Gizarte bazterketari aurre egiteko, harreman sarea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 16a, 12:08

“Gizakiak armiarma modukoak gara. Gure bizitzan zehar sarea osatuz goaz, babesten gaituena eta zutik irauten laguntzen gaituena. Sarearen ertz batean familia dago, bestean lana, beste ertz batean gizarte harremanak, etxebizitza, etab. Ertz horietako bat erortzen bada sareak euts diezaioke. Baina batzuetan ertz baten galerak beste batzurengan eragina izaten du, sarea bera erortzeraino”.

Olazabal “Pobreen abokatua”ren izena daraman sari banaketa ekitaldia hurkoaren alde lan egiten duten pertsonak eta elkarteak saritzeko baliagarri bilakatu da. “Jose Mari Olazabalen bidea” ekitaldiaren azken edizioa ospatu zenetik lau aste igaro badira ere, gaurkotasun bizia dute ekitaldi horretan egindako adierazpen ezberdinek. Nabarmenena, Ana Sanz Andoaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunarena. Andoaingo familia eta pertsona askoren egoeraren gordina gogora ekarri zuen taula gainetik egin zuen adierazpenean, “sari banaketa ekitaldia antolatze hutsa berez pozgarria bada, zoritxarrez ekitaldi hau bizi dugun egoera ekonomiko zailean antolatu da. Ondo diot, krisia sozioekonomikoa da. Krisiak ia denori eragin digu, baina kasu batzuetan gogorra eta krudela izaten ari da. Jarduera ekonomikoaz haratago, krisiak gizartearen beraren funtzionamenduan eragiten du. Are gehiago, eredu soziala kolokan dago”. Egoera aldatzeko beharra adierazi zuen, “egungoak pertsona garapenerako subjektu bezala baztertu egin duelako. Desberdintasunak areagotu eta injustizia ugaldu da”.
Udal teknikariak gogora ekarri zuen 2012ko ekitaldian krisiaren eragina alor ekonomikoaz haratago zihoala adierazi zuela. Krisia ez zela soilik gabezia ekonomikoaren sortzaile, baizik eta krisia alor psikologikoan ere eragina izaten ari zela. Bada, 2013an egoera ez doa hoberuntz, “urtebete geroago zera nabarmendu nahi dut: denboran betikotzen ari den krisiak kalte soziala eta emozionala eragiten du egoera hori pairatzen duen pertsonarengan. Betikotzen doan heinean, herritarren kopuru bat gizarte bazterketa pairatzeko bidean da”.
Bazterketa, zailtasun ekonomikoak eta pobrezia hiru adieren artean bereizketa egitea eskatu zuen, “ez dira eta gauza bera”. Pobrezia ondasun ekonomikoak lortzeko zailtasuna da. Bazterketak, aldiz, beste dimentsio bat hartzen duela adierazi zuen. Hori hobeto azaltzeko Joan Subirats “Fragilidades vecinas” liburuaren egilearen pasartea gogora ekarri zuen: “gizakiak armiarma modukoak gara. Gure bizitzan zehar sarea osatuz goaz, babesten gaituena eta zutik irauten laguntzen gaituena. Sarearen ertz batean familia dago, bestean lana, beste ertz batean gizarte harremanak, etxebizitza, etab. Ertz horietako bat erortzen bada sareak euts diezaioke. Baina batzuetan ertz baten galerak beste batzurengan eragina izaten du, sarea bera erortzeraino. Geroz eta ertz gehiagok huts eginez gero, armiarma jauzi egingo da”. Alegia, armiarmaren adibidea egungo egoera sozioekonomikora ekarrita, gizakia jausteko arriskuan dagoela, “gaur egun gure gizartean herritar talde bati sarea hautsi zaio, eta beste batzuk arrisku hori bizi dute. Horregatik diot bazterketa egoeran edo arriskuan daudela”. Fenomeno konplexua den arren, bazterketa saihesteko deia egin zuen Ana Sanzek: “denon beharra dugu bazterketa hori gainditzeko. Erantzuna bilatzeko ez da soilik instituzioetara jo behar izango, gizarte zibilak arazo honen aurrean erantzun behar du erreakzionatuz eta elkar lagunduz. Bazterketa ez da egoera hori bizi duenaren arazo pertsonal bat. Egoera horretara iristearen arrazoia egiturazkoa da, horregatik eredua irauli beharra. Beraz, bazterrean dagoen pertsona horren txertaketan zeharkaldia ez du berak bakarrik egin behar. Ez da nahikoa gurekin izatea, gure artean egotea lortu behar dugu. Beraz, gizarte txertaketa hori lan kolektiboa da eta bertan erakunde publiko eta ez publikoek parte hartu behar dute. Erronka kohesioa eraikitzea litzateke, egungo ereduak sortzen dituen hausturei aurre eginez. Administrazioak eta gizarteak armiarma sare hori osatu behar du, gure herritarrek gizarte bizitzan modu aktiboan zutik iraun dezaten. Justizia sozialean eta aukera berdintasunean oinarrituriko gizartea imaginatu eta amestu dezagun. Utopiatik eta konpromisotik gizarte eraldaketa lortzen da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!