Pako Etxeberria forentseak ireki zituen “Bakea eta bizikidetza: iragana, oraina eta etorkizuna” izenburua duten jardunaldiak. Bi hitzaldi eta mahai-inguru bat prestatu dituzte iragana eta oraina hizpide hartuta. Bake prozesuaren alde urnietarrek egin dezaketena eta Urnietatik bizikidetzaren alde egiten denaren inguruko hausnarketa larunbatean egingo dute Saroben.
Urnietar askoren arreta piztu zuen Etxeberriak asteartean egin zuen hitzaldiak. Euskal Herrian, estatu espainiarrean eta Txilen burutu dituen gorpuen bilatze eta azaleratzeen ondorioz sortu zaizkion gogoetak azaldu zituen batik bat Aranzadiko kideak. Adierazi zuenez, “edozein gatazka biolentoarekin lotutako oroimen historikoa jorratzerakoan, objektiboak eta inpartzialak izatera derrigortuta gaude, baina inolaz ere ez neutralak. Giza eskubideak jokoan daudenean, ez du balio neutraltasunak. Posizio hori, maiz, ezertxo ere ez egiteko erabiltzen da”.
“Egia, justizia eta erreparazioa” leloa ardatz duen printzipioaren alde hitz egin zuen, eta 1936tik aurrera errepresio frankistak eragin zituen biktimen gaiaren inguruan, nahiko kritiko agertu zen instituzioak erakusten ari diren jokabidearekin. Intxortan azaleratu zituzten gudarien gorpuen adibidea aipatu zuen, besteak beste: “Agintari politikoek eta Ertzaintzak hantxe egon behar lukete, hobien ondoan, haiek zaintzen eta ohoretzen. Zoritxarrez, baina, ez dute ekimena hartu nahi izan; gaia honetan, lidergo instituzionala sumatzen da faltan”. Azken urteetan egiaren aldeko zenbait neurri hartu izan badira ere, “ez da justizia jorratu nahi”. 2006an Madrilgo Kongresuan onartu zen oroimen historikoaren legea hartu zuen hizpide, erakunde ofizialen konpromiso falta hori salatzeko.
Hitzaldiaren azken zatian, biktima mota ezberdinak eduki zituen gogoan. Aitortu zuen terrorismoaren biktimei egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea onartu zaiela dagoeneko. Eskubide horixe bera eskatu zuen bai frankismoko biktimentzat, baita estatuaren eta poliziaren biktimentzat. Alde horretatik, gogoratu zuen euskal gizarteak badaukala erronka etorkizunerako, bete gabe jarraitzen duten eskubide horiek gauzatze aldera.
Gogoeta sorta entzun ostean, kafe-hizketaldiari eman zitzaion hasiera Sarobeko ekitaldian. Bertaratu ziren urnietarrek, taldeka, iritziak partekatzeko aukera eduki zuten ordu erdiko tartean. Etxeberriarekin solasean amaitu zuten lehen saioa.