, gertuko albisteak jasotzeko ere oso egokia da aldizkaria. Jendeak gustura irakurtzen duelakoan gaude. Urte asko darama lanean Aiurrik gure eskualdean eta oso ondo txertatuta dago”.

Matxintxulo gazte asanblada
ASTEASU
Matxintxulo gazte Asanbladak 30 gazte pasatxo biltzen ditu Asteasun. Herriari begira, hainbat ekintza antolatzen dute urtean zehar. “Gertuko aldizkaria da Aiurri. Eskualdeaz informatuta egoteko baliagarria. Inguruko herritarren nahiz kultur ekintzen berri jakiteko egokia. Kultura eta euskaraz gain, bailarako herrien arteko komunikazioa bultzatzen dute Aiurri bezalako egitasmoek eta hori indartzea garrantzitsua da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!