Adunako gaztetxoak, matematiketan txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 19a, 09:21

Adunako herri eskolako bost eta seigarren mailako gaztetxoak pozik dira egunotan. Estatu mailako irrati batek antolatutako matematika lehiaketa irabazi berri dute. Haiek eman dute euren parte hartzearen berri.

Mikel Sukunza irakasleak jakin zuen lehiaketaren berri: “Autoan nindoala irratia piztu, eta matematikaren inguruko lehiaketa egiten ari zirela entzun nuen. Aste horretarako prestatu zuten ariketa zein izango zen entzun, eta nire ikasleei proposatzea erabaki nuen. Parte hartzea erabaki zuten, eta berehala hasi ginen lanean”.

Pentsatu beharreko ariketa
Probabilitatea eta zoria lantzea eskatzen zuen irratian proposatutako ariketak. “Pixka bat pentsatu beharreko ariketa zen, aukera ezberdinak hartu behar ziren kontuan eta horrek lan pixka bat eman zigun. Hauxe zen irratian proposatzen zuten ariketa: mutil batek apustu bat egin zion neska bati; hiru txanpon airera bota eta hiruak alde berera erortzen ziren bakoitzean, hamar euro irabaziko zituen neskak, beste edozein konbinazio egokituz gero, bost euro eman beharko zizkion mutilari. Neskak onartu egin zuen apustua eta guk, erabaki egokia hartu ote zuen pentsatu behar genuen”, azaldu dute adunarrek.

Praktika eta teoria
Lau taldetan banatu, eta modu praktikoan hasi ziren txanponekin froga egiten: “Talde bakoitzak hiruna txanpon hartu, eta hogeita bost aldiz bota genituen airera. Lehendabiziko tiraldietan, nahiko argi genuen ondo egin zuela apustua onartzean, izan ere, behin baino gehiagotan egokitu zitzaigun hiru txanponak alde berera erortzea. Tiraldi gehiago egitean, ordea, emaitzak aldatzen joan ziren eta ez genuen oso garbi zein zen erantzuna”, azaldu dute ikasleek.
Saiakera praktikoa egin ondoren, teoria lantzeari ekin zioten Adunako eskolako kideek. Hala azaldu du Mikel Sukunza irakasleak: “Txanponak botatzen aritu ginenean garbi ikusi genuen zoriak edo zorteak zerikusi handia zuela, eta beharrezkoa iruditu zitzaigun gaia modu teoriko batean lantzea. Guztion artean, tiraldi bakoitzean atera zitezkeen aukera guztiak kontuan hartu eta probabilitatearen teoria lantzen hasi ginen”.

Erantzun ona
Matematikako bi saio behar izan zituzten ariketaren emaitza egokia zein zen argitzeko: “Aukera guztiak kontuan hartuta, garbi ikusi genuen zein zen emaitza: neskak ez zuen ondo egin apustua onartzean, galtzeko aukera gehiago zituelako. Hiru txanponak alde berera erortzeko aukerak txikiak ziren”.
Mikel Sukunza irakaslea pozik dago lehiaketan parte hartzearekin: “Batetik, guztiok pozik gaude irabaztea lortu dugulako, baina bereziki gustura nago ni, probabilitatearen gaia lantzeko aukera ezberdina eman digulako. Liburuan, modu teorikoan landu genezake, baina lehiaketak beste aukera bat zabaldu digu”, aipatu du Mikelek.
Irratira deia
Gaztelaniako ikasgaian ere lehiaketaren inguruko ariketa bat egin zuten: “Irratsaiora deitu eta gure ustez erantzuna zein zen esan behar genuen. Hori egiteko, ordea, testua landu behar zen. Gaztelaniako orduan egin genuen hori”, azaldu dute ikasleek. “Gure buruaren aurkezpena, errespetuzko trataera, irakurtzean eman behar zitzaion tonua..., gauza horiek landu dituzte gaztelaniako ikasgaian”, gaineratu du Mikel irakasleak.

Irabazleak
Andoni Olasagasti ikaslea izan zen irratira deitu eta erantzuna emateko arduraduna. “Lehiaketaren irabazlea zein zen esan behar zuten egunean, irratia jarri genuen eskolan. Hasieran, jendeak emandako erantzun ezberdinak jarri zituzten, baina Andoniren ahotsik ez genuen entzun. Horregatik pentsatu genuen ez genuela irabazi. Irabazlea zein zen iragarri zutenean hasi ginen Andoniren ahotsa entzuten, eta oso pozik jarri ginen”, azaldu dute ikasleek irribarretsu.
Jose Maria Letona matematikariaren liburua jaso berri dute sari gisa. “Parte hartu zuen eskola bakarra izan ginen, eta irudipena daukagu Letonak berak nahi izan zuela guk irabaztea. Eskolan gai hau landu izana gustatu egin zitzaion”, azaldu dute adunarrek.

Hurrengo erronka
Bitartean, beste ekimen batean murgiltzera doaz laster. Hala azaldu du Mikel Sukunzak: “Udaletxearen maketa bat egingo dugu datorren hiruhilekoan. Horrek, arlo ezberdinak lantzeko aukera emango digu. Batetik, udaletxeko planuak eskatu behar ditugu eta horretarako, gutun formala idatzi beharko dute ikasleek. Bestetik, geometria, orientazioa edota informatika ere landuko dugu. Izan ere, gure maketari igogailua jarriko diogu eta robotikaren inguruko programa informatiko baten bidez igogailu hori gora eta behera ibiltzea lortuko dugu”, azaldu du Mikelek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!