Wu-shua, errespetua eta diziplina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 19a, 09:26

Urteak daramatza Imanol Lucero billabonatarrak wu-shua landu eta irakasten. Gehienetan borrokarekin lotzen bada ere, wu-shua bizitza filosofia bat dela azaldu du.

Kontaiguzu zure arte martzialetako ibilbidea. Egun wu-shu irakasle zara. Nolatan zaletu zinen? Zein bide egin duzu?
Boxeoa egiten hasi nintzen, Tolosako Indarra gimnasioan. Han nenbilela, sanda probatu nuen, wu-shuko konbatea. Gustua hartu nion eta wu-shuarekin jarraitu nuen. Aita boxeolaria zen eta berak piztu zidan boxeoa egiteko gogoa. Amak ez zidan umetan boxeoa egiten uzten eta inori ezertxo ere esan gabe, 16 urte nituela, neroni hasi nintzen. Umetatik oso garbi neukan arte martzialak egin nahi nituela.
Sanda txapelketetan ibili nintzen aurrena; ez naiz txapeldun petoa izan, baina ondo moldatu naiz: Euskadiko bigarren… 10etik 7koa jarriko nioke nire buruari.
Lesioekin zorte txarra izan dut, urtetan bizkarrak lan handia eman dit eta 28 urterekin txapelketei nahiz gogor entrenatzeari uztea erabaki nuen. Neronen mantenuarekin eta sanda entrenatzaile gisa jarraitzen dut orain.

Zer da wu-shua zehazki? Zein ezaugarri ditu? Zer lantzen da?
Wu-shua arte martzial txinatar guztien batuketa da. Arte martzial guztiak batu eta bakoitzetik onena hartuta osatzen da. Wu-shua lantzen hasten garenean bi ezaugarri nagusitzen dira: errespetua eta diziplina. Wu-shua ez da borrokatzea soilik, bizitza estilo bat da: gure bizitzako zati da bai sentimentalki eta baita fisikoki ere. Ez dugu borroka bakarrik egiten, baita formak (tresna ezberdinekin lagundutako dantza modukoak), shuaichiao (judoaren pare), sanda (heldu nahiz gazteen konbatea) ere… Modu tradizionala nahiz modernoa lantzen ditugu eta, besteak beste, meditazioa edota tai-chia ere bai. Borroka wu-shuaren zati txiki bat besterik ez da: %2a-edo. Wu-shua egiten hasten denari arte martziala erakusten saiatzen gara, baina lehenik eta behin bere burua hezten, errespetu eta diziplinaren filosofian. Wu-shua eginez, barrutik eta kanpotik osatzen da pertsona.

Kirolen artean kokatzen al duzue?
Bai, dudarik gabe. Orain gutxi, kirol olinpiko moduan izendatu nahi zuten wu-shua, baina atzera bota zuten. Berriz ere saiakera horretan dabilza eta ea oraingoan posible den. Guretzat oso ona litzateke wu-shua kirol olinpiko izendatzea. Euskal Herrian oso jende ona daukagu Olinpiadetara joateko. Espainiako txapelketetan potentzia nazionala Euskal Herriko selekzioa da sandan.

Olaederra Fight Club-a sortu zenuen Amasa-Villabonan. Zein izan da taldearen bidea?
Duela ia bost urte, bost lagunen artean jarri genuen martxan taldea, baina neronek bideratzen dut. Olaederra kiroldegian lagunei eskolak ematen hasi nintzen lehenik; orduan inork gutxik ezagutzen zuen wu-shua baina, pixkanaka jendea gerturatzen hasi zenean club-a osatzea erabaki genuen. Egun 32 kide gara eta gure oinarria sanda izanagatik, kick boxing-a ere lantzen dugu.
Taldean mutilak gailendu arren, zazpi neska ere badira. Nik, bereziki neskak animatuko nituzke wu-shua probatzera. Duten elastikotasunagatik, oso urrun ailega baitaitezke. Oro har, mutilek baino gehiago aurreratzen dute. Esaterako, 16 urteko Oihana Usabiaga zizurkildar taldekidea oso ona dator. Hurrengo urtean Espainiako txapelketa irabazteko aukera handiak ditu.

Txapelketa bat baino gehiago eskuratu dute taldekideek…
Hasi ginenetik oso emaitza onak izan ditugu. Lehenengo urtean Eneritz Iztueta billabonatarra Espainiako txapeldunorde izan zen. Geroztik, Denis Martin billabonatarra Espainia nahiz Euskadiko txapeldun izan da, Ander Txaparro zizurkildarra Espainiako bigarren edota Europear Internazionalean hirugarren… Egun Ander Txaparrok du progresiorik onena, 17 borrokalditik 15 irabazi ditu. Etorkizun oparoa du, zalantzarik gabe.

Entrenatzeko lekua aldatu duzue berriki. Zein asmo duzue aurrera begira?
Olaederra kiroldegian entrenatu dugu urtetan, baina leku segururik gabe geratu gara bertan eta lekuz aldatzea erabaki dugu, Kale Berrian lagun batek duen lokalera. Gure kontura moldatu dugu lokala bertan entrenatzeko modua izan dezagun. Lerro hauen bidez, probatzera gerturatzeko deia egin nahi diot jendeari. Irabazi asmorik gabeko elkartea gara eta ez dugu zentimorik kobratzen. Kide bakoitzak elkarteko gastuei aurre egiteko borondatea soilik jartzen du.
Ahal dugun moduan aurrera egitea da gure asmoa. Futbolak erraztasun guztiak dituen bezala, gainerako kirol gutxituek gero eta oztopo gehiago dute aurrera egiteko. Guk ez dugu inolako diru-laguntzarik jasotzen, txapeldun ugari atera arren.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!