Egitasmoari ekin zionean, Bernardo Atxagaren asmoa ez zen genero jakin batetik abiatzea, “ezta haren bila joatea ere. Baizik eta beste modu batean antolatzea idazkiak eta testuak. Eta horretan ari nintzela, pentsatu nuen agian liburu hau egin behar nuela Ferdinand Cheval postariak bere palazioarekin egin zuen bezala”, azaldu zuen asteasuarrak liburuaren aurkezpen ekitaldian.
Harriz harri, pasartez pasarte
XIX. mende amaierako postaria izan zen Ferdinand Cheval. Egun batean estropozu egin zuen harri batekin. Harri berezia zela iruditu zitzaion eta erabaki zuen harri hura izango zela bere palazioaren lehen harria. Handik aurrera, hogeita hamar urtez, harriak aukeratzen jarraitu zuen eta eraikuntza bat egiten hasi zen. “Hark harriak bezala, agian nik ere apunteak, oharrak, egunkari artikuluen pusketak..., horiek denak pilatuz joango nintzela pentsatu nuen, eta harri piloekin egiten den bezala nik ere egingo nuela pieza munto handi bat eta gero hasiko nintzela pieza multzo hura antolatzen”, adierazi zuen.
Bernardo Atxagak Estatu Batuetan egindako egonaldi batean jarri zuen martxan liburu berriaren sortze prozesua. 2007ko abuztutik 2008ko ekainera bitarte Nevadan egindako egonaldian hainbat apunte, nota eta artikulu batu zituen. Testu horiek hainbat oroitzapenekin jantzi eta nahastu ondoren sortu zen liburu berria, bere “giza esperientziaren” berri ematen duena.
Pertsonaiak, ideiak
Nevadak berak eragina izan du Atxagaren nobelan. “Bistakoa da edonor leku arrotz batera joaten denean, paisaia du aurrean, jende bat du aurrean, ezezaguna da, ez da bere eguneroko bizitza... Hor halako piztuera bat dago. Egon behar duzu erne, adi, leku arrotz batean zaude eta gehiago entzuten duzu eta gehiago begiratzen duzu. Hori kontzientziarekin egiten duzu baina aldi berean arroztasun horrek zugan subkontzientean dauden kontu asko ernetzen ditu: pertsonak, ideiak, sentimenduak...”.
Zatien arteko loturak
Pieza horiek denekin liburu bat osatu ahal izateko, “bi ardatz erabili ditut orrialdeek batasun bat izan dezaten. Lehena, kronologikoa. Abuztuan joan eta ekainean etorri behar genuen. Hor zegoen denbora bat, egutegi bat, eta horrek narrazioaren alde jokatzen zuen. Hori sekulako abantaila iruditu zitzaidan, nola edo hala batuko ziren testu guztiak”.
Beste ardatzak, pieza ezberdinetan agertzen diren motiboekin du lotura. “Etengabe azaltzen diren elementuak. Bata da desertua. Desertua hor dago beti, txaston bat bezala, ‘hau desertua da, hau desertua da’ gogora ekarriz. Edota zaldiak. Zaldi basatiak hasiera-hasieran daude, baina gero pieza ezberdinetan agertuko dira berriro. Horrek nik uste, trinkotasun handia ematen dio. Liburu hau nire beste nobela batzuk baino trinkoagoa dela esango nuke”.