Bukalai dantza taldea indarberrituta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 19a, 09:23

Bukalai dantza taldea urte luzez ari da Zizurkilgo haur eta gaztetxoei dantzan irakasten. Dantza taldearen kudeaketaz dantzari gaztetxoen hainbat guraso arduratzen da egun.

Guraso talde hori sei lagunek osatzen badute, horietako hiruk hartu dute hitza dantza taldearen berri azaltzeko; hain zuzen ere, Garbiñe Zalduak, Shari Etxeberriak eta Mailu Ibarbiak.
Duela 30 bat urte, Alberto Zatarain herritarra, bere borondatez, txistua eta danbolina irakasten hasi zen Zizurkil Goiko haur eta gaztetxoei. Ekimen horretatik sortu zen dantzan ikasteko gogo eta asmoa ere. “Taldeari izenen bat jarri beharko zitzaiola eta Bukalai jartzea erabaki genuen (Bukaera alaia). Amasa-Villabonako Oinkari dantza taldeko kideak etortzen ziren Zizurkil Gora dantza erakustera aurrena, gerora Jasone Agirrezabala herritarrak hartu zuen ardura hori ”, azaldu du hasiera hura gertutik ezagutu zuen Mailu Ibarbiak. Urte askoan bideratu zuen dantza taldea Jasonek eta lan horri utzi zionean, mozketa edota etena etorri zen. Gerora, Zizurkilgo Udalak taldeari jarraipena eman ahal izateko euskal dantzen inguruko ikastaroak jarri zituen abian, “egun 4 urtetik 13ra bitarteko 70 ume eta gaztetxok osatzen du taldea. Ibarrako Alurr dantza taldeko Ane eta Amaia dantzariak arduratzen dira dantzak irakasteaz. Txikienek Atxulondo Kultur Etxean entseatzen dute eta helduenek, berriz, Otaño ikastetxean. Adinaren arabera, lau taldetan banatuta aritzen dira”, argitu dute Garbiñe eta Sharik. Dantza taldea gurasoek kudeatzea agian ez da ohikoena, baina dantzari kopurua gehitzen ari zen bezala, ardura hori eurek hartzea erabaki zuten. “Taldearen izena errejistrora joan beharrik gabe mantendu dugu, baina orain estatutuak osatzen ari gara eta horrek lan handia ematen du”, adierazi dute. Hasi berriak dira taldea kudeatzen eta euren eginbeharrik nagusiena ekintzak antolatzea da, “orain artean Sanjuanetako emanaldia nahiz Elbarrenako festetakoa antolatu ditugu. Zizurkil Goian, Liburu Azokaren baitan bideratu genuen saioa. Ekintzak abian jartzerakoan, Ainhoa Larrea udaletxeko kultur teknikariaren laguntza izaten dugu behar dugunean”, zehaztu dute. Bestalde, Ibarrako dantzari txiki egunean nahiz Etxarri Aranatzen ere hartu dute parte aurten, Alurr dantza taldeak gonbidatuta.

Bizia herriari
Aurrera begira garrantzitsua ikusten dute orain dantzan ikasten ari diren gaztetxoak, gerora herriko txikienei erakusteko prestatzea, “modu horretan taldearen jarraipena bermatuko baita. Orain gurasoek taldearen kudeaketaren ardura dugu, ume txikiak ditugulako, baina aurrera begira, herriko gaztetxo hauek irakasle bihurtzen diren neurrian, kudeatzaile ere bihur daitezke adinarekin”, argitu dute.  
Bukalai dantza taldeko gaztetxoek euskal dantzak lantzen dituzte oinarrian, koreografia berriak tartekatuta, “Alurr dantza taldeko kideek bideratzen dituzte dantzak, gu ez gara horretan sartzen. Dantzan nahiz jantzietan, tradizioa ahaztu gabe, koreografia nahiz arropa garaikideak ere gehitu dituzte. Inguruko dantza talde guztiak bezala, Bukalai ere berrikuntza horretan sartu da”.
Guraso taldea, helduentzako euskal dantza ikastaroa martxan jartzen ere saiatu zen, arrakasta gutxirekin. “Eguberriak eta gero bigarren saiakera egiten ahaleginduko gara. Ea taldea osatzea lortzen dugun. Modu horretan, Sanjuanetan umeekin soilik kalejira egin beharrean, helduek ere parte hartuko lukete. Era berean, festetako konpartsa ere Bukalairen zigiluarekin antola liteke”. Guraso taldeko kideek Zizurkilentzat oso aberasgarri jotzen dute dantza taldea berriz ere indartu izana, “urtez urte gora doa partaide kopurua eta, dudarik gabe, herrian talde indartsua izateak bizia ekartzen dio Zizurkili. Bestalde, aipagarria da guretzat Zizurkil Goi nahiz Beheko haurrak taldean batzea, baita hiru ikastetxe ezberdinetakoak ere. Garrantzitsua iruditzen zaigu, ahal den neurrian bateratze bide hori jorratzen jarraitzea”.

Dantzari gaztetxoak pozik
6-7 urteko dantzari gaztetxoek, arin eta pozik entseatu ondoren, dantzan oso gustura aritzen direla aitortu dute. Bigarren ikasturtea da aurtengoa, “Txotxongilo eta Iturria dantzatzea gustatzen zaigu gehien, baina Esku-dantza ere badakigu. Arin-arina nahiz Aulki-jokoa ikasten hasiak gara orain, baina zailagoak dira horiek”, azaldu dute. Gogo biziz daude San Tomas egunean Zizurkilgo Aurrera plazan eskainiko duten emanaldirako.

Emanaldia
  • Noiz: Abenduak 21, larunbata. San Tomas eguna.
  • Non: Zizurkilgo Aurrera plazan, II. Liburu Azokaren baitan, 11:00tan. Ondoren haurrentzako kale antzerkia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!