Asteburutik aurrera, 3D zinema Gurean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 15a, 15:43

Galder Azkue Villabonako alkateak, Nora Urbizu kultur eta euskara zinegotziak eta Joxean Cubero kultur dinamizatzaileak Gurea zinemako proiektore digitala aurkeztu dute gaur goizean komunikabideen aurrean:

*Argazkian, Galder Azkue, Nora Urbizu eta Joxean Cubero, 3D pelikulak ikusteko betaurrekoak jantzita, Gurea zineman.

Kultur sailaren apustu berria herritarrei jakinarazteko aurkezpenean, Galder Azkue alkateak, Udalak inbertsio garrantzitsua egin duela jakinarazi du, “kultur aisialdiko eskaintzan aurrera egiteko  apustuari eutsiz, Gurea zineman 65.000 euroko inbertsio garrantzitsua egitea erabaki zuen Udal gobernu honek, proiektore digitala txertatuz. Programazioari eutsi ahal izateko baldintza bat zen ia-ia gaur egun proiektore berria jartzea”. Proiektorearekin batera, Gurea zinemako pantaila ere aldatu egin dutela azaldu du jarraian eta modu horretan, kultur programazioarekin aurrera egiten jarraitzeko konpromisoari heltzen jarraitzen dutela. Herritarrei dei egin die, “herritarrei dei egiten diegu altxor honi duen balioa emateko. Seguru gaude egin dugun inbertsioak mereziko duela eta programazioa zabaltzeko aukera emango digula. Baina, dudarik gabe, ikusleek, herritarrek, oro har, Gurea zinemak ikusleak behar dituela kontziente izan behar dute”.

Nora Urkizu kultur eta euskara zinegotziak, bere aldetik, proiektore digitala jartzea Gurea zinema iraunarazteko pauso berri bat ematea dela jakinarazi du, “lehen ere beste erabaki batzuk hartu ditugu norabide berean, hala nola Villabonako Udalak pelikulen programazioaren ardura bere gain hartzea, kalitatezko programazioa bermatu nahian, kriterio ekonomizista hutsen menpe egon gabe”. Ildo beretik, Villabonako Udalak beste erabaki batzuk hartu zituela ere aipatu du Norak, besteak beste, villabona.doc izeneko  dokumentalen zikloa abiatzea, aurten segida izango duena. “Izan ere, gure helburua ahalik eta programazio zabal eta osatuena eskaintzea da. Proiektore digitalak horretan ere lagunduko du; alde batetik zine estreinaldiak ahalik eta azkarren Villabonan izateko aukera emango baitigu, eta bestetik, programazioan malgutasun handiagoarekin jokatu ahal izango baitugu, formatu guztiak proiekta daitezkeelako bertan, kalitate onarekin”. Aurrerantzean, beraz, 3D formatuko  pelikulak ere ikusi ahal izango dira Gurean proiektore berriari esker. Noraren hitzetan, “film horiek ikusteko betaurreko bereziak beharko dira eta horrek emanaldiaren prezioa garestituko du. Hala ere, Villabonako Udalak ahalegina egingo du 3D filmak eskaintzen dituen bakoitzean, film bera 2D formatuan ere eskaintzeko. Modu horretan herritarrek aukera izango dute filmak prezio merkexeago edo garestixeagoan ikusteko”.

Joxean Cubero kultur dinamizatzaileak proiektorea ez ezik, Villabonako Udalak Gurea zinemarako erosi duen ekipamendu berriaz ere hitz egin du: pantaila berriaz, hain zuzen ere. “30 m2ko pantaila da, bilgarria, ikusleengandik askoz ere gertuago geratzen dena eta modu horretan irudiak ikusgarriagoak dira”. Pantaila bilgarriak beste abantaila batzuk ere badituela zehaztu du, “adibidez, pelikularen ondoren musika emanaldi edo antzezlan bat dagoenean, eszenografiaren zati bat osatuta utz daiteke aurrez. Gainera, hitzaldi edo aurkezpen bat dagoenean, irudiak, bideoak edo grafikoak proiektatzeko ere oso erabilgarria da. Oraingo teknologiari esker, gainera, posible izango da ordenagailuari esker proiektatzen ari dena kontrolatzea”.

Sarrerak garestixeago

Lehen ohiko sarrera 5 eurokoa bazen, aurrerantzean 5.5 eurokoa izago da. Era berean, haurrentzako, jubilatuentzako nahiz ikuslearen eguneko sarrerak 3.5 euro beharrean 4 euro kostako dira hemendik aurrera. Hala ere, bonoa erosten duen ikusleak, lehen bezala 3 eurotan ikusiko ditu pelikulak. Lehen 5 filmeko bonoa eskaintzen zen Gurean eta aurrerantzean 10 pelikulakoa, 30 euroren truke. Aurkezpenean azaldu dutenez, “bonoa ez da pertsona bakarrekoa; esaterako, hiru lagun sar daitezke bono bakarrarekin pelikula emanaldi berean. Udalak ikusleen fidelizazioa bilatu nahi du horrekin”.

Ikusleen gomendioak ongi etorriak

Egun Villabonako Udala arduratu ohi da Gurea zinemako programazioaz. Joxean Cuberok aurkezpenean azaldu duenez, lehen ezarrita zegoen sistemaren arabera, aretoa kudeatzen zuen enpresa arduratzen zen filmak programatzeaz, eta sarreren dirua haientzat izanik, irizpide ekonomikoak gailentzen ziren batik bat. “Orain, berriz, kultura sailetik aukeratzen dira pelikulak, betiere aretoa kudeatzen duen Hirutek enpresarekin elkarlanean eta kaliltatea dugu irizpide nagusi. Dena den, beti hobetu daiteke eta bide horretan, beti izango dira ongi etorriak ikusleen gomendio eta iradokizunak. Beraz, aretoko langileen bitartez, kultura sailera deitu edo e-maila bidalita egin daitezke proposamenak”.

3D emanaldi bereziak asteburuan

Ekipamendu berriari ongi etorria emateko, datorren asteburuan, urtarrilak 18-19, haur nahiz helduentzako 3D emanaldiak eskainiko dituzte, prezio berezian:

-Gravity, helduentzako 3D emanaldi berezia: Urtarrilak 18, larunbata, 22:00etan (3 euro). Urtarrilak 19, igandea, 19:30etan (3 euro). Urtarrilak 20, astelehena, 21:00etan (3 euro).

-Caminando entre dinosaurios, haurrentzako 3D emanaldi berezia: Urtarrilak 18 eta 19, 17:00etan (3 euro).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!