Erabakita geratu dira II. Antton Pebet memorialeko final-erdiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 26a, 14:47

Aurreko asteburu osoan zehar, pilota partida bikainez gozatu ahal izan zen Villabonako Bearzana pilotalekuan, Behar-Zana pilota elkarteak antolatutako II. Antton Pebet memorialaren baitan. Faboritotzat jotzen ziren ia bikote gehienek ez zuten hutsik egin, final-erdietarako txartel baliotsua lortuz. Jarraian, Behar-Zana pilota elkarteko kideek igorri duten kronika zehatza. Hurrengo asteburuko pilota partiden egitaraua ere jakinarazi dute:

Ostiraleko partidetan, kadetetan, Moron-Zezeaga bikote arrasatearrak 22-0 irabazi zieten Elola-Otegi biko bidaniar-ikaztegietarrari. Ez dago asko esateko. Irabazleek, galtzaileek ateratako pilota bizi-xamar batekin jarraitu eta 22 tanto errezkan egin zituzten. Batere huts egin gabe. Itsusia gertatu zen partida, eta baita emaitza ere, ez delako batere egokia adin honetan tantorik egin gabe uztea aurkaria. Hala, arrasatearrek Irazustabarrena-Aizpitarte izango dituzte aurkari.

Jubeniletan, ordea, berdintasuna izan zen nagusi. Arteaga-Salegi bikoak 19-21 galtzen joan ostean 22-21 irabazi baitzuen Peña-Urdapilleta bikotearen aurka. Aurreko lehia ikaragarria suertatu zen. Peñak, ikaragarrizko gorakada egin duelako nabarmendu zuen eta Urdapilletak ongi eutsi zion partidari. Arteagak zer esanik ez, joko maila zoragarrian dagoen pilotariak Salegi zestoarraren laguntza oso duinaz partida aurrera atera zuten. Irabazleek, Labaka-Erasun bikote zizurkildarra izango dute aurkari.

Nagusi mailan, berriz, Santxo-Urruzolak 22-16 irabazi zieten Urmeneta-Nubla bikoteari. Partidan zehar galtzen joan ondoren, 16na berdindu eta zuzenean joan ziren 22ra. Partidako azken txanpan Nubla lizarrarrak egindako hutsek baldintzatu zuten lehia. Irabazleek ez zuten beren joko maila onena erakutsi baina final-erdietarako txartela lortu zuten eta X.Urbieta-Iturriaga bikote sendoaren aurka lehiatuko dira.

Larunbateko jaialdian ere, partida ederrak ikusi ahal izan ziren. Kadetetan Zubizarreta-Murua lazkaotarrek 22-16ko emaitzaz irabazi zieten Oiarbide-Etxeberria bikote Urnieta-oiartzuarrari. Zubizarretak, denen gainetik koska bat gorago dagoela erakutsi zuen eta ongi irabazi zuten partida. Beste 3 pilotariek ere lan oso duina burutu zuten eta partida oso gustagarria egin zen.

Jubenil mailan, berriz, Elordi pilotari bizkaitarrak eta Aburuza bidaniarrak erraz irabazi zieten Maiz billabonatarrari eta Mendy iparraldeko pilotariari. Elordi, denen gainetik nabarmendu zen eta aurrean diferentzia handiak markatu zituen. Aburuza txukun, ez zuen gehiagoren beharrik izan. Azken eta hirugarren partidan, Ojuel-K.Galarzak bikoak 22-20 irabazi zieten Yoldi-Gorrotxategi bikoari. Partida irekia zena lehen tantoa jokatzerako, 13-4ko emaitzaz jarri zen Ojuelen hasiera indartsuaren ondorioz. Ordea, Yoldi nafarrak eta Gorrotxategi hernaniarrak beren esperientzia baliatuz, tantoz tanto gerturatzen joan ziren eta 20-20 emaitza zenean, Yoldik kontrakantxako marra jo eta hor galdu zuten partida. Kerman Galarza bizkaitarrak bere aldetik partida oso txukuna egin zuen nahiz eta bukaeran tanto batzuk galdu.

Asteburuko eta final-laurdenetako azken jaialdian, emaitza hauek izan ziren; Kadetetan, Garcia-Cordon nafarrek 22-7 irabazi zieten Oñederra-Garate azkoitiarrei. Nahiz eta hasieran gipuzkoarrek partidari eutsi, behin alde egin eta ezin zuten ezer egin nafarren nagusitasunaren aurka.

Jubeniletan, Matxin zegamarrak Solano lasartearrarekin (Mariazkurrenaren ordez) 22-16 galdu zuten Laso-Sarasa nafarren aurka. Partida oso gustagarria izan                                                                                                                                                                                        zen, batez ere Matxinen gogo eta joko politagatik. Nahiz eta galdu, erakutsi zuen atzean laguntza gehiago izan bazuen partida aurrera ateratzeko adinako joku baduela. Irabazleek,  markagailuan diferentzi handiak markatu bazituzten ere, bukaeran larrituta amaitu zuten partida, Matxin tantoak egin eta egin hasi zenean.

Azken partidan, Larrañaga-Murgiondo azpeitiarrek ezin izan zuten irabazi Urretabizkaia-Erreka bikoaren aurka. Azpeitiarrak hasiera batean faborito baziren ere, 22-15eko emaitzaz galdu zuten Ikaztegietako aurrelari bizi eta Ustaritzeko eta Villabonako Behar-Zanako pilotari den Laurenten aurka.

Beraz, final-erdiak honako hauek izango dira:

Datorren larunbatean, abenduak 28 arratsaldeko 17:30ean

1.- Kadeteak: Moron-Zezeaga & Irazustabarrena-Aizpitarte

2.- Jubenilak: Labaka-Erasun & Arteaga-Salegi

3.- Nagusiak: Urbieta-Iturriaga & Santxo-Urruzola

 

Igandean, goizeko 10:30etan hasita

1.-Kadeteak: Garcia-Cordon & Zubizarreta-Murua

2.-Jubenilak: Elordi-Aburuza & Laso-Sarasa

3.-Nagusiak: Ojuel-K.Galarza & Urretabizkaia-Erreka

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!