Joan zen ostegunean, Larrañaga eta Murgiondo azpeitiarrek Lizaso billabonatarrari eta Imaz oiartzuarrari erraz, 22-8 irabazi zioten. Bikote galtzaileak erraztasun handiak eman zituen, akats asko eginaz. Lizasok, defentsa erakutsi bazuen ere, errematean txispa gabe ageri zela nabarmendu zen eta azken emaitzan ondorioa izan zuen. Imazek berriz, kolpe bizia duela baieztatu bazuen ere, azpeitiarren sendotasuna ezin puskatu geratu zen.
Bigarren norgehiagokan, Iparraldeko Migueltorena-Aguerre bikotea ez zen kantxaratu. Bi aldiz errepidean galduta, pilotazaleak eta aurkariak hotz utzi zituzten. Hala, 22-0 emaitzarekin Urretabizkaia ikaztegiarra eta Erreka ustariztarra final laurdenetara pasa ziren.
Larunbat honetan, Villabonako Bearzana pilotalekuan II. Antton Pebet memorialeko lehen final laurdenen kanporaketak jokatuko dira.
Partidak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira, lauterdiko Olaizola-Irujo finalarekin tupust egin ez dezan.
Bertan, kategoria bakoitzean une honetan Euskal Herri mailan dauden pilotari onenetakoen jokoaz gozatu ahalko da.
Kadete mailan, Andoaingo Gazteleku taldeko Matxain-Aizpuru bikoteak Alegiko Irazustabarrena-Azpitarte bikotea izango du aurkari. Julen Aizpuru, izatez asteasuarra eta Behar Zana taldeko pilotari ohia, egun kadetetan dagoen pilotari konpletoenetakoa da. Atzelaria, bi esku eder eta kolpe biziarekin, aurrean tantoa ere ederki amaitzen daki.
Jubeniletan, Zizurkilgo eta pasa den asteatik Gipuzkoako txapeldun diren Labaka-Erasun bikotea Alcasena-Mateo bikotearen aurka lehiatuko da. Labaka, errematatzaile bikaina, ikuskizuna ematen du beti. Erasunek, berriz, bere adinerako sendotasuna eta segurantzia handia ditu. Biak ere Behar Zana taldeko pilotari ohiak ditugu.
Beren aurkariak, Iparraldeko Alcasena eta Mateo Lizarrarra izango dira. Mateo, mutil handia, kolpe izugarria duen atzelaria da. Alcasenak berriz lana eta defentsa ditu bere jokoaren ardatz.
Azken eta hirugarren partidan egungo aurrelari onenetakoa den Xabi Urbieta eta Sartagudako Iturriaga, Hernaniko Arrieta-Azpitarte bikotearen aurka lehiatuko da.
Urbieta asteasuarra, ostiralean Euskal Herriko elite mailako 4 1/2ko finala jokatuta etorriko da. Iturriagak, kolpe oso biziko pilotaria, Azpitarteren sendotasuna puskatu beharko du. Arrietak berriz, segurtasuna, defentsa eta kolpe freskoa jarriko ditu kantxaratzean. Partida ederra espero da.