Astelehenetik martxan dago Ataria herritarren arreta zerbitzurako bulego berria, udaletxeko beheko solairuan.
Errolda agiria eskatu edota zerga bilketan ohiko diren ordainketak egiteko dagoeneko ez da udaletxean gora eta behera ibili beharko. Aurrerantzean herritarrek Udalarekin dituzten betekizun gehienak udaletxeko beheko solairuko ezkerraldeko bulegoan egin ahal izango dituzte. Udalak, bulego berriaren irekierarekin, herritarrei eskabideak bideratzearen eta irisgarritasunaren ikuspegitik erraztasunak eskaini nahi dizkie.
Zerbitzua Udal langileei aurkeztu ondoren, urtarrilaren 20an martxan jarri zuten bulego berria. Hedabideei begira agerraldia egin zuen Udalak, hainbat zinegotziren parte hartzearekin. Ana Carrere alkateak adierazi zuenez, zerbitzuaren beharra 2011n udaletxearen baitan egindako barne diagnostikoan antzeman zuten, “diagnostiko horretatik abiatuta lan taldea osatu zen”. Eta hortik abiatuta urte hasierarekin batera zerbitzu berria aurkeztu dute. Ainara Rodriguez zinegotziak adierazi zuen helburua, “herritarrari tratu zuzena eta pertsonalizatua eskaini nahi diogu. Herritarrak erreferentzia gune honetatik Udalarekin beharrezko duen tramitazio osoa burutu ahal izango du”. Orain arte Udalean eman diren zerbitzu guztiak bulego bakar batean eskainiko dituzte, Atarian. Zein tramite egin daitekeen ikusteko www.andoain.org webgunean eskuragarri dago Izapideen Eskuliburua.
Ataria arreta zerbitzua
Astelehenetik ostiralera:
08:00-15:00.
943 300 830.
www.andoain.org