Andoainen merkatua Goikoplazan egingo dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 16a, 12:05

Datozen asteetan astearteroko eta larunbateroko merkatua Goikoplazan burutuko dela jakinarazi du Andoaingo Udalak, Makaldegi edo Merkatu plazako burdinezko eraikuntza zaharkitua kendu eta lurrazpiko edukiontzietarako zuloak porlanez bete behar dituztelako.

Bideoa | Kronika:

Udalak, duela gutxi, inbertsioen berri eman eta hamaika obra egingo zituela iragarri zuen. Horien artean, Makaldegia edo Merkatu plazan dagoen burdinezko estalpea kentzea. Bada, lanak laster hasiko dira. Estalpe hori egoera kaskarrean dago eta segurtasun aldetik sor ditzakeen arriskuak saiheste aldera kentzeko lanei ekingo diete. Estalpe hori kendu behar dutela baliatuta, hortxe bertan beste bi lanei ekingo diete. Batetik, bertatik igarotzen den ur zikinen ubidea konponduko dute. Eta bestetik ondoan dauden lurrazpiko edukiontzietarako zuloak hormigoiz bete eta baliogabetu egingo dituzte. Aurrerantzean, pareko espaloian lur gaineko edukiontziak ipiniko dituzte. Azken honen gastua Tolosaldeko Mankomunitateak bere gain hartuko du. Bi arrazoi nagusi daude horrela jokatzeko. Batetik, Andoainen gaur egun zabor bilketarako hiru bilketa sistema ezberdinen erabilpena. Sistema bateratu nahi dute, gastuak gutxitzeko helburuarekin. Bestetik, sistema berriak mantenimendu eta segurtasun arazo gutxi sortzen omen ditu.
Lanak asteazkenean hasi ziren eta lanen iraupena gutxi gora-behera hilabetekoa izango dela aurreikusi dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!