Itziar Albisu, New Yorken bizi den andoaindarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 19a, 12:42

Duela hogeita bost urte joan zen Itziar Albisu andoaindarra New Yorkera. Denboraldi bat pasatzeko asmotan joan zen, baina han ezarri zuen bere bizilekua eta han hazi du familia. New Yorkeko Euskal Etxeko lehendakaria izan zen zazpi urtez eta bertako kide da gaur egun ere. Bere bizipenen berri eman du Itziarrek New Yorketik.

Duela hogeita bost urte joan zinen Estatu Batuetara. Zerk bultzatu zintuen han geratzera?
Denboraldi bat pasatzeko asmoz joan nintzen,baina bertan ezkondu nintzen. Nire senarrak ez zekien ez euskaraz ezta gaztelaniaz ere eta zail egiten zaitzaigun egoera horretan Euskal Herira joatea. Gainera, nire seme-alabak hemen jaio eta hazi dira.

Nola gogoratzen dituzu Estatu Batuetan pasatako lehen hilabeteak?
Hemen pasatako lehen hilabeteak oso intentsoak izan ziren: nire inguruan gertatzen zen guztia, lehen esperientzia izango balitz bezala begiratzen nuen. Bestalde, ordura arte ezagututako kulturaren eta Estatu Batuetakoaren arteko ezberdintasuna ezagutzen hasi nintzen.

Espero al zenuen han geratzerik?
Ez, hara joan nintzenean ez nuen Estatu Batuetan gelditzeko asmorik. Urte batzuk hemen pasatzea zen nire lehendabiziko asmoa. Gero, ordea, bizitzak horretara eraman nau.

Seme-alabak Estatu Batuetan izan zenituen. Euskal kultura, euskara… Hemengo sustraiak  jaso al dituzte zuregandik? Zaila al da transmisio hori egitea?
Haiek txikiak zirenez geroztik euskaraz mintzatzen nintzaien, bai etxean baita etxetik kanpora ginenean ere. Eskolara joaten hasi behar izan zutenean zaildu egin zen hori guztia. Eskolan ingelesa entzuten zuten eta hizkuntza horretan hitz egin behar zuten; nahi gabe, euskara baztertu egiten zuten. Batez ere, beraien lagunen aurrean zeudenean gertatzen zen hori. Euskal kultura transmititu diet. Esaterako, Gabonak edota janarien tradizioak erakutsi dizkiet eta sagardoa, txistorra…, euskal jaki eta edariak ere dastatu ditugu etxean. Bestalde, nire senarra, beraien aita, japoniarra da, eta bere ohitura batzuk ere transmititu behar dira. Modu horretan beraiek euren nortasuna errespetatuz erabakitzeko modua izango dute. Zaila izan da nire hizkuntza eta kultura transmititzea, gutxiengoa garelako hemen eta kultura anglosaxoiaz inguratuta gaudelako. Hala ere, beti jarraitu izan dut nire seme-alabekin euskaraz mintzatzen.

New Yorkeko Euskal Etxeko lehendakaria izan zara. Lan handia ekarri al dizu horrek?

Hala da, New Yorkeko Euskal Etxearen lehendakaria izan naiz zazpi urtetan zehar. Lehendakari bezala, hango ardura ia guztia eramatea egokitu zait; kultur ekitaldiak antolatu, afariak egin, bazkideek zituzten ardurak entzun eta kezka horiei ahalik eta erantzunik onena ematen saiatu edota urteroko Aberri Eguna prestatu. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzarekin behar diren harremanak bideratzea ere nire ardura zen eta baita Ipar Amerikako beste Euskal Etxeekin harremana sendotzea ere. NABO izeneko elkartean biltzen gara Ipar Amerikako Euskal Etxe guztiak eta lehendakari nintzen garaian, niri egokitzen zitzaidan elkarte horrekiko harremanak mantendu eta lantzea. Euskal Etxeko lehendakaritzak lan handia eman zidan, baina batez ere, ardura ekarri zidala esango nuke.
Orain New York Euskal Etxeko altxor zaindaria naiz. Diruaren eta kontuen ardura eramaten dut. Eta ahal izan dudanean ekitaldiak antolatzen ere lagundu izan dut.

Zein da Euskal Etxeen garrantzia Euskal Herritik kanpora bizi zareten euskaldunontzat?

Euskal Etxeak beste euskaldun edota euskaltzaleekin elkartzeko balio izan du. Euskara eta euskal kultura zu bezala bizi duten beste batzuekin solastu eta transmititzeko modua eskaintzen dute. Norberaren kultura arnastu eta barnetik bizi ahal izateko tokiak dira, nahiz eta astean egun pare batez izan.

Urteurren borobila ospatu duzue aurtengoan. Nola joan dira ospakizunak?
Bai, New Yorkeko Euskal Etxearen mendeurrena ospatu dugu orain bi hilabete. Urtean zehar, mendeurrena ospatzeko hainbat ekitaldi kultural antolatu dugu. Bizirik diren Euskal Etxeko lehendakariei plaka bana eman diegu beraien lana eskertzeko. Lehen Gayaldia ere ospatu genuen, gay festa, alegia. Eta bukatzeko, urrian galazko dantzaldia egin genuen. Euskal Etxeko kideak eta haien lagunak hurbildu ziren dantzaldira, arrakasta handiz.

Urki dantza talde andoaindarra ere izan duzue bertan… Berezia izan al da hori zuretzat?
Bai, oso berezia eta harro egoteko modukoa izan da niretzat Urki Andoaingo dantza taldea New Yorken ikustea. Lehenbizi Euskal Etxean topatu nituenean, eta gero Brooklyn eta Unen ondoan dantzatu zutenean, oso pozik sentitu nintzen. Andoain oso ongi ordezkatua utzi zutela aitortzen dut. Alde batetik, nire gaztaroan Lizarmakil taldean aritu nintzen urte batzuetan. Andoaingo dantza taldea zen Lizarmakil garai hartan. Andoain herriak kategoriazko aurkezpena izan du New Yorken Urkiren bidez. Urkiren bisitarekin, gainera, haien babesa ere jaso nuen. Nahiz eta hogeita bost urte pasa diren Andoaindik New Yorkera etorri nintzenetik, sentimenduak bizirik dirau.

Zein da New Yorkeko Euskal Etxearen egungo egoera? Zein gerturatzen da bertara?

Aste barruan New Yorkeko Euskal Etxea itxirik egoten da. Asteburuan irekitzen dugu. Igandetan euskarazko ikastaroak eta batzarrak egiten dira eta larunbatetan afariak edota ekitaldi kulturalak izaten dira. Musika saioak edota pelikulak eskaintzen dira, adibidez.
Eta bertara gerturatzen garen gehienak bazkideak izaten gara, baina tarteka, Euskal Herritik New Yorkera oporretara etortzen direnak ere pasatzen dira bisita egitera.

Andoaindarra zara. Zein harreman duzu jaioterriarekin?
Gaur egun, bertan bizi diren nire senideen bidez eta Andoaingo adiskide batzuren bidez jakiten dut jaioterriaren berri.

Zeren hutsunea bilatzen duzu?
Denena ia. Nire senide guztiak, eta Andoainen dauden adiskideak. Era berean, Euskal Herriko hainbat lekutan bizi diren lagunak ere faltan botatzen ditut. Horrez gain, egunero euskaraz bizi ahal izatea, eta Euskal Herriko giroa ere faltan sumatzen ditut. Hona etorri nintzenean aurkitu nuen lehen hutsunea nire inguruan mendirik ez ikustea izan zen. Mendiko ibilaldiak ere urruti gelditzen dira hemen.

Jaioterrira itzultzeko asmorik ba al duzu?
Itzultzeko asmoa beti daukat, baina errealitatea oso ezberdina da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!