Aitor Mendiluze laugarren, saio dotorea eginda

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 16a, 13:02

Atzo jokatu zen Barakaldoko BEC-en Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren final handia. Amets Arzallusek jantzi zuen 2013 urteko txapela eta Maialen Lujanbio izan zen bigarren. Igor Elorzak hirugarren postua lortu zuen eta laugarrena Aitor Mendiluze andoaindarrak. Segidan sailkatu ziren Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina. Bertsolarien aldetik saio dotore bezain indartsua izan zen eta giroa pili-pilean mantendu zen egun osoan zehar. Eskualdeko ordezkariak, Aitor Mendiluzek, oso saio txukuna egin zuen eta horren adierazle, bertsoaldi ezberdinetan ikusleen aldetik jaso zuen bertso zaparrada. Murgiako kanporaketa nahiz Mauleko finalaurrekoan bere lanarekin guztiz gustura geratu ez bazen, arantza aterata eta asebeteta etxeratu zen atzokoan. Zorionak!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!