Inoizko arrakastarik handiena izan zuen Iñistorra euskaltzaleen biltzarrak herriko hainbat eragileekin lankidetzan antolatu zuen San Tomas eguneko azoka. Parte hartze eta kontsumoari dagokionez marka guztiak hautsi ziren aurreko larunbatean. Sagardoa ia erabat agortu zen. Txistorra, taloak eta gaztain erreak ere izugarrizko salmenta izan zuten. Pozteko moduko ezustea, San Tomas eguna asteburuan izanik antolatzaileak jende gutxiago hurbilduko zen beldur zirelako. Ez zen horrelakorik gertatu, ordea. Kontzejupekoa dagoeneko urnietar askorentzat hitzordu seinalatua bilakatu den seinale da hori.
Argazkian ikus daitekeenez, itxura polita zuen San Juan plazak. Arratsaldeko seiretan hasiera eman zioten eta piskanaka adin guztietako herritarrak hurbildu ziren. Iluntzean emozio ugari izaten da sagardo eta tarta lehiaketaren sari banaketarekin, neguko saskiaren zozketarekin edota irabazi duen sagardogilearen botilaren ekantearekin. Ospakizuna dagoeneko Urnietan errotu dela esan daiteke.
USADIOZKO SAGARDO LEHIAKETA
Usadiozko sagardo lehiaketaren bostgarren edizioan inoiz baino lehia handiago izan da aurtengo txapelketan. Hori argi ikus liteke sailkapenari begiratuta, bost lehenak puntu eta erdian sartu ziren.
Puntu erdiko aldearekin Sabordegik iazko garaipena errepikatu zuen, bost edizioetan bi aldiz garaitzen duen lehena izanik. Atzetik, desenpatea egin eta gero, Montefrio eta Elutseta sailkatu ziren.
12 sagardogile: Antso, Pagoaga, Milluts, Altzibar, Montefrio, Elutseta, Bidegurutzeta, Gerez, Sabordegi, Sorozabal, Martin Lizeaga eta Errotaberri.
Sailkapena:
1. Sabordegi 84,5 puntu
2. Montefrio 84 puntu
3. Elutseta 84 puntu
4. Errotaberri 83,5 puntu
5. Bidegurutzeta 83 puntu
Irabazleak urtez urte:
5. edizioa 2013 Sabordegi
4. edizioa 2012 Sabordegi
3. edizioa 2011 Errotaberri
2. edizioa 2010 Elutseta
1. edizioa 2009 Milluts
Emozioa nagusitu zen Urnietako sagardo ekoizleen arteko lehiaketan. Lehia sanoa hori bai, denek ere etxeko kontsumorako sagardoa ekoizten baitute. Iñistorrak, ordea, Urnietan bertan egiten dena dastatzeko aukera ematen die herritarrei eta dastaketaren harira, epaimahai batek guztiak dastatu eta iritzia ematen du. Aurten ere hamabi aurkeztu ziren. Sailkapena ikusita, lehia estua izan da aurtengo txapelketan. Bost lehenak puntu eta erdian sartu ziren.
Irabazlearen botila enkantean jarri eta 30 euroko prezioan erosi zuten.
Apal-apal hasi ohi da San Tomas eguna San Juan plaza inguruetan. Trikiti doinuek girotuta jendea hurbilduz doa sagardoa edo pintxoak erosteko txarteldegira. Lehen ilarak hor sortzen dira eta ondoren sagardoa edota jakiak hartzeko. Sagardoaren txinpartak eraginda giroa berotuz doa, bertara bildu direnen bolumenaren proportzio berean. Azkenerako lehiari eta zozketei adi, giroa bero-bero egoten da.
Pizgarri asko ditu Urnietako San Tomas azokak. Ilunabarrean emozio handiko uneak bizi izaten dira.
Sagardoaren enkantea:
Irabazlearen botila 2 eurotan abiatu zen, 30era iritsi arte. Urtez urte:
1. edizioa 7 euro Milluts
2. edizioa 13 euro Elutseta
3. edizioa 21 euro Errotaberri
4. edizioa 16 euro Sabordegi
5. edizioa 30 euro Sabordegi
Sagar tarta lehiaketa:
Hamar tartagile aurkeztu ziren:
Irabazlea: Manoli Sorondo.
Eguberrietako saskia:
550 euroko saskia: 1068 zenbakia.
Irabazlea: Kontxi Zaldua.
Gaztaren kiniela:
1415 gramoko pisua zuen gaztak.
Irabazlea: Nikolas.
Pisu zehatza ez zuen inork asmatu. Nikolas izan zen gehien gerturatu zena, 5 gramorengatik ez zuen pisu zehatza asmatu.