Bake eta bizkidetza jardunaldiak Urnietan, Baketik fundazioaren balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 23a, 09:56

“Bakea eta bizikidetza: iragana, oraina eta etorkizuna” izenburupean Baketik fundazioak hiru eguneko jarduerak antolatu zituen Urnietako Udalarekin elkarlanean. Fundazioko bozeramailea Pello Sarasua da eta Aiurrik hari eskatu dio balorazioa egitea, jardunaldia amaitu eta ordu gutxira.

Orokorrean jardunaldietan izan den parte hartzearekin oso pozik dagoela dio Sarasuak, “lehen bi jardunaldietan batez beste 70 pertsona izan ziren, eta larunbatekoan ia 40. Orokorrean jardunaldietara jendea erakartzea ez da erraza izaten, eta gai hauen inguruan are gehiago. Bada gizartean euskal auziarekiko nekeak jota dagoena, edota orria pasa eta gatazka atzean utzi nahi duena. Baina beste batzuk gertutik bizi dute eta alde horretatik garrantzia handikoa da herritar horiei parte hartzeko eremuak eskaintzea”. Batetik fundazioaren helburuetakoa desberdinen arteko espazio partekatuak sortzea izan da, “normalean eroso gauden eremuetan hitz egiteko eta iritzia emateko joera dugu. Gai honi buruz ohiko ez den tokian eta gurea ez den jendearekin egitea oso positiboa da. Berez, normala izan behar luke jokabide horrek. Baina euskal gizartean oraindik ere ezberdinen artean hitz egitea ez ohikoa da. Eta Saroben parte hartzaile batek baino gehiagok horixe nabarmendu zuen: lasaitasunez hitz egiteko eta entzuteko aukera izatea. Beharbada entzutearen ondorioz norberaren ikuspegia ez da aldatzen, baina birkokatu egiten zaitu. Gatazkaren ertz gehiago ikustera irits gaitezke horrelakoetan parte hartuz”.
Sarasuarentzat une honetan lehentasuna gatazkaren humanizazioa da, “biktimekiko gertutasuna sortu beharra dago, komunikabideak ere garrantzia handikoak dira. Erronka hor dago orain”.
Urnietan agintaldi honetan aurrerapauso handiak eman dira hezkuntza mailan. Lau ikastetxeetako irakasleek formakuntza jaso dute bizikidetzaren inguruan. Lau ikastetxeetan, gainera, bizikidetzari buruz marko orokor berdina erabiltzeko akordioa sinatu dute.

Etorkizuna
Sarasuak herritarrei keinua luzatu die, “lan egiten jarraitu behar dugu. Udala motorea da baina, ezin dugu Udalaren esku utzi. Udala motorea da, bai, baina ez bakarra. Herritarrek osatutako bizikidetza kontseilua sortzea litzateke asmoa, besteak beste, antolatu denaren antzekoekin jarraitzeko”.
Alderdi politikoen parte hartzea ere positiboa izan dela dio Sarasuak: “Alderdiekin ere prozesu bat egin dugu, urte hauetan elkarrekin goaz. Ordezkaritza duten hiru alderdiak hor daude eta hori positiboki baloratu behar da. Une hauetan adostasuna dago, gai hauetaz hitz egiteko giroa badagoela ikusi dugu. Antolatu duguna egin beharra zegoela argi ikusi dute denek”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!