Ohiko diren edukiontzi marroia, berdea, horia eta urdinaz gain informazio zehatza ematen da olioa, pilak, arropa, sendagaiak edota bolumen handiko hondakinak bereiztu eta birziklatzeko. Arriskutsuak diren hondakinen zerrenda ere gida horretan aurki daiteke. Etxeko konpostajea egiteko gakoak ere bertan aurki daitezke.
Udalak bidalitako oharraren arabera, edukiontzi marroia herrian txertatzearekin batera, “herritarren eta merkatarien artean zalantzak eta informazio falta antzeman ziren”. Horixe izan da urte amaierarako prestatu duten gida egin izanaren arrazoi nagusia. Gidak “modu egokian birziklatzen lagunduko die herritarrei, izan ditzaketen zalantza guztiak argituko baitizkie. Gordetzeko formatu egokia du, gainera, behar duten guztietan kontsulta dezaten”.
Birziklapen batzordea
Abenduaren 26ko Udal batzarraldian Birziklapen batzordea osatuko da. Udalak aditzera eman duenez, “birziklapen tasa areagotzeko hartu beharreko neurriak aztertuko dira bertan.
Urnietako Udalak hondakinen ahalik eta kudeaketa onena lortzeko duen konpromisoarekin jarraituz, hondakinen bilketa–lerro ezberdinen inguruko informazioa zabaltzen jarraitzeko beharra ikusten du, ahalik eta birziklatze maila altuena lortze aldera”.