Jon Padilla, Haitiko esperientziarekin asebeteta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 19a, 12:34

Uztailaren hasieratik urriaren hasierara, hiru hilabete igaro zituen
Jon Padilla billabonatarrak Haitin, bertako haurrei musika irakatsiz. Asebeteta etorri zen, denbora luzeagorako itzultzeko gogoz.

Duela denbora gutxi itzuli zara Haititik. Kontaiguzu abiapuntua. Nolatan bururatu zitzaizun bertaratzeko ideia?
Eusko Jaurlaritzaren www.gazteaukera.net orrialdean udan boluntario lan egiteko aukera ezberdinak argitaratzen dira. Iaz Alexander anaia Londongo Joko Olinpikoetara joan zen hango jarraipena eginez, Eusko Jaurlaritzarako blog bat osatzera. Urtero eskaintza ezberdinak kaleratzen dituzte programa horretan eta parte hartu ahal izateko hainbat profil eskatzen dituzte, ditugun ikasketa edota menderatzen ditugun hizkuntzen inguruan.
Nire kasuan, kimika karrera ikasten hasi banintzen ere, bigarren ikasturtean utzi eta musika ikasteari ekin nion osotasunean. Musikaz gain, ingurugiroarekin lotutako goi mailako zikloa ere badut. Hizkuntzei dagokionez, berriz, euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa menderatzen ditut. Guztira 700 bat gaztek eman genuen izena eta hainbat froga gaindituta, Haitira joateko aukeratu ninduten. Egia esan, zorte handia izan nuen. Serso San Viator gobernuz kanpoko erakundearen baitan, sei lagun abiatu ginen Haitira. Horietatik lau iparraldeko herrixka batean izan ziren; Aritz lankidea eta biok hegoaldean.

Non kokatu zineten zehazki?
Grand Goave-n egon ginen gu, bertako ikastetxe batean lanean. Bertakoek herrixka txikia zela zioten, baina 200.000 biztanle zituen. Azalez beltzak dira bertakoak eta gu, bi txuri ikusten gintuztenean, harrituta begiratu eta askotan blanck, blanck esaten ziguten. Egoera gordina bizi badute ere, oso jende gutxik eskatzen zigun ezer.

Zein zen zuen eginbeharra Grand Grove-n?
5-18 urte arteko ume eta gaztetxoekin kirol eta musika udalekuak bideratu genituen lehen hilabete eta erdian. Aritz lankideak kirola lantzen zuen haiekin eta musika eskolak ematen nizkien nik. Uztailaren 10ean, gauez iritsi baginen, ‘udalekuekin bihar goizean hasiko zarete’ esan ziguten. Lehen sei asteak oso intentsoak izan ziren. Goizeko 09:00etatik 14:00etara aritzen ginen lanean ehun umetik gorako taldearekin. Arratsaldeetan, uraren inguruko eskolak ematen nizkien helduagoei. Izan ere, han ura badagoen arren, ez baita edangarria eta ez da etxeetara iristen. Bestalde, hainbat arratsaldetan pintura edo zementua hartu eta ikastetxea txukuntzen ere aritu ginen edo, gaztetxoek hala eskatzen zidatenean, musika eskola gehiago ere ematen nizkien. Ni bolondres joan nintzen eta haiek eskatzen zidatenera moldatzen nintzen.
Bigarren hilabete eta erdia lasaixeagoa izan zen: ikastetxe barruan baino kanpoan egin genituen ekintzak. Besteak beste, jolasak. Euskara eta gaztelania hitz egiten ere ikasi zuten zertxobait. Asteburuetan turismo pixka bat egiteko aukera ere izan genuen.

2010eko lurrikarak gogor eragin zuen ingurua. Gainditu al dute gertaera hura? Zein egoeratan bizi da jendea bertan?

Lurrikarak oso gogor eragin zuen Grand Goave. Hondamendia gertatu eta hiru urte eta erdira joanagatik, kalteak begibistakoak dira oraindik. Pentsa zer izango zen hura duela hiru urte! Urteak aurrera, gertaera gainditzen ari diren arren, Grand Goave-n jende asko hil zen lurrikararen eraginez eta askok aipatu zigun zenbat gertuko pertsona galdu zuen. Ondo gogoan dute oraindik nola gertatu zen lurrikara hura. Etxekoak, lagunak edo herritarrak galtzeaz gain, eraikin ugari erori zen: etxeak, ikastetxeak, elizak… Hainbat gobernuz kanpoko erakunderen laguntzaz altxatu dira eraikin horietako asko. Gu egon ginen ikastetxearen zati bat, esaterako, Gasteizko Serso San Viator erakundeak altxatu zuen. Baina nik ez dakit non geratu diren komunikabideetan argitaratu ziren Haiti laguntzeko diru kopuruak. Aipatu ziren dirutzak ailegatu izan balira, herrialdea beste era batera biziberrituta beharko lukeela uste dut.
Lurrikarek edota uholdeek…, antzeko hondamendi natural askok eragin dute Haiti azken urtetan. Herria berreraikitzen hasi orduko, sarritan beste hondamendiren bat ailegatu eta 0tik hasi behar izaten dute. Naturaren kontrako etengabeko borroka bizi dute Haitin.
Bizi duten eguneroko egoera gogorra da: gosea eta miseria nonahi ikusten da. Familia askok otordu bakarra egiten du egunean. Hori bai, etxe askotan jatekorik ez badute ere, jantzita oso txukun ibiliko dira. Janariari baino lehentasun handiagoa ematen dio askok arropari. Bestalde, ura edangarria ez izateak gaixotasun asko sortzen du.

Bertakoen ohitura batek baino gehiagok jo dizu begia. Ezer nabarmenduko al zenuke?

Oso-oso erlijiosoak dira haitiarrak, 07:00etatik 09:00etara egunero mezetara joaten da gehiengoa. Ezkondu eta oso gazterik izaten dituzte seme-alabak, baina aitek ez dute umeen ardurarik hartzen. Gainera, ama batek hiru seme-alaba baditu, kasu gehienetan, hiru gizon ezberdinenak izango dira. Bestalde, izugarrizko garrantzia dute eurentzat hildakoek, kasik bizidunek baino handiagoa; kontu handiz zaintzen dituzte. Horren adibide, esaterako, etxebizitza gehienak txabola modukoak badira, beilatokiak oso etxe dotoreak dira.
Azken asteetan, haitiarren bizimodua gertutik ezagutu nahi nuelako, udalekuetako ume batzuren etxera joan nintzen. Etxe askotako paretak txapa soilak ziren. Aberatsak, oso aberatsak edota behartsuak –gehiengo nabarmena- bizi dira Haitin, ez dago erdi mailarik. Urari lotuta, arazo handia dute: ura pribatizatuta baitaukate. Guk hemen erosi behar ez duguna erosi behar dute han. Nahi adina eta nonahi dugu ura guk hemen, haitiarrek ez.

Zer azpimarratuko zenuke Haitiko zure egonaldiaz?

Hasieran, Haitira nindoala esan nuenean, ingurukoek harrituta begiratu ninduten ‘halako’ leku batera nindoalako. Amerikako lurralderik pobreena da eta mundu mailan biolentzia tasarik altuena duenetako bat. Baina ni izugarri porzu nintzen Haitirako aukeratu nindutela esan zidatenean: ‘dena ematera joango naiz’, pentsatu nuen.
Esperientzia oso gogorra izan da, errealitate gordinarekin topo egin dudalako. Hango egonaldiaren ondoren, hemen txorakeriengandik kexatzen garela konturatu naiz; besteak beste, han ez dakite zer den hozgailua janarariz beteta edukitzea edota etxeko iturria zabaldu eta ura ateratzea. Haitiarrek ezer material gutxi badute ere, irribarrea ahoan izaten dute gehienean, pozik bizi dira. Oso jende atsegin eta alaia da. Ni asebeteta etorri nintzen bertatik, itzultzeko gogoz. Bigarren txandan, ordea, denbora luzeagoz geratu nahiko nuke, –hiru bat urtez behintzat bai–, hiru hilabete konturatzerako igarotzen baitira.


Umetatik, musikari lotua
Etxeko ohiturari jarraiki, txiki-txikitatik erakarri zuen musikak Jon eta zazpi urte zituela hasi zen pianoa jotzen ikasten, “txikitan musika maitatzen erakutsi zidaten etxean eta pianoa jotzen ikasten ez ezik, Eresargi ttipi abesbatzan abesten hasi nintzen Arantxi arreba eta Alazne Gurrutxagarekin. Oraindik ere Errenteriako bi abesbatzetan abesten dut eta abesteaz gain, mundua ezagutzeko aukera eman dit abesbatzak: 2010ean Txinako Abesbatzen Joko Olinpikoetan izan ginen eta hurrengo urtean Rigara joatekoak gara”, azaldu du. Abestu eta pianoa jotzeaz gain, kontrabaxua eta organoa ere jotzen ditu eta, inolako zalantzarik gabe, musikari lotuta irudikatzen du etorkizuna, “ekainean Musikenen sartzeko frogak egin nahi ditut eta ondorioz, gogor ari naiz lanean. Egunero sei-zazpi orduz aritzen naiz kontserbatorioan entseatzen, izan ere Musikenen sartzeko oso froga zorrotzak gainditu behar baitira eta gutxi batzuentzako lekua besterik ez baita izaten bertan”. Musikenerako sarbidea prestatzearekin batera, abesbatzarekin kantuan eta organoa jotzen dihardu billabonatarrak, “Errenteriako Kaputxinoetako elizako organoa jotzen dut. Lehen, Tolosako Santaklara elizan ere aritzen nintzen, besteak beste”. Argi ditu Jonek bere etorkizuneko asmoak, musika ikasiz  eta musika irakatsiz, musikarekin batera bizi; “goi mailako musika ikasketak amaitutakoan, Haitira itzuli nahiko nuke haitiarrei musika irakastera. Musikarekin batera, ingurumen eta ur araztegiei buruzko ikasketekin ere aurrera jarraitu nahiko nuke, dakidana ez ahaztu eta ikasitakoa Haitin erabili ahal izateko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!