Iruñea-Andoain-Donostia ibilbidearen mendeurrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 23a, 12:34

2014ko urtarrilaren 19an Plazaola trenbideak Iruñea-Donostia ibilbidea bidaiarientzat egiten hasi zeneko mendeurrena ospatu zuen Lekunberriko tren geltokian. Antolatzaileek ekitaldiari garrantzia handia eman zioten, agintari asko bertaratu baitzen hitzordura. Han adierazitakoaren arabera, “garrantzitsua da trenarekin erlazio estua izan zuten guztientzat”.

Bideoa | Kronika:

Plazaola Partzuergo Turistikoak antolatu zuen, zeinak urte berean bere sorreraren hogeigarren urteurrena ospatzen duen. Naturbidea ezartzearekin batera, zonaldeko turismoa izan da partzuergoaren ardatza. Gaur egun, garapen turistiko hori errealitate bihurtu da. 2013an Lekunberriko Turismo bulegoan bisitarien kopurua %16 igo da, atzerritarren hazkunde nabarmenarekin. Ekitaldian adierazi zutenez, Plazaolako natur bideak urtetik urtera erabiltzaile gehiago ditu. Datu horretan zerikusia du 2011n Uitziko tunelaren berreskuratzea, zeinetik urteko 40.000 baino gehiago zenbatu dituzten. 2013an 6,5 kilometro gehiago berreskuratu dituztenetik, Plazaolako trenbidearen jatorrizko diren 50 kilometro egokitu diztuzte naturaz edota kirolaz gozatzeko.
Aurreko igandeko ekitaldiak izaera ofiziala izan zuen. Besteak beste, Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza eta Gipuzkoako Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaritzako ordezkariek parte hartu zuten. Ekitaldian, Nafarroako Agiritegi Orokorreko zuzendari ohi Juan Jose Martinenak laster argitaratuko duen “Historia del Plazaola” liburuaren aurkezpena egin zuen. Amaiera aldera, Andoaingo tren geltokiaren irudia ipini zuen adierazpenak osatzeko erabili zuen pantailan. Ekitaldiari amaiera emateko eskualdeko produktuez gozatzeko luntxa eskaini zieten ekitaldira hurbildu zirenei.
Urteurreneko ekitaldien harira, Andoaingo alkate Ana Carrerek Aiurriri adierazi dioenez, Plazaolako naturbidea jarraituz Andoainen hasi eta Irurtzun bitarte dauden herrietako Udal ordezkariek azken hilabeteetan zenbait bilera egin dituzte. Euren egitasmoa etokizunean elkarlanean jardutea da, udalerri horiek guztiek elkarrekin dituzten natur eta kultur balioak ardatz hartuta.
Trena gertaera asko eta ezberdinen lekuko izan da. Hasteko, 1914ko urtarrilaren 19an bidaiatu ahal izan zutenak instituzioetako ordezkariak izan ziren. Bidaiarientzat trena sei egun geroago ipini zen martxan, urtarrilaren 25ean hain zuzen.
Trena minerala garraiatzeko sortu bazen ere, erabiltzaileei eskaintzen hasi ziren. Naturgune aberatsa izatean, trenaren ibilbidea egurra garraiatzeko ere erabili izan zen, Leitzaran haraneko zuhaitzak agortu zituzten arte. Abereak ere garraiatu zituzten, besteak beste. 36ko Gerran eta ondorenean, estraperlorako erabili zela diote. Bitxikeria asko gordetzen dira trenaren bidearen baitan. Horietako batzuk, oso latzak. Esaterako, 36ko Gerran Plazaolako trenbideak Andoain aldean zituen bi geltokietako buruen fusilaketa.

Trena 1953ra arte martxan
Plazaolako trenak, beharrezko zituen tren makinak eta azpiegituren gainetik, era guztietako langileen ahalegin itzelari esker funtzionatu zuen XX. mendean zehar, 1953an bertan behera geratu zen arte.
Ferrokarrileko langileak nortasun handikoak ziren eta haietako gehienak Errepublika garaian (1931-1936) hartu zuten konpromiso sindikal eta politikoagatik nabarmendu ziren. Horietako asko langileen eskubideen eta gizarte berdintasunaren alde jokatu zuten sozialista, abertzale, komunista eta anarkistak ziren. Horrexegatik, ederki ordaindu zuten 36ko Gerra heldu zenean. Erbestea, langabezia, kartzela, herio,... denetik jasan behar izan zuten. Gizarteko lan sektorerik zigortuena, edo zigortuenetakoa, izan zela esan daiteke.
Andoainen, zoritxarreko bi kasu egin ziren ezagun, altxatu militarren tropak giza eskubideen eskubideak urratzen hasi eta berehala. Bi estazio buru Blas Rubio (Olloki) eta Sekundino Anton (Andoain) atxilotu eta fusilatu egin zituzten 36ko urrian. Jeltzalea zen lehena, UGT sindikatuko afiliatua bigarrena.
Ba al dago treneko makinista edo estazio-burua baino irudi indartsuagorik, Plazaolako trentxikiaren historia islatzeko garaian? Gogoeta horri erantzuten dio, hain zuzen, Plazaolako Partzuergo Turistikoak igandean aurkeztu zuen ikus-entzunezkoak. Leitzaran, Larraun eta Imotz bailaren kultura eta ingurunea promozionatzeko atondu duen laburmetraian, estazio-buru bat da ikuslea gidatzen duena ibilbidean zehar.
Blas Rubiok, Antonia Melendo zuen emaztea, eta hiru seme-alaba utzi zituen: Joxe (13 urte), Julia (6 urte) eta Maria (3 urte). Joxe bere semearen aurrean atxilotu zuten Urigaingo jauregiaren aurrean. Bien bitartean, Donostian, Sekundino Anton eta Andoaingo eta Urnietako beste bederatzi lagunen kontra (Sixto Prestamero, Jose Lasa, Faustino Aldaz, Mikaela Aldaz, Ramon Ganzarain, Maximino Lasarte, Manuel Lasarte, Juan Jose eta Rafael Bazkaiztegi) urriaren 11n burutu zen prozesu judizialean sartu zuten. Horietako zazpi hurrengo egunetan erail zituzten. Antonek Juana Alberro zuen emazte, eta hiru alaba: Teresa (4 urte), Elena (2 urte) eta Maria (urte 1). Juana Sekundina haurtxoa 1937ko urtarrilarren 7an jaio zen. Ama, berriz, martxoan bertan hil zen. Medikuen agiri ofizialak anemia aipatzen bazuen ere, bere alaba Teresak beti esan izan du senarra hil zioten egun berean bere amaren bizitzeko gogoa ere hil egin zela. Ez zuela gehiago bizi izan nahi.  
Andoaingo estazioetako buru izan ziren Blas Rubio eta Sekundino Antonen alabek, Julia Rubiok eta Teresa Antonek, urteak daramatzate justizia eskatzen; euren aitekin zer gertatu zen eta non diren galdetzen jarraitzen dute. 1936ko zapalduen alde Andoainen urtero antolatzen den omenaldi ekitaldian parte hartzen dute.

 

Sekundino Anton Andoaingo tren geltokiko buruaren gertaera latza

 Iruñea-Donostia ibilbidea egiteko Plazaola trenbidearen historian gertaera ugari bizi izan dira. Horietako batzuk, latzak. Adibide horietako bat Andoaingo tren geltokiko buru Sekundino Antoni gertatu zitzaion. 36ko Gerra piztu zenean Leizotz auzunean zegoen tren geltokiko arduraduna salatu egin zuten, UGTko afiliatua izatea zen bere “delitua”. Larrutik ordaindu zuen, Francoren aldekoek Ondarretan espetxeratzea agindu eta gutxira fusilatu egin zutelako. Bere bizitzaren azken uneetan gutuna idatzi zion Juanita Alberro emazteari. Gutun hori ondo gorde zuten bere etxean; gaur egun alaba Teresa Anton Alberroren etxean aurkitzen da. Balio handikoa da, eta hain zuzen gutun hori bera Pako Etxeberria forenseak memoria historikoa hizpide duen hitzaldietan maiz aipatzen du. Gutun horren aipamenarekin amaitu zuen, esaterako, Urnietan “Bakea eta elkarbizitza” jardunaldietan eskaini zuen hitzaldia. Ondoko bi irudietan gutuna bere horretan irakur daiteke.
Lekunberrin mendeurrena ospatzen ari ziren bitartean, Ana Carrere alkatea Sekundino Anton tren geltokiko alaba Teresa Antonengana gerturatu zen, data seinalatua gogoan izanik aitaz eta trenbideaz hitz egitera. Beheko irudian, Teresak bere eskuetan dauka aitaren gutuna. Bere alboan, Andoaingo alkatea.

Gutuna

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!