Elizmendiko garbitokia, desagertutako txokoa gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 19a, 12:46

Amagoia Piá Asteasuko udaletxeko artxibozainak Elizmendiko garbitokiaren inguruan kaleratutako datuek jarri dute abian ondorengo erreportajea. Izan ere, 1910. urtean Elizmendin garbitokia eraiki zela jakin baitu Aiurrik lan horri esker,eta eraikitze prozesuan, hainbat ezaugarri berezi izan zuela.

Amagoia Piák bere idazlanean aditzera ematen duenez, 1910 urtean Asteasuko Elizmendi auzoan eraikitako garbitokiaren ezaugarri arkitektokinoak nahikoa sinpleak ziren: “neurri txikiko angeluzuzen planta; lau isuriko teilatu txikia; argitasuna emateko bederatzi leiho estu; sarrerarako ate bakarra; eraikinaren erdigunean garbileku angeluzuzena, lau izkinatan arropa marruskatzeko harrizko xaflak zituena. Kanpotik ere ez zuen apaingarri handirik, arrunt eta soila zen eraikina: teilatuaren alderdirik altuenean burdin-sare txikia, atearen gainean teilape motza (babesteko baino, apaintzeko helburuarekin egina), eraikinaren azpialdea igeltsuzko zokaloz inguratua zuen eta leihoen gaialdean igeltsuzko hiru moldura paralelo zituen, karratuak eta finak. Bizilagunentzako nahikoa. Azken batean, lanerako eraikina baitzen”. Eraikinaren barru nahiz kanpoko ezaugarriak jakinaraztearekin batera, garbitoki haren proiektua Tolosako Gillermo Eizagirre (1878-1932) arkitekto ezagunak idatzi zuela nabarmendu behar da. Aipatu arkitektoak Gipuzkoa mailan sona handiko hainbat lan burutu zuen; besteak beste, Zizurkilgo eskolak, Beasaingo merkatua, Errezilgo udaletxe-eskolak…

Lan geometrikoa, fina
Asteasuko garbitokia eraiki zuen garaian, Eizagirre arkitektoak aurrez lantzen zituen dotoreziak alde batera utzita, eraikin gero eta sinpleagoak egiten zituela azaldu du artxibozainak: “erliebe gutxirekin, lore, hosto nahiz bestelako apaingarriak baztertuz. Lan geometrikoak egiten zituen garai hartan, finak beti ere”.
Arkitektoaren asmoak, baina, eraikinaz haratago iristen ziren: “bere kezka, kalitatean bezala, gauzatze epeetan ere oinarritzen zen eta, dudarik gabe, garbitokia egiteko materialak kalitaterik onenekoa izan behar zuen Eizagirre arkitektoaren esanetan; gainerakoan, bertan behera baztertuko baitzituen. Era berean, benetan azpimarragarria da bere baldintza-agiri edo plieguetako azken puntuan, eraikitzaileak lan istripuen legea betetzeko betebeharra azpimarratzen zuela. Dudarik gabe, 100 urte pasatxo geroago, oraindik ere, egunean dagoen idatzia da”.

Monika Larburu:
“ Toki polita zen, ur ederra zuena”

Egun eraikin zaharraren arrastorik ez bada ere, Elizmendiko hainbat eta hainbat auzotarrek gogoan dute oraindik garbitokia, kanpotik nahiz barrutik.

Elizmendin jaio eta bizi den auzotar batek ura herrira etorritakoan egindako garbitokia zela aipatu du, “1908. urtean eraiki zuten Elizmendiko iturria eta handik bi urtera labaderoa. Iturriari lotutako hodia lur azpitik zuzenean garbitokira joaten zenez, ura izaten zen beti bertan. Korronte dezente izaten zuen urak eta ondorioz, garbi-garbia iristen zen”. Eraikinak barruan putzuzuloa eta lau aska zituela gogoratu du eta Elizmendi auzoko emakumeak barrenoiak hartuta gerturatzen zirela bertara, “labaderoan arropa garbitu ondoren, etxera eramaten zituzten sikatzera. Denak ez ziren garbitokira joaten, Elizmendiko hainbat emakume garbitokira beharrean errekara ere jaisten zen arropak garbitzera. Niri ez zitzaidan Elizmendiko labaderoan garbitzea egokitu, baserrian bertan baikenuen garbitokia”. Hala ere, ume eta gaztetxo zelarik, Elizmendiko garbitoki zaharraren inguruan behin baino gehiagotan jolastu zen auzotarra, “umetan garbilekuaren kanpoaldean maiz jolasten genuen, urarekin ere bai tarteka eta xaboi puxkaren bat topatuz gero, ponpak egiten aritzen ginen”, azaldu du. Leku lasai eta dotorea zen auzotarraren aburuz, “barruan harri ederrak zituen zapia jotzeko”. Era berean, garbitokiak kanpoaldean ganaduentzako aska handia eta txikia zituela gogoratu du eta behiak bertara joaten zirela ura edatera. “Garbitokiaren ondoan, ondoko etxekoen oilategia zegoen eta pikondoa ere bai”. Elizmendiko bizilagunak, garbitokiari behar bezala kontu egin ez zitzaiola uste du eta zaharkituta geratu zela. Egun ez dago garbitokiaren arrastorik Elizmendiko iturriaren parean, etxebizitza baizik.

Hotza eta izotzarekin, nagia
Izatez andoaindarra bada ere, Monika Larburu duela urte askotxo etorri zen Asteasuko Elizmendira bizitzera. Monikak ere ezagutu zuen Elizmendiko garbitokia. Ezagutu bakarrik ez, erabili ere bai; oso maiz gainera, “gehienetan etxean xaboitu eta garbitokiko losaren gainean astintzen nuen arropa. Hainbat auzotar xaboia hartuta ere gerturatzen zen bertara eta hantxe aritzen ziren lanean”. Etxearen ondo-ondoan zuen Monikak Elizmendiko garbitokia eta gehienean jendea izaten zela aipatu du, “goiz nahiz arratsalde, beti izaten zen mugimendua han. Ur gutxi genuen etxean eta garbitokira joan beste erremediorik ez genuen izaten. Toki polita zen, ur ederra zuena. Ur asko pilatzen zen sarritan garbitokian eta bete-bete eginda zegoenean, lizuna edo goroldioa sortzen zen azpialdean. Bi edo hiru astez behin hustu eta garbitu egiten zuten”, argitu du. Garbitokiko tartea tertulia egiteko aprobetxatzen zutela ekarri du gogora Monikak, “auzotarren artean hizketarako tartea hartzen genuen arropak astintzen ari ginenean, baina lan asko izaten zen etxean eta nik behintzat ez nuen denbora gehiegirik izaten labaderoan aritzeko”. Arropa garbitu edo astintzera emakumeak soilik biltzen ziren, “emakumeak ginen denak, han ez zen gizonik izaten. Oraingo gizonek laguntzen omen dute garbiketan, baina orduan ez zen halakorik. Emakumearen lana zen garbitzea”, aipatu du. Monika, semea ondoan hartuta joaten zen sarritan garbitokira, “arropa garbitzen aritzen nintzen bitartean umeari segika ibiltzen nintzen, garbitokia urez bete-beteta egoten zenez, umea uretara erori eta itoko ote zitzaidan beldurra izaten bainuen”. Gerora, garbigailuek erosotasuna ekarri zutela gaineratu du Monikak, “orain ez da garai bateko garbitokien beharrik. Alde ederrekoak dira egungo labadorak! Orduan, hotza edo izotza egiten zuenean, garbilekura joateko perezak jota, lana atzeratzen ibiltzen ginen askotan”.

Iturraldekoa, erabilera anitzeko garbitokia
Asteasuko behe bailaran ere, bazen jende asko erakartzen zuen beste garbitoki-iturri bat; Iturraldekoa, hain zuzen ere. Errizu baserrian jaio eta Ibargaira ezkondu zen Maria Jesus Iturbek ongi baino hobeto ezagutu zuen txoko hori.
Betidanik ezagutu nuen labaderoa, Ibargai baserriaren atzealdean. Orain urte gutxi erre zen Iturralde baserriaren ondoan zegoelako hartu zuen izen hori. Herritar asko gerturatzen zen arropak garbitzera nahiz edateko uraren bila”, gogoratu du Maria Jesusek. Errizun bizi zela, etxean bertan tini izeneko barrika modukoaren bidez edota Lauxarreta errekara jaitsita moldatzen zen arropak garbitzeko. Behin Ibargai baserrira bizitzera etorritakoan, Iturraldeko  garbitokia erabiltzen hasi zen, “hasieran bertako jendea soilik joaten ginen labaderora. Etxean arropak xaboituta eraman eta hango hiru harrietan astintzen genituen. Oso leku maitea zen, makina jende biltzen zuen. Astoekin ere etortzen zen jendea bai arropak garbitzera, bai edateko uraren bila. Ur franko eramaten zen handik, oso garbia eta ona baitzen”. Urteak aurrera, ordea, garbitokiko ohitura aldatu egin zen, “Asteasura kanpoko herrietako jendea bizitzera etorri zenean, haiek ere labaderora joaten ziren arropak garbitzera. Etorkinek beraien ohiturak ekarri zituzten: guk etxean arropa xaboituta eramaten bagenuen, haiek bertan egiten zuten lan guztia: arropak sikuan besoan hartuta joaten ziren emakumeak labaderora. Han arropa xaboitu, zabal-zabal eginda eguzkitan lehortzen uzten zuten mantxak desagertzeko-edo eta xaboia kentzeko astindu egiten zuten ondoren… Ordu asko behar izaten zuten lan horiek guztiak egiteko eta izugarrizko ilarak sortzen ziren. Hamar minutuko lana egiteko, denbora luzez zain egon behar izaten genuen batzuetan eta lehen tertulia leku zena, errieta toki ere bilakatu zen batzuetan”, azaldu du.

Erabilera ugari
Egunez nahiz gauez ere jendea ibili ohi zen Iturralde garbitokiaren inguruan. Maria Jesusek ezuste galanta hartu zuen iluntze batean, ur bila gerturatu zenean: “Iluntzean baserritik ur bila joan eta plisti-plastaka mugimenduren bat sumatu nuen askan. Baserrira joan nintzen korrika batean, animaliaren bat ote zen-edo beldurtuta. Berriz itzuli ginenean, emakume bat bainatzen ari zela konturatu ginen. Orduan etxeetan ez zen dutxarik eta hara!, denerako erabilera ematen zitzaion labadero hari”.
Dutxarik ez zen bezala, hozgailurik ere ez zen eta Iturraldeko aska botilak freskatzeko ere erabiltzen zela azaldu du Errizukoak. “Gerora, hozkailu, dutxa nahiz garbigailuak iritsi zirenean lasaitasun ederra hartu genuen. Baina garaian garaikoarekin bizi behar da. Ondo bizitzea da kuestioa”, azaldu du. Maria Jesus labaderoan aritzen zen garaian emakumeak soilik aritzen ziren garbiketan, “oraingo gizonek badakit etxeko lanetan asko laguntzen dutela eta oso ondo iruditzen zait hori. Unidadea behar da”.
Garbitokia oso txoko polita zela oroitzen du Maria Jesusek, “iturria alde batean eta parean, arropa garbitzeko putzua eta jotzeko hiru harri zituen. Iturriaren gainaldeko harkaitzak eroriko ote ziren beldurrez egoten ginen maiz. Zorionez, inoiz ez zen ezer txarrik pasa”. Aldaketak aldaketa, gaur egun ere bertan mantentzen da iturria, “labaderoa zena desagertu bazen ere, iturria garai hartako leku berean mantentzen da. Pena gaur inork probetsurik ez ateratzea; ekartzen duen ura, zikinduta iristen denez, ez baita edangarria. Gainerakoan, ingurua ere aldatuta dago, eserlekua ere bada orain”. Ondo gogoan gordeta ditu asteasuarrak Iturralde inguruko pasarteak, dioen bezala, “kontu horiek ez baitira ahazten”.

Tinian, arropa txuri-txuri
Labaderoan hasi aurretik, tini izeneko ontzi handietan garbitzen zuten antzina arropa. Maria Jesusek berak ezagutu zuen ohitura hura: “Umeak ginela nik tinia ezagutu nuen etxean. Azpian zuloa zuen barrika moduko ontzia zen, hiru hanka zituena. Barruan, arropa zikina zabal-zabalean jartzen genuen eta gainetik, xaboi funtzioa betetzen zuen hautsarekin batera ur beroa botatzen zitzaion marmita batetik. Beheko zulotik, goitik botatako ura atera eta palankana edo barrenoian jasotzen zen. Aspaldiko kontuak dira horiek, baina txuri-txuria geratzen zen arropa”.

Kiloko amuarraina askan
Jesus Mari Maioz Maria Jesusen bizilaguna da eta ederki ezagutzen du berak ere Iturraldeko garbitokia. Garbitzeko ez bazen ere, jolaserako txoko izan zuen gaztetxotan. Pasarte polita kontatu du, txikitako oroitzapenak gogoan. “Umea nintzela, errekan amuarrain bat harrapatu eta iturriaren ondoko askan askatu nuen. Han bizitu zen amuarraina denbora tarte batean eta pixkanaka, handitu eta handitu egin zen, kilokoa egiteraino. Behin, kainaberaren puntan barraskiloa jarrita, amuarraina harrapatzen ahalegindu nintzen arren, ez nuen lortu. Gerora, beste norbait ni baino azkarragoa izan zen eta hantxe desagertu zen amuarrain handi hura”, azaldu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!