Andoni Azpillagak irabazi du Euskadi irratiko lehen kopla txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 9a, 19:53

“Behi egoskor bat badugu,
behi egoskor bat badugu.
Esneik ematen ez duna,
Euskadi irratia ez badu
eguneroko laguna.
Eguneroko laguna,
Faktoria du kuttuna.

Behin irratia piztuta,
behin irratia piztuta,
marmita degu gainezka.
Eta behin itzali ezkero
ostiko eta protesta.
Ostiko eta protesta,
hau konformatzerik ez da”.

BECeko finala ikusteko sarrerak azkar batean agortu eta gero, Euskadi Irratiko Faktoria programak lehiaketa martxan jarri zuen, bezperako afaria, gaua bost izarreko hotelean eta finalerako bi sarrera zozketatuz. Lehiaketak izan duen arrakasta egundokoa izan da, 400 lehiakidek WhatsApp bidez bidali baitituzte koplak.
Astelehen eguerdian saridunaren berri eman dute, Uxue Alberdi eta Amaia Agirre epaimahaikideen iritzia aintzat hartuta. Finalera lau kopla iritsi ziren eta horien artean Andoni Azpillaga andoaindarrak irabazi du Euskadi Irratiko I. kopla txapelketa. Manu Etxezortu irratsaioaren aurkezleak herrikideari telefonoz deitu dio programatik zuzenean, sariaren berri emateko eta, bide batez, zoriontzeko. Azpillagak dierazi zuenez, finalisten artean zegoela jakin zuenetik “itxaropenik ez nuen galdu”. Pozarren dago, eta saria emaztearekin gozatuko duela zehaztu zuen, koplak egiten lagundu ziolako gainera. Istorio polita asmatu zuen Azpillagak, behi hura ez baita existitzen: “Gai jartzaileak bertsolariak lanean jartzen dituen bezala, baserritarraren paperean jarri nuen nire burua”. Zorionak!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!