Saroben bakegintza eta bizikidetza hizpide izango dira hurrengo astean, Udalak eta Baketik erakundeak elkarrekin antolatu dituzten jardunaldietan. Lehen bi egunetan hitzaldi bana antolatu dituzte, eta hirugarrenerako jardunaldi irekiak. Zer egin dezakete urnietarrek bake prozesuaren alde? Erantzuna ibiliaren ibiliaz etor daiteke. Bien bitartean antolatzaileentzat urrats garrantzitsua litzateke pentsaera desberdineko pertsonak elkartzea, iritziak elkartrukatzea eta batak besteari entzutea. Esperientzia horien guztien gunea Sarobe izango da.
Urnietan agintaldi honen hasieratik Udala osatzen duten hiru alderdiek bizikidetza eta bakearen aldeko urratsak eman dituzte. Herritarren txanda heldu dela uste dute, asteazkenean udaletxeko batzarraldi aretoan adierazitakoaren arabera. Bake bidean “pausoak guztion artean eman behar direla argi du Udalak, denon inplikazioa eta zubilana nahitaezkoa izango baitira herri gero eta baketsuago eta gizatiarrago bihurtze aldera”.
Iragana, oraina eta etorkizuna
Jardunaldiak hiru egunetan burutuko dira eta egun bakoitzeko gatazkaren aro bana aztertuko da. Hiru egunetan solasaldirako eta iritziak trukatzeko aukera zabalduko zaie herritarrei. Urtarrilaren 14an egia, justizia eta erreparazioaz hitz egiteko aukera izango da Pako Etxeberria forentse ezagunaren eskutik.
Biharamunean, urtarrilaren 15ean, Carlos Martin Beristain psikologoak biktima guztien ikuspegia azalduko du. Esperientzia handia metatu du nazioarteko gatazkatan eta baita Euskal Herrikoan ere. Gatazkaren bi aldeetako biktimen sufrimendua beretsua dela adierazi izan du behin baino gehiagotan.
Jardunaldien azken eguna urtarrilaren 18a izango da. Urnietako esperientzia ardatz hartuta, parte hartzaileek aukeratutako gaien araberako mahai-inguruak sustatuko dituzte. Eguerdi aldera solasaldi bakoitzeko ondorioak aditzera emango dituzte.
HERRITARREN PARTE HARTZEA
Agerraldian izan ziren Udal ordezkari guztiak bat etorri ziren jardunaldi hauetan herritarrei parte hartzeko gonbitea luzatzeko garaian. Bertan bulegoetan izena eman behar dute, edota urnieta.org gunean.
Bakegintza ardatz duen ekimenean parte hartu nahiko luketen haur txikien gurasoei begira, jardunaldiak burutzen diren bitartean haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute.
Agerraldian nagusiki Maribel Vaquerok eta Pello Sarasuak hitz egin zuten, Udalaren eta Baketik erakundearen izenean, hurrenez hurren.
Maribel Vaquero Urnietako alkate-ordeak agintaldi planaren oinarrietakoa giza eskubideen eta bakegintzaren defentsa zirela adierazi zuen. Horren isla 2011n Baketik erakundearekin sinatu zuten elkarlanerako hitzarmena. Hitzarmen horren fruitu izan da datozen egunetan antolatu den egitarau oparoa, sona handiko parte hartzaileekin.
Vaquerok adierazi bezala, bake kulturan eta bizikidetza mailan pausoak eman nahi dituzte Urnietan, “ETAk behin betiko su-etena iragarri eta gero, estrategia armatuaren amaierak eskenategi berrian uzten gintuen. Nahiz eta Udal konpetentzitik kanpo geratuko diren hartu beharreko erabaki asko, Udal mailan eta herrigintzatik abiatuta lan asko egiteko zegoela ikusi genuen. Bakearen eraikuntzan eta bizikidetzan herri bezala aukera baliatu nahi genuela erabaki genuen. Indarkeriaren fase amaiera honetan bizikidetza lantzea funtsezkoa da. Herri mailako eremua ezin hobea da horretarako”.
Pello Sarasua Baketik erakundeko kidearentzat jardunaldi hauetan prozesu ikuspegi batekin lan egitea garrantzitsua da. Gakoa herritarrak batzen joatea da. Noraino iristea nahiko lukete? Aiurriren galderari zera erantzun dio Sarasuak: “Aniztasunetik, herritar guztiengana iritsi nahiko genuke. Oso erraza litzateke EAJko jendearekin bakarrik lan egitea, edo Bildukoekin edo PSEkoekin bakarrik egitea. Baina, nolabait berriro ere guettoak edo trintxerak egiten jarraituko genuke. Erronka sentsibilitate ezberdinko jendea elkartzea da, bereziki elkar entzuteko. Askotan esan ohi dugu elkarrekin hizketan bagabiltzala, baina ez dakigu noraino entzuten diogun ondokoari. Elkarri entzuteko espazioak sortzea garrantzitsua da. Aurrera begirako egitasmoetako bat da Urnietan herritarrek osatutako bizikidetza kontseilua sortzea”.
Agerraldian adierazi zutenez, Gipuzkoan antzeko ekimenak hamabost izango dira. Bakoitza bere xehetasun eta ñabardurekin, metodologia ezberdinaren arabera garatuz doaz. Sarasuak tokian tokiko errealitatea aipatu zuen, “herri bakoitzak gatazkarekiko bere iragan propioa du, errealitatea ezberdina da herri batean edo bestean. Geroz eta herri gehiagotan martxan jartzen ari dira horrelako ekimenak. Bizpahiru urtetik hona beldur asko uxatuz doaz. Gaurko Urnietako agerraldian ordezkaritza duten hiru alderdiak aurkezpenean egotea oso garrantzitsua da”.
Urnietar guztiak jardunaldietan parte hartzera gonbidatuta daude. Aldez aurretik izena eman behar da, Bertan bulegoetan edota urnieta.org gunean.
Maribel Vaquero, EAJ-PNV: “Legealdi planean bakearen kultura sustatzea finkatu genuen hiru alderdien adostasunarekin”
Xabier Yurramendi, EH Bildu: “Ezberdinen arteko parte hartzea beharrezkoa da. Herritarrak animatu nahi ditugu parte hartzera”
Herme Gonzalez, PSE-EE: “Garaia bada etorkizuna lantzen hasteko eta horretarako urnietarren parte hartzea ezinbestekoa da”
EGITARAUA:
Urtarrilak 14, asteartea.
Iragana
19:00 Aurkezpena.
19:15 Hitzaldia: “Egia, justizia eta erreparazioa”. Hizlaria: Pako Etxeberria.
20:00 Kafe-hizketaldia.
20:30 Solasaldia.
21:00 Amaiera.
Urtarrilak 15, asteazkena.
Oraina
19:00 Aurkezpena,
19:15 Hitzaldia: “Indarkeriaren hausketak, elkarbizitzaren berreraiketa”. Hizlaria: Carlos Martin Beristain.
20:00 Kafe-hizketaldia.
20:30 Solasaldia.
21:00 Ekitaldiaren amaiera.
Urtarrilak 18, larunbata
09:30 Aurkezpena
09:45 Urnietako esperientziak.
10:00 Open Space.
10:15 Mahai-inguruen lehen saioa.
11:15 Atsedena.
11:45 Mahai-inguruen bigarren txanda.
12:45 Ondorioak.
13:30 Amaiera.