Joxe Mari Olazabalena, elkartasunaren bidea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 18a, 19:19

Andoaingo Caritas elkarteak hirugarrenez antolatu zuen “Joxe Mari Olazabalen bidea” sari banaketa ekitaldia, elkartasunean eredu diren herrikideak omentzeko Eguberrien atarian antolatzen duena. Bide batez, Caritasen ia mende erdiko ibilbidean esanguratsuak izan diren herritar xeheak saritzeko aukera baliatzen dute. Horiei elkartearen sorrera-aktaren pergamino bana oparitzen diete.


Bularreko minbizia edota minbizia ginekologikoa pairatu duten emakumeen alde “Elkarri Lagunduz Kattalin” elkarteko kideak lan handia egiten ari dira. Anbrosia Olabiden astero-astero zazpi kidez osaturiko talde eragilea biltzen da. Haien egoera bera bizi izan duen emakumea lagundu eta babesa eskaintzea dute helburu. Laguntza psikologikoaz gain, hitzaldiak eta tailerrak antolatzen dituzte. Hileko azken ostegunean elkarteko kide guztiak elkartzen dira.
Aurkezleak Kattalineko kideak taula gainera igoarazi aurretik, elkarteko kideak hizketan agertzen diren bideoa eskaini zuten. Bideoan adierazitakoaren haritik, elkartea sortu aurretik bazen herrian elkar ezagutzen zuten eta gaixotasun bera igaro zuen emakume taldea. Taberna batean biltzen hasi ziren, baina hura ez zen tokirik egokiena. Ana Sanz gizarte zerbitzuetako langilearen bitartez Udalari lokala eskatu eta geroztik Anbrosia Olabiden elkartzen dira.
Omenduak taula gainera igo zirenean txalo zaparrada jaso zuten. Labur hitz egin zuten esker ona adierazteko, “eskerrik asko sari eder honengatik. Jakin ezazuela jarraitzeko
eta laguntzeko prest gaituzuela".
Auditorioan lehen ilaratan eserita zegoen Joxe Mari Olazabal. Hark iaz bezala Kattalinekoak omentzeko merezimenduak irakurri zituen, “elkarteko emakume zareten horiei omentzeko elkartu gara. Arrazoi ugari daude zuen lana baloratzeko eta txalotzeko. Minbizia ahalik eta modu naturalean onartu duzuelako, elkarri lagunduz sentipenak eta emozioak adierazten dituzuelako,...”, merezimenduak banan bana zerrendatu zituen.
Ekitaldiari amaiera emateko Jose Ignacio Munilla gotzaina taula gainera igo zen, antolatzaileei eta omenduei eskerrak emateko, “Caritasi eta Elkarri Lagunduz Kattalin elkarteari, bide batez emakume eta ama guztiei luzatu beharrekoa dena”.
Kattalinekoek omenaldi ekitaldian adierazi bezala, laguntzen jarraitzeko prest daude. Emakume askorentzat lagungarria izan da oso. Adibide esanguratsuena bideoan ikusi ahal izan zen, emakume baten lekukotzan, “elkartean sartu den kide berriena naiz. Kalean diru bilketan ari zirela ezagutu nituen. Une haietan bolada txarrean nengoela igartzen nuen. Haiekin hizketan jarri eta ulertzen nindutela jabetu nintzen berehala. Lasaitu ederra hartu nuen”. Mina konpartitzeko ere baliagarria da Kattalin bezalako elkarte batera gerturatzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!