Andoainen apala da euskararen erabilera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urt. 9a, 18:55

Andoainen 2013ko maiatzaren 22a eta ekainaren 16a bitartean egin zuten kale-neurketa azken urteetako beheranzko joeraren isla da. Hamar urte atzera eginez, erabilera askoz handiagoa zen. Helduek, esaterako, euren artean erdaraz hitz egiten darraite. Euskararen erabilera handitu egiten da haurrak tartean direnean.

Euskararen erabilera apaltzen ari da Andoaingo kaleetan. Andoaingo Udalak argitara eman du Soziolinguistika Klusterak egindako kale neurketaren laburpena eta beheranzko joera hori  nahiko erraz ondorioztatu daiteke. Dagoeneko 2011ko kale neurketan euskararen ahozko erabileran jaitsiera izan zen. Eta, zoritxarrez, bi urte geroago joera horrek bere horretan jarraitzen du.
Andoainen 2013ko  maiatzaren 22a eta ekainaren 16a bitartean egin zuten kale-neurketan, behaketa zuzenean oinarritu ziren. Alegia, neurtzaileak herriko kaleetan zehar topatzen zuen jendeak hizketarako erabilitako hizkuntza jasotzen zuen, ezertxo ere galdetu gabe. Entzuten jarri eta erabilitako hizkuntza neurtzen zuen. Taldekako elkarrizketa-hizkuntza neurtu zuten, zehatzago esanda. Irizpide nagusia herriko kale jendetsuenak biltzea izan zen eta datuak jasotzeko garaian hiru aldagai soziologiko kontuan hartu zituzten: sexua, haurren presentzia eta taldearen adin osaketa.
Denera, iazko udaberrian 2.629 elkarrizketa aztertu zituzten eta elkarrizketa horietan murgildutako solaskideak zenbatu ondoren, 6.805 pertsonez osatutako lagina badutela dio Klusterrak. Gaztelania nagusi da, euskarari alde nabarmena ateraz. Beste hizkuntza batzuetan uste baino gutxiago entzuten da kalean:

ANDOAINEN
Seitik bat euskaraz
% 80,3 gaztelaniaz.
% 18,8 euskaraz.
%  0,9 beste hizkuntza batean.

Andoainen Eustatek argitara emandako datuen arabera, %75a euskalduna da edo euskararen nolabaiteko ezagutza du. Gainerako %25a, aldiz, erdalduna da. Datu horiek eskuetan, eta Txillardegik bere garaian zerabilen teoriaren arabera, Andoainen espero daitekeen euskararen erabilera %21ean kokatu beharko litzateke. 2011ko eta 2013ko azterlanek maila horren azpiko emaitza eman dute. Dakitenek ez dute behar adina euskara erabiltzen. Kezkatzeko moduko datua da hori, beraz.
1979. urtetik hona Andoainen antzeko hamar ikerketa burutu dituzte. XX. mende amaieran erabileran hazkunde handi samarra izan zen, baina zoritxarrez garapenik ez da izan alde horretatik. Bitxia da, ezagutzak goranzko joera ezagutu duen bitartean, erabilerak beheranzkoa erakusten duelako.

Erabileraren garapena
AZKEN HAMARKADATAN
1979     % 14,8    2001    % 16,1
1988     % 19,1    2002    % 23,1
1996     % 21,4    2006    % 26,4
1997     % 21,6    2011    % 16,6
1998     % 20,8    2013    % 18,8
1999     % 24,1

Datu eta zenbakien erruletan bada aipatu behar den datu bitxia. Donostialdean, esaterako, Andoain herriarekin alderatuta, ezagutza txikiagoa izanik ere erabilera handiagoa da.

GAITASUNA ETA ERABILERA
EREMUZ EREMU
Eremua    Erabilera    Gaitasuna
Andoain    % 18,8    % 52,4
Donostialdea    % 20,6    % 42,4
Gipuzkoa    % 32,7    % 52,0
EAE    % 16,1    % 37,4
EH    % 13,3    % 27,6

Aldatzea kosta egiten diren ohiturek erabileran pisu handia dutela ondoriozta daiteke. Adibide argigarria  haur txikien gurasoen artean gertatzen dena da. Nagusiek euren artean askoz ere gutxiago erabiltzen dute euskara, haurrekin ari direnean baino. Horrela, nagusien arteko kale-elkarrizketen artean neurketak %10,2 erabilera eman zuen. Haurrekin ari zirenean, berriz, %33,9ra igotzen zen kopuru hori. Nagusien artean erdarara jotzeko ohitura duten andoaindar euskaldun asko dagoela ondorioztatu du Klusterrak. Eta helduen artean erdaraz aritu arren,  hurrengo belaunaldiei euskara transmititzearen aldeko kontzientzia ere badutela gainera daiteke.

ERABILERA ANDOAINGO
EREMUAREN ARABERA
%  27,8 Kaleberria, Allurralde.
% 18,7    Dr. Huitzi, Bastero, Ondarreta.
% 16,9    Karrika.
% 16,1    Urigain ingurua.
% 13,6    Plazaola.
% 12,6    Goikoplaza.
% 10,3    Ama Kandida, Osasun Etxea.

ADINAREN ARABERAKO
ERABILERA
Urteetan izandako bilakaeran   ez dago alde esanguratsurik gizonezkoen eta emakumezkoen hizkuntza-portaeren artean. Hori bai, eta datu baikorrak nabarmentze aldera, zenbat eta belaunaldi gazteagokoa izan, orduan eta gehiago erabiltzen da euskara.
% 34,7    Haurrak (2-14 urte).
% 21,5    Gazteak.
% 15,5    Helduak.
%   9,8    Adinekoak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!