Parte hartze batzordea hasi da lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 19a, 15:06

Villabonako Udaleko Komunikazio sailak jakinarazi duenez, parte hartze batzordea sortu du Villabonako Udalak, herritarrekin landu nahi den parte hartze proiektu arautzailea bideratzeko. "Helburua, herritarren partaidetza bermatuko duen ordenantza bat sortzea da, eztabaidek, galdeketek eta oro har parte hartzeak oinarri bat izan dezan": 

Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek (EH Bildu, EAJ eta PSE) egin dute bat ekimen honekin, eta ondorioz, batzordeko kide dira. Batzorde honen lehen erabakia, aholkularitza EMUN enpresari esleitzea izan zen.

Urtarrilean herritarrekin abiatuko den lanketa prestatzen hasteko, Udal ordezkariek bilera egin zuten joan zen astelehenean udaletxeko pleno aretoan aholkulari lanak egingo dituen Denis Elortzarekin (EMUN). Herritarrekin egingo diren bileren datak finkatu ziren: urtarrilaren 28a, otsailaren 11 eta 25a. "Orain beraz, batzorde horren lanketa bilera horiek prestatzera bideratuko da. Proiektu parte hartzaile honetatik jaioko den ordenantza ahalik eta pluralena izan dadin, herriko eragileak eta herritar ezberdinak proiektuan egotea ezinbestekoa da. Hori lortzea da orain batzorde honen lehen lana, eta gogoz hartu dute guztiek", azaldu dute.

Alderdi guztietako ordezkariak, herriko eragileak eta nahi duen herritar oro izango da proiektu honen parte. Izena eman beharko da herritar moduan parte hartzeko, eta hiru bilera horietara joatea izango da betebeharra.

 

*Argazkian: Galder Azkue (EH Bildu), Ibon Ariznabarreta (EAJ), Nagore Puyadena (EAJ), Maria Luisa Arija (PSE), Nora Urbizu (EH Bildu) eta zutik Denis Elortza (EMUNeko aholkularia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!