Emakumeentzako pala ikastaroa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 19a, 09:26

Larrauldarren eskaerari erantzuna emateko, martxan jarri berri dute emakumeentzako paleta ikastaroa. Asteazken arratsaldetan biltzen dira Murgilazpi pilotalekuan.

Bost emakumez osatutako taldea ari da palan. Ainhoa Garmendiaren gidaritzapean egiten dituzte saioak: “Ikastaro honen helburu nagusia ondo pasatzea da. Kirol pixka bat eginez, gustura ibiltzen gara. Teknika pixka bat erakusten diet eta gaizki egindakoak zuzentzen saiatzen naiz lehendabiziko egunetik, baina betiere jolasaren bitartez. Hona etortzen direnak izerdi pixka bat atera eta ondo pasatzera etortzen dira eta hori lortzen saiatzen naiz. Ikasturte amaieran, nolanahi ere, asko nabaritzen zaie jokoa hobetzen joan direla”, azaldu du.

Urritik maiatzera
Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak bideratu du ikastaroa. “Itxura denez, pertsona bat baino gehiagok azaldu zuen gisa honetako ikastaroren bat egiteko gogoa, eta Aiztondoko Itsaso Gonzalezek proposamena egin zidan. Egutegia eta ordutegia lotuta, taldea osatu eta martxan jarri ginen urrian. Nahi izanez gero, oraindik ere taldeko kide izateko aukera zabalik dago. Aiztondora deitu edo asteazken arratsaldean pilotalekura gerturatu besterik ez da egin behar izena eman ahal izateko”.

Emakumeak pilotalekuan
2004 urtean jarri zen martxan ‘Emakumea pilotari’ ekimena. Hala azaldu du Ainhoak: “Herri ezberdin askotan eskaintzen ditugu pala ikastaroak ekimen honen baitan. Diru murizketak direla eta, ‘Emakumea pilotari’ ekimenak ezin izan du Larraulgo ikastaroaren ardura hartu eta neronek hartzea erabaki nuen. Nolanahi ere, ekimenaren barnean ari diren beste taldeen trataera bera jasoko dute larrauldarrek”.
Bost emakumeren parte hartzea kontuan hartzeko datua dela azpimarratu du Ainhoa Garmendiak: “Lehen urtea izateko oso kopuru polita da. Larraul herri txikia da eta askotan, pilotarekiko zaletasuna handiagoa da tamaina honetako herrietan”.

Astean ordubete
Asteazkenetan, arratsaldeko 16:30ak inguruan hasten dute saioa. “Ordubeteko saioak egiten ditugu. Jolas ezberdinen bidez teknika bereganatzen joaten dira. Ez da beharrezkoa ikastaroa egiten hasi aurretik joko ona izatea; norbaitek pilota gaizki jotzen badu barre egiten dugu eta aurrera. Oso giro polita sortzen da”, azaldu du Ainhoak.
Berez, emakumeentzako bakarrik dira saio hauek, baina gizonezkoren baten parte hartzea ere izaten dute tarteka: “Orain gure taldean ari direnekin jolasteko ohitura zuen gizonezko bat hurbiltzen zaigu pilotalekura. Zenbait saiotan parte hartzeko baimena eskatu izan digu. Nahiz eta ikastaroa emakumeei zuzendutakoa izan, ez dizkiogu inori ateak itxi nahi. Gainera, askotan bere beharra izaten dugu bikoteak osatzeko”.
Ikastaroan parte hartu ahal izateko ez dago adin muga zehatzik: “Berez hemezortzi urtetik gorakoei zuzenduta dago, baina taldean badugu hamasei urteko neska bat ere. Normalean, pilotan jolastu nahi duten adin horretako gazteak talde federatuetan aritzen dira. Larraulen, ordea, ez dago horrelakorik, eta horregatik zabaldu genion parte hartzeko aukera”, azaldu du Ainhoak.

Talde gehiagotako gidari
Zizurkil eta Tolosako emakume taldeekin ere aritzen da Ainhoa Garmendia. “Horrez gain, Bidania, Ataun eta Lasarteko pilota eskolen ardura ere badaramat. Lau urte daramatzat lan honetan eta oso gustura nabil. Zortzi urte ditu nire ikasle gazteenak eta hirurogeita hamabost helduenak. Horrek, ariketak lantzeko modu ezberdinak bilatzera behartzen nau eta oso aberasgarria da. Autoz kilometro mordoska egitea ere eskatzen dit lan honek, baina merezi du”.

Ekimen arrakastatsua
Emakumea pilotari ekimenak arrakasta handia izan du azken urteotan: “Indartsu ekin zion bideari eta horri eusten dio, nahiz eta gora-behera txiki batzuk ere izan diren partaide kopuruari dagokionez. Azken urteotan ondo mantendu da”.
Maiatza inguruan amaituko da Larraulgo ikastaroa. “Bitarte horretan, parte hartzera gonbidatu nahi nituzke larrauldar guztiak. Oso ondo pasatzen dute eta kirola egiteko aitzakia polita da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!