Andoaingo euskararen erabilerari buruzko iritzi artikulua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 9a, 18:59

"Andoainen euskarak duen erabilerari  buruz  zenbait ideia plazaratuko ditut":

Patxi Aznar Bellido
Erredakzioan jasota

Historialaria eta Burdina taldeko kidea

Arestian ezagutu dugunez, azken hilabetean Legazpizko birziklatze tasa bikoiztu da. Halako emaitza ona lortu ahal izateko zabor bilketa sistema mistoa (atez atekoa eta bosgarren edukiontzia) erabili dute. Orain dela hilabete batzuk Arrasaten zenbait alderdiren artean  hitzartutakoaren arabera, bosgarren ontziarekin bederatzi hilabetez froga eginez gero, espero diren emaitzak lortzen ez badituzte zabor bilketa sistema aldatuko dute. Planteamendu serio honekin, ziur nago jarritako helburuak lortuko dituztela, bi herrietan konpromisoaren aldeko apustua egin dutelako.
Orain aurreko gaia albora utzita, Andoainen euskarak duen erabilerari  buruz  zenbait ideia plazaratuko ditut.
 Aurten jasotako datuen arabera, herri erdia baino gehiago euskalduna da, baina %18,8k bakarrik erabiltzen du euskara. Datu horiek, beste herri batzuekin  alderatuta, oso baxuak dira, beste herri batzuetan antzeko datuekin erabilera askoz altuagoa delako. Orduan, zergatik gertatzen da hori Andoainen?
Lehenik eta behin esan behar da, gauza asko, ondo egiten ari diren bitartean, beste batzuk aldiz ez. Azken hauek, arlo pribatuan zein arlo publikoan euskararekin gertatzen dena, sakonki aztertu behar dira.
Arlo pribatutik hasteko, enpresa handiak  aipatuko ditugu jendearengan eragin handiagoa dutelako; supermerkatu handietan produktuen azpititulu gehienak erdaraz daude. Antzeko gertatzen da arreta zerbitzua eskaintzen dutenekin, nonahi elebakarrak aurki daitezke.
Enpresa txikietan eta dendetan ere, gutxiengo arduratsu bat kenduta, elebitasunaren legea ez da betetzen, Beraz, orokorrean, elebitasuna kasu gehienetan urratuta dagoela esan daiteke.
Arlo publikoan auzia korapilatsuagoa da, hizkuntzaren erabilera administrazio askoren menpe dagoelako, Udala, Diputazioa, Eusko Jaurlaritza, eta Estatu mailakoa.
Guretzat administrazio guztietan euskararekin gertatzen dena interesgarria izanda ere, euskararen aldeko prozesua ondo oinarritzeko, gertuko administraziotik hasi behar dugu, hots, Udaletik.
Udalak  langileen euskararen jakinduria eta erabilera bermatu beharko lituzke, behintzat jendearekiko tratua duten haiekiko. Horrez gain, Udalak, ahal duen neurrian, eta eskaintzen dituen zerbitzu desberdinen bidez, arlo guztietan, euskaraz kalitateko materiala edukitzeaz arduratu beharko luke. Horrekin batera, ez legoke gaizki euskaldunen arteko euskarazko solasak bermatzeko asmoarekin, zenbait ekimen antolatzea edo Udalak zenbait jai batzorderi, erakunderi eta abarreri diru laguntza eman baino lehen, euskararekiko baldintza batzuk betetzea eskatu beharko lieke, horrela, beste gauzen artean, ez litzateke posible izango zenbait auzoko jaietan umeentzako jolasak gaztelaniaz egitea.
Andoaingo Udalaren kasuan euskararekiko erakutsitako jarrera ona izan arren, erne egon behar da, komunikabideen eragina gero eta handiagoa izateaz gain, Andoaini kokapenak, Donostialdea inguruan, ez diolako batere mesederik egiten.
Atal honekin bukatzeko eta ikuspegi orokor bat emateko Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE)  gertatzen ari denaz azaldu nahi dut. Kasu honetan berriak ez dira onak, hiztun kopurua handitzen ari den bitartean, erabilera jaisten ari delako, hain zuzen ere, azken bost urte hauetan portzentajea %11,7tik, 11,3ra jaitsi da. Desastre honetan Euskal administrazioak erantzukizun handia baldin badu, Estatu mailakoak ere bai. Azken honek batez ere zerbitzu gehienak gaztelaniaz eskaintzen dituelako.
Dagoeneko baten batek pentsa dezake euskararen egoerak ez daukala zer ikusirik birziklatzearen gaiarekin, baina  bi borrokak irabazteko ezinbestekoak diren osagaiak nahiko antzekoak dira: adostasuna eta konpromisoa. Agian euskararen kasuan hauez gain, euskara hutsezko esparruak sortzea komenigarria litzateke, eta horretarako gaur egungo garaiak oso aproposak dira, gazteen artean ia denak euskaldunak direlako.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!