“Ordua iritsi zaidala uste dut, ia gehienetan bezala hasiera eta amaiera bat dago. 34 urte ditut eta Aieten dudan taberna nire gain hartuta, denbora aldetik eskas samar nabil prestaketa saioak egiteko. Ahalik eta ondoen agur esan nahi dut”. Azkena, eta gainera sorterrian. Bistan da berezia izango dela ostiral honetakoa, “Berezia izango da, noski. Sortzez oreretarra, baina Urnietako parte ere banaiz. Neronek aukeratu dut Urnieta agur esateko, eta noski garaipena poltsikoratzen badut ederra izango da”.
Iaz sasoi honetan toki berean egindako borrokaldia ahaztu ezinik dago, “iaz borroka polita izan zen baina garaipenak Valentziara ihes egin zuen. Aurten, bai ala bai, garaipen hoi etxean utzi behar dugu. Aurkaria berez nire gainetik dator kiloei dagokionez, ostegunean ikusiko dugu zehazki zein pisu ematen duen zuzeneko pisaketan. Teknika aldetik badirudi nire azpitik dagoela bano ezin fio. Profesional mailako borrokak beti dira zailak eta, noski, are gehiago etxean jokatuta. Eta agurra izanik, horrek dakarkien presio latzarekin”.
Boxeoa zuzenean ikusi ez duenarentzat aukera polita dela dio Estebezek. Horra gonbidapena, “Sekula izan ez denarentzat, zuzenean ikustea aholkatuko nioke. Beste ikuspuntu bat eramango du etxera, ziur egon”. Zorte on Iban!
Abenduak 20, ostirala.
22:00. Urnietako kiroldegia.