Emilio Audikana sukaldaria, Zuena elkarteko kideekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 27a, 11:57

Andoaingo sukaldari ezagunak bi eguneko ikastaroa eman zuen joan den astean Hogar Extremeño elkartean. Urteroko ekimena bihurtu da dagoeneko, eguberrien aurretik Zuena emakumeen elkarteak antolatzen duena.


Berrogeita hamar lagunetik gora bildu ziren, ospe handiko Audikana sukaldariaren irakaspenak jasotzeko irrikaz. Besteak beste, honako platerekin jardun zuen Audikanak: zerri iberikoaren azpizuna pate eta tipulinak modena erara salteatuta; browniesak; bakailaozko buñueloa; apfel-strudel-a; ahate izterra perretxikuz eta mertxikaz beteta eta muskuiluen krema “billy-billy” azafraiarekin.
Audikanak Domingo Garcia eta Pedro Mateos Hogar Extremeñoko bazkideen laguntza eduki zuen bi egun iraun zuen ikastaroan.
Ikastaroko partehatzaileek oso gustura entzun zituzten Audikanaren azalpenak, baita probatu ere hark prestatutako jaki goxoak! Etxean errezeta horiek egiteko prest irten ziren ikastarotik. Gabonetako egun berezietan, denbora eta pazientzia hartuko dutela horretarako, adierazi zuten.
Audikana Norbegian, Portugalen eta estatu espainiarreko hainbat jatetxeetan aritu da lanean orain arte. Egun, Cebanc sukalde eskolan irakasle da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!