TXISTORRA, TALOAK, GAZTAINAK, SAGARDOA, TRIKITIXA...
18:00etan irekiko dira Iñistorrak Kontzejupean jarritako txistorra eta herriko baserrietako sagardoa dastatzeko postuak. Era berean, taloak eta gaztain erreekin beste postu bana jarriko da. 20:30ak aldera bukatutzat emango da jaia Gabonetako saskiaren zozketarekin eta Sagardo Txapelketako irabazlearen botila baten enkantearekin. Bertan Lurdes Iriondo musika eskolako trikitilari gazteak jaia alaitzen arituko dira.
GAZTAREN KINIELA
Aurreko urteetako moduan, gaztaren kiniela egingo da azokan, euro baten truke, han jarriko den gaztaren pisua asmatu beharko da. Bere pisua asmatu edo gertuena ibiltzen denak eramango du gazta etxera. Gazta San Juan plazako Kantoin ikusgai dago San Tomas egunera arte, aurrez kiniela bete nahi dutenentzat.
IV. SAGAR TARTA LEHIAKETA
19:00etan Sagar tarta lehiaketa egingo da laugarren urtez. Bertara aurkezteko, aurrez etxean tarta egin eta arratsaldeko 16:00-19:00 bitartean udaletxeko arkupeetara eramatea nahikoa izango da. Parte hartzea irekia da urnietarrentzat zein kanpokoentzat. Partaide bakoitzari txanpain botila bat emango zaio ordainetan, eta irabazleak sari bikaina jasoko du. Ondoren, aurkeztutako tartak dastatzeko aukera emango zaie bertaratzen direnei.
HAMAIKA BASERRITAKO SAGARDOA V. SAGARDO TXAPELKETAN
19:30etatik aurrera burutuko da egun horretako ekitaldirik nagusiena izango dena, V. Urnietako Usadiozko Sagardo Txapelketa. Txapelketa hau, etxerako sagardoa egiten duten urnietarrei zuzendua da. Aurtengo edizioan, hamaika baserrik parte hartuko dute. Goiburu auzotik, Antso, Pagoaga, Milluts, Altzibar eta Montefrio; Oztaran auzotik, Elutseta, Bidegurutzeta eta Gerez; eta Lategi auzotik, Sabordegi, Sorozabal eta Errotaberri. Epaimahaia, urtero bezala, hiru gizonezko eta hiru emakumez osatua izango da.
Aurtengo edizioarekin San Tomas herrian tradizio bilakatzeko urrats berria emango da.