Txistulari gazteen harrobia Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 22a, 10:58

Aspaldiko partez, kimu berriak ikusten dira txistuari dagokionez Andoainen. Iaz hasita, zazpi gazte txistua jotzen ikasteko biltzen dira astero, Olagaingo txistulari bandak bultzatzen duen eskolan. Fernando Gonzalez txistularia da eskolako irakaslea. Ikasleen artean daude Jon Jauregi, Unai Alkorta, Nora Rodriguez edota Jon Iraola. Dagoeneko, gainera, kalean saioak eskaini dituzte.

Indartsu dabil txistulari gazteen eskola...
Fernando Gonzalez: Bai, eta zazpi ikaslez osatzen da gaur egun; 11-13 urteren bueltan dabiltzan gazteak dira denak, bat ezik, eta benetan poza ematen du horrek. Gogoz heldu diote txistuari, kalean kalejiran ibiltzeko ere kapaz dira, eta gainera, oso harreman ona daukate euren artean.  
Dena esatera, aspaldi sortu zen txistulari eskola. Gero, denborarekin, gainbehera joan zen. Jabier Hernandez txistularien zuzendari eta irakasle zenak erretiroa hartu zuen, eta gure belaunaldikoak izan ziren azken ikasleak. Orain bandako kide den Josune Orbegozo da bertatik orduan atera zen azken txistularia.  

Ikasleak kalejiretan parte hartzen hasi direla esan duzu...
F.G.: Bai. Garbi eduki dut beti, hasiera-hasieratik atera behar zutela kalera. Eurentzat motibatzailea da hori. Babesa ematen die taldean ibiltzeak, adin horietan normalak diren akatsak ere ez dira hainbeste antzematen... Ondo etorriko zaie beldurrak eta lotsak kentzeko, eta eskarmentua hartzeko.
Lau txandatan atera dira kalera orain arte, Inauterietan, Santakrutzetan, Urkiren haurren euskal jaian eta Sanjuanetan. Azken honetan, Goikoplazako oholtza gainean egin zuten saiotxoa, gainera! Ea aurtengoan ere martxa berberari eusten diogun!

Txistu eskola baten beharra ikusten zenuten Andoainen...
F.G.: Txistuaren etorkizunari begira bai, jakina! Ez dut esango Euskal Herriko herri guztietan, baina gertuko gehienetako (Lasarte, Hernani, Donostia...) Udal musika eskoletan txistuaren ikasketa eskaintzen da. Andoainen ez, ordea. Ez naiz musika eskolakoa, eta ez dakit zergatik den hori. Egokiena titulazioa daukan musika irakasle batek erakustea behar luke izan... Baina gauzak dauden bezala egonik, txistulari bandak hartu du bere gain hutsune hori.

Ez al zaizu iruditzen gainbehera joan dela txistua Euskal Herrian; hots, ospea galdu duela beste zenbait instrumentuk gora egiten duen bezala?
F.G.: Zenbait herritan tradizio handia izaten jarraitzen du; Hernaniko kaleetan zehar, adibidez, adin guztietako 40 lagun ikusi ahal izan genituen Errege egunean. Hala ere, egia da, oro har, jaisten ari dela berarekiko onarpena. Ez nuke jakingo zehazten zein diren arrazoiak. Herri bakoitzak bere modura kudeatu baitu txistuaren transmisioa...
Haurrei txiki-txikitatik landu behar zaien zaletasuna dela iruditzen zait, dena den. Iaz, esate baterako, Andoaingo musika eskolak bertako ikasle gazteen aurrean saio didaktiko bat egiteko proposatu ziguten, eta ekitaldian zehar errealitate batekin ohartu nintzen: umeek ez dutela txistua ezagutzen.    

Olagain txistulari banda inoiz ez bezala ikusten da kalean azken aldian...
F.G.: Orain gutxi arte leku itxietako kontzertuera bideratzen ziren, kasik, gure agerraldiak. Beti aritzen ginen esanez kalera irten behar genuela, baina ez genuen pauso hori ematen. Joxema Setien zuzendari berria jartzearekin batera, kalea ahal dugun guztietan zapaltzen hasi gara. Herritarrek gero eta normalagotzat jotzen dute gure kaleko presentzia, eta ondo doakigu.

 
INKESTA
Ekiñe Otaño
“Txikitan Udal musika eskolan ibili nintzen, baina ez nintzen instrumenturik hartzera iritsi. Ez dakit zerk erakarri ninduen txistuarekin hastera, bere soinuak edo… Etxean aipatu  eta aitak animatu egin ninduen. Astean behin etortzen gara Olagaingo musika eskolara, eta oso gustura aritzen gara Fernando irakaslearekin. Lau aldiz atera gara kalera eta hasieran pixka bat urduri jartzen banaiz ere, laster lasaitzen naiz, taldean goazelako. Nire lagunek uste dute zaila dela txistua jotzea, baina niri ez zait horrela iruditzen. Errepertoriotik, Udaberriko lore politena gustatzen zait gehien”.

Joseba Iriarte
“Bateriarekin hasi nintzen, baina berehala utzi nuen. Kilometroak-eko egunean, Hernani, Urnieta eta Andoaingo txistulariak elkarrekin ikusi nituen kalejiran, eta gogo bizia sortu zitzaidan. Eskolaren irekitzea entzun nuenean, agudo animatu nintzen izena ematera, gurasoei kontsultarik egin gabe. Goikoplazako oholtzan ere jo izan dugu jende askoren aurrean, baina ni ez naiz urduri jartzen den horietakoa; lehenago jarri araziko dut urduri irakaslea, nahiko bihurria bainaiz”.

Nora Rodriguez
“Amak animatu ninduen, nahiz eta nik ez solfeorik jakin. Maddi ahizpak Urkirekin egiten du dantza, eta zera esan zidan amak: “zergatik ez duzu txistua hartzen? Ahizpak dantzan egiten duen bitartean, zuk atzetik musika jarriko zenioke”. Azkenean, ahizpa eta biok eman genuen izena eskolan. Oraindik ez dakigu zer den txistua hartu eta kalera irtetea, baina laster edukiko dugu estreinatzeko aukera; datozen Inauterietan, Ostegun Gizenean hain zuzen ere. Ez dakit dardarka jarriko naizen, ikusi egin behar…”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!