"Zorretan gara Aitor Mendiluze bertsolariarekin", iritzi artikulua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 9a, 19:00

"Bertsolari Txapelketa Nagusiak utzi digun zapore gozoa oraindik fresko-fresko daukagularik utziko didazu, irakurle, proposamena plazaratzen, inork heldu nahi badio…"

Xabier Lasa Bergara
Aiurrikidea

Bertsolari Txapelketa Nagusiak utzi digun zapore gozoa oraindik fresko-fresko daukagularik utziko didazu, irakurle, proposamena plazaratzen, inork heldu nahi badio… Izan ere, burutik ezin kendurik dabilkit Lasarteko bertsozale amorratu batek lehengoan aitortu zidana: Alegia, Aitor Mendiluzeren pareko bertsolariren bat edukiko balute herrian, honezkero, toreroekin bezala, bizkarrean hartuta ibiliko luketela paseoan kalean gora kalean behera.
Egun osoko ikuskizun historikotzat jo dugu txapelketa, eta Mendiluze bera izan genuen errudunetako bat. Gogoan daukagu, oraindik,  bertso adituek bere zenbait bertsoaldi maisulantzat jo dituztela; esatera baterako, Olentzeroren paperean, edota, larru bizirik argazkiak ateratzen ari diren seme-alaben guraso gisa.
Andoaindartasunaren ikuspegitik ez dakit ohartuta gauden zein bertsolari handia daukagun jaioterri kide. Azken hamarkadatan elitean dabilen mutila eta Euskal Herriko ehunka plaza eta bazter ezagutu dituena; mailaren neurgailua lehiaketetara eramanez gero, besteak beste, Gipuzkoako txapeldun izan dena 1995 eta 2007an, eta txapelketa nagusian finalista 2001, 2005 eta 2009an eta ospatu berri den 2013koan.
 Andoainen, kultur munduan, ez gabiltza soberan horren kurrikulum bikaina erakutsi dezaketen pertsonei dagokionez.
Ez da erraza zehazten andoaindarrok zenbateraino garen esker oneko, zenbateraino esker gaiztoko… Zertaz harro gauden, zertaz ez. Tesi doktoral batera eramateko moduko gaia da hori, baina oraintxe bote prontoan, nago bertsogintzari dagokionez behintzat, buru estimu askorik ez dugula, geure buruaz herri ez oso bertsolari eta bertsozalearen irudia daukagula.
Atzera begira jartzen bagara, zenbait izen eta gertakizunekiko erakutsi dugun ezjakintasun eta axolagabekeriak, zer pentsatua eman beharko liguke. Adibidez, 1936ko txapelketa hartan agertu ziren herriko 12 bertsolari plazara atera izana, gertakizun harrigarri eta benetan azpimarratzekoa izan zena, sekula ez dugu baloratu behar bezainbat. Urte hartan bertan Euskal Herriko txapelketan Txirrita, Uztapide edo Basarrirekin orpoz orpo jardun zuen Joxinaxio Merdillegi Goiburuko bertsolari izugarriaren oroimenak ere ezkutuan jarraitzen du egun. Historian gerturago etorrita, hutsaren hurrengotzat daukagu, kasik, Jokin Sorozabal bertsolari puskak egindako ibilbide emankorra.
Eta gaurko egunera etorrita, zer esan Aitor Mendiluzeren bertso lanaren inguruan?
Bertsotarako bere gaitasun intelektual handia gainerakoon gozamenaren zerbitzura jartzen duelako, euskal kulturaren adierazpide herrikoi bat aberasten ahalegintzen delako, eta ze arraio, gure inguruko bat horren urrun iritsi izanak pozten gaituelako. Hortik aurrera jar daitezkeen arrazoi gehiagorengatik, ez ote genuke pentsatu behar zerbait antolatzea, Aitorri aitormena eta miresmena adierazteko?
Euskara eta euskal kultura geure biziaren ezinbesteko parte dugunok behintzat, zor historiko kitatu gabea daukagu Aitorrekin. Apala eta alarde handirik gabekoa izango den aitormen ekintza nahi bada, baina zintzoa. Herriko Udala eta herrigintza zein euskalgintza osatzen duten erakunde eta eragileak bilduko dituena, herriko kulturgile handi bat ohoretzeko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!