Karlos Diez, mendiaren handitasunaz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 19a, 09:25

Joan zen ostiralean, ‘Mendiaren handitasuna´ ikus-entzunekoa eskaini zuen Karlos Diez zizurkildarrak, Kirol Astearen baitan, Atxulondo Kultur Etxean. Hitzaldia aitzakia hartuta, bere zaletasunaz hitz egin du: mendiaz.

Noiz zaletu zinen mendira?
Gaztetxotan ekin nion mendira joateari. Zaletasuna ez datorkit etxetik, gurasoak ez baitira mendizaleak. Lagunekin hasi nintzen mendian, gustatu egin zitzaidan eta gero eta gehiago erakarri ninduen. Nire goi mendiko irakaslea Villabonako Aizkardi mendi taldean urte luzez lehendakari izandako Gotzon Larrea izan da, eskualdeko beste asko eta askorena bezalaxe. Berarekin hasi nintzen mendiko eskia lantzen. Dudarik gabe, gure maixua da.
Oinez lehenik, mendi eskia gero…, segidan etorri ziren ertzak eta eskalada ere, soka modukoa baita dena. Era batera edo bestera, mendiarekin lotuta ibiltzen naiz gehienetan.

Denboraldi bakoitzean alor zehatz bat landuko duzu…
Neguan mendiko eskia egiten dut bereziki, tarteka korridoreak ere bai eta uda, udazken partean, eskalatu. Betiere familia ahaztu gabe, noski.

Alor bakoitzean eginiko irteeraren bat nabarmenduko al zenuke?
Niri mendiko eskia gustatzen zait gehien. Udan, Norbegiako iparraldean, Alpes de Lyngen ibilaldia orain arte egindako politenetakoa izan zela esango nuke. Ez dira mendi altuegiak, -1500 metro gutxi gora-behera-, baina itsas ondoraino jaisten zara eski gainean. Eskaladan bestalde, izugarri dotorea da, esaterako, Salenques Tempestades ertza, Aneto mendiaren ondoan. Udazkenean izan ginen eta izugarrizko elur jasa egin zigun. 3000 metrora egin genuen lo eta zaku gainean 15 zentimetroko elurra genuela esnatu ginen.

Goi mendia zaletasun arriskutsua dela esango al zenuke?
Arriskua toki guztietan dago, kontrolatu egin behar da. Baina egia da mendian beti daudela kontrola ezin daitezkeen arrisku objektiboak, errepidean bezalaxe. Arrisku horien aurrean, neurriak hartzen ahalegintzen gara.

Triatloian ere ibilitakoa zara. Kontaiguzu…
Mendiko ezbehar baten ondorioz, bi lagun-min galdu nituen. Galera latz haren ondoren, bolada baterako mendia utzi eta triatloian hasi nintzen. Sei bat urtez aritu nintzen: Zarauzko proba hiru aldiz egin nuen, kanpoko beste hainbat probez gain, eta Nizako Iron Man-a egindakoan utzi nuen, berriz mendian hasteko. Triatloia oso lotua da, ordu asko eskaini behar zaio. Triatloia utzitakoan gogo handiagoarekin hasi nintzen mendian. Baina mendian ibiltzeko ere prestatu eta berritu egin behar denez, hainbat ikastaro egiten dut: besteak beste, elur-jausien ingurukoak.

Ba al duzu/e aurrera begira beste helbururik?
Urtero mendi eskia egiteko 10 eguneko irteera egin ohi dugu. Gure hurrengo asmoa Dolomitetan mendi zeharkaldia egitea da. Oraindik zehaztu gabe badaukagu ere, urtarrila-otsaila alderako aurreikusten dugu.
Bitartean, entrenatzen jarraituko dugu. Astean ia egunero aritzen naiz: korrika gehien, bizikletan ere bai. Astean bitan rokodromora ere joaten naiz. Mantendu beharra dago.

Mendiaren handitasunaz
Mendian landutako hiru ekintza ezberdinetako irudi eta aipamenak ekarri zituen Karlosek Atxulondora. “Aurtengo udan Alpeetan egindako mendi eskia, kirol eskalada Riglosen (Murciana bidea, 300 metroko pareta) eta Benasquen aurtengo udan eginiko ‘Arista de los quince gendarmes del Alba´ ertza, Pirinioetako politenetakoa”. Izatez zizurkildarra izanagatik, Asteasun bizi da Karlos azken urteotan eta bertako Mendi Astean bi urtez ikus-entzunekoak eskaini ondoren, Zizurkilen aritzeko aukera sortu zaio aurtengoan. “Ohi denez, antzeko saioetara ez da jendetzarik gerturatzen eta niri ikusleekin elkarrizketa sortzea gustatzen zait. Nik hitz egin beharrean, denen arteko solasaldia izatea. Asteasuko azken saiora, esaterako, mendi eskia egitera joaten garenean erabiltzen dugun materiala eraman nuen jendeak ikus zezan eta ideia ona iruditu zitzaien”, azaldu du. Eskualde mailan, ezagunen artean, ikus-entzunezkoak eskaintzea esperientzia polita izan da Karlosentzat. Baina arlo horretan, aurrera begira, helburu luzeagorik ez duela azaldu du. “Elektrizista naiz ni eta horretan segi beharko dut. Egia esan, ez litzateke aukera txarra gogoko zaletasunetik bizi ahal izatea, baina oso zaila da hori egun”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!