Intxaur pilotalekua jendez bete zen atzo goizean, Zizurkilgo pilota txapelketako finalekin gozatzeko. Goizeko 10:00etan hasi ziren txapelketako partidak, baina aurrez, Ziotza pilota eskolako gaztetxoen norgehiagokak izan ziren gozagarri. Partida politak eskaini zituzten pilotari guztiek. Benjamin mailan, Arrizabalaga eta Arzallus gailendu ziren, Artola eta Zubeldia alebin mailan, Aizkorbe eta Apezetxea infantiletan eta Salaberria eta Mata kadete mailan. Ikuskizun polita eskaini zuten guztiek ere. Ekaitz Saralegi pilotari amezketarrak jarri zien txapela garaileei. Gerturatutako jendeak goiz ederra pasatzeko aukera izan zuen.