Igande honetan arratsaldeko 19:00etan hasita Bide Ertzean musika taldeak “77” diskoaren aurkezpen berezia egingo du Saroben. Ibilbide luzea egin du taldeak musikagintzan eta disko gehienak Andoaingo Garate estudioetan grabatu ditu. Azkena, ordea, Sarobe arte eszenikoen gunean egin zuten estatu mailan aski ezaguna den Suso Saiz ekoizlearen esanetara. Sarobe antzokia, beraz, grabazio estudio bilakatu zuten.
EZ OHIKO EMANALDIA:
Sarobera gerturatzen direnek grabazio estudio horretan egin zena biziberritzeko aukera izango dute. Izan ere, bideo ezberdinen bitartez toki horretan bertan egindako grabazioaren uneak ikusi ahal izango dituzte. Baita Suso Saiz ekoizlearen bideo interesgarria, zeinean ohiko estudioan grabatzeko erabakia baztertu eta Sarobe aukeratu izanaren arrazoiak azaltzen dituen.
TALDEKIDEAK ESKER ONEZ Taldea grabazio aretora itzuliko da aurkezpen ekitaldi berezia egitera, “Urnietako Sarobe Kulturgunean grabatu genuen disko berriena. Urnietako Udalaren eta Sarobe Kulturgunearen laguntza ezinbestekoa izan zen diskoaren grabazioan. Eta orain, esker onez, urnietarrentzat eta hurbildu nahi dutenentzat arituko gara Saroben. Kantuak joko ditugu, baita grabazioari buruzko xehetasunak eskaini ere”. Bide Ertzean 1998an sortu zuten Imanol Ubedak, Jon Ander Ubedak eta Karlos Aranzegik. Geroztik bederatzi disko grabatu dituzte. Igande honetan hirurak arituko dira zuzenean, disko berriko kantuak eskaintzeko.
77 IZENEKO diskoa “Iragana tirokatzen hasten badira, ez dut atzera egingo” kantatu zuten 2006an Non dira diskoan, 36ko Gerrari buruzko argitalpen hartan. Ildo beretik datoz “77” diskoko hainbat kantu. Baina izenburuak iradokitzen duen bezala, oraingoan Trantsizioa delako garaian erreparatu dute. 1977. Euskal Herria. Askatasuna, maitasuna, berdintasuna bizi eta gozatu nahi duen gazteria. Feminismoa eta ekologismoaren agerpena, ikastolen loraldia, sindikatuen bilakaera… 40 urteko gau beltzaren ondoren, orduko gazte belaunaldi haren ahalegina ez zen makala izan. Lan berri honetan, Bide Ertzean taldeak 70eko hamarkadan ipini du begipuntua. Baina nostalgiatik baino, hausnarketatik gehiago dute kantu berri hauek. Bidean erori ziren gazteak, bizirik iritsi zaizkigun balioak eta irakaspenak, askatu gabe jarraitzen duten korapiloak, etab.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!